Aitaren kezka bere egin zuen, eta ahizparen bila hasi zen duela urtebete luze. Bakarrik hasieran, SOS Haur Lapurtuak elkartean orain. Presidenteordea da Coro Arrondo (Alesbes, Nafarroa, 1965). Egia jakin nahi du, zabalik dauden ateak itxi ahal izateko.
Noiz hasi zinen pentsatzen ahizpa bizirik egon daitekeela?
Aitak beti izan du hori barruan, alaba lapurtu ziotela. Anaiak eta biok ez genuen serio hartzen. Azken lau urteotan, ordea, aita erabat asaldatuta ikusi dut. Auzia jendaurrean agertu zenetik, gora egin du haren kezkak, eta horregatik hasi naiz ni mugitzen.
Aitarengatik, beraz?
Bai. Hasieran, aita lasai uztea zen nire asmoa. Baina ez nuen sinetsi nahi ahizpa zaharrena lapurtu zidatela. Hori jende anitzi gertatzen zaio: inork ez du pentsatu nahi halako gertaera ilun bateko protagonista denik.
Orain zer uste duzu?
Ikertzen hasi nintzenean konturatu nintzen gauza anitz zegoela gaizki, irregulartasun anitz bazela. Gauzak galdetu, jakin nahi dituzu, eta trabak bertzerik ez duzu aurkitzen. Horrek, noski, susmoak pizten dizkizu.
Zer dakizue ahizpari gertatutakoaz?
Ama 1963. urteko urriaren 8an erditu zen, Iruñeko Ama Etxean. Hil horren 23a bitarte ospitalean egon zen ama. Ahizpa ere ingresatu zuten; 22 egunez egon zen. Amari senda-agiria eman ziotenean, egunero joaten zen aitarekin alaba ikustera. Egun batean alaba ospitalean ez zela erran zieten arte.
Zer erran zieten?
Nire ahizpa hil zela. Ordubetez aritu ziren galdezka, eta informaziorik jaso gabe. Ahizpa inkubagailuan zegoen, baina urriaren 30ean gurasoek ez zuten han aurkitu. Azkenean, hil zela erran zieten. Bertzerik ez.
Alaba ikusi ahal izan zuten?
Ez. Ahizpa, gainera, ez zegoen gaixo. Ez zieten halakorik erran, behintzat. Bi kilo pisatzen zuen jaio zenean, eta horregatik sartu zuten inkubagailuan. Eta egun batetik bertzera, hilik zela erran zieten. Gorpua ikusi nahi izan zutenean, hainbat proba egin behar izan ziotela erantzun zieten, eta ez zela atsegina izanen ikustea. Lurperatzeaz ere haiek arduratu ziren.
Non lurperatu zuten?
Iruñeko hilerrian. Elkarteko kasu guztietan, senitartekoak hilerri horretara eraman zituzten. Udalarena da, eta arazo anitz izaten ari gara: ez digute batere informaziorik ematen. Guretzat urrats garrantzitsua izanen litzateke Iruñeko hilerritik at, herriren batean familia baten hilobian lurperatutako kasu bat izatea.
Zergatik?
Hobitik ateratzea errazagoa izanen litzatekeelako. Iruñeko hilerrian lurperatzen zituzten gorpuak, handik urte batera, hobi komun batera eramaten zituzten. Horrek lurpetik ateratzeko lana zailtzen du. Egin daiteke, baina zailagoa da, eta garestiagoa.
Bertze heldulekurik baduzue ikertzen jarraitzeko?
Ama etxeko agiriak eskatzea izan zen lehen urratsa, eta ez zituztela erantzun ziguten, sute batean erre zirela. Nafarroako Gobernuari egin genion gero eskaera, eta amaren ospitaleko txostena jaso genuen horrela. Ahizparena, ordea, ez. Haur lapurtuen auzia ezagutzen hasi zenean, bat-batean, hainbat agiri agertu zen, eta ahizparen ospitaleko txostena jaso ahal izan genuen. Ez hori bakarrik: ahizparen jaiotze eta heriotza paper sortak lortu genituen.
Eta zer aurkitu duzue agiri horietan?
Jaiotze agiria ezagutzen ez dugun osaba batek sinatu zuen; heriotzari buruzko paper sorta, berriz, amonaren lagun batek sinatuta dago. Ez da batere normala. Hagitz susmagarria da, agiri hori aitak sinatu behar baitzuen. Emakume hori ezagutzen du nire aitak, haren amaren etxean ikusi zuelako noizbait. Iruñean bizi dela badakigu, baina oraingoz ezin izan dugu topatu. Ez dakigu nolatan sinatu zuen emakume horrek agiria. Akaso gure ama bisitatzera joanen zen ospitalera, eta ama han zegoela emanen zioten papera sinatzeko. Ez dakigu. Susmo eta zalantza anitz dugu, galdera anitz erantzunik gabe.
Erantzunak non egon daitezke?
Hagitz interesgarria litzateke, adibidez, adopzioen liburuak ikustea. Gizarte Ongizate Departamentuak du eskumena. Garai hartan adoptatzen zituzten haurrei, normalean, ez zieten izena aldatzen. Nire ahizpak Rebeca izena zuen. Garrantzitsua litzateke garaiko liburuetan bilatzea bertze abizenak zituen Rebecaren bat ote zegoen. Elkarte gisa deus gutxi lor dezakegu, datuak babesteko legea aipatzen baitigute beti. Interesgarria litzateke, halaber, Artzapezpikutzan dauden agiriak ikustea. Zenbait kasutan, adopzioez mojak arduratzen ziren. Elkartean badugu adoptatutako mutil bat. Haren aitak erran digu moja batek gabardinaren azpian eraman ziola umea; kalean eman zion. Non bilatu bada, baina elkartearentzat edo senitartekoentzat zaila da.
Horregatik eskatu duzue erakundeen laguntza?
Bai. Gure esku ez dauden agiriak lortzeko aukera izan dezaketelako, ikerketa egin dezaketelako gure ordez, guk baliabiderik ez baitugu. Erakundeen konpromisoa eta laguntza behar dugu, hau dena argitzeko.
Zer dio zure aitak?
Orain lasaiago ikusten dut. Ikertzen ari garelako. Ahizpa hilda egon daitekeela kontuan hartzeko erran diot nik, aukerarik ez baztertzeko. Agerian gelditu da hemen sare bat dagoela, eta argitu behar da. Egia jakin nahi dugu.
Coro Arrondo. Nafarroako SOS Haur Lapurtuak
«Moja batek gabardinaren azpian eraman zion haurra aita bati; kalean eman zion»
Nafarroako Parlamentuan entzun da asteon SOS Haur Lapurtuak elkartekoen ahotsa. Coro Arrondo da kideetako bat. Ahizpa lapurtu ziotela uste du, eta lanean ari da zer gertatu zen argitzeko. Ez da bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu