Montxo Martinez Antiaren heriotzaren inguruko «bertsio ofizialean gezurrak» daudela frogatzeko lanean ari dira

Martinez Antia oroitu dute Donostian, haren heriotzaren 50. urteurrenaren atarian. GEBehatokiaren zuzendaritzapean ari dira kasua ikertzen, eta urriaren 9an emango dituzte haren inguruko xehetasunak.

Gaur arratsaldeko ekitaldia, Donostian. FOKU
Gaur arratsaldeko ekitaldia, Donostian. FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 12a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren heriotzaren 50. urteurrenaren atarian, Montxo Martinez Antia oroitu dute Donostian. ETApm-ko kidea 1975eko irailaren 18an hil zen, bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste eginda. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, baina, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren gidaritzapean, talde bat lanean ari da «50 urtez zabaldu diren gezurrak banan-banan indargabetzeko». Urriaren 9an emango dituzte horren inguruko xehetasunak, auziaren inguruko dokumental bat eta hitzaldi batekin.

Euskal gatazkaren testuinguruan, maiz urratu dituzte giza eskubideak, eta ehunka heriotza ere izan dira. Horientzat guztientzat «egia, aitortza, justizia eta erreparazioa» eskatu dute, eta hori guztia egin dadila «diskriminaziorik gabe eta salbuespenik gabe».

Izan ere, Egiari Zor elkarteak esan du «indarkeria jakin baten biktimek» hala dagokien aitortza eta baliabideak jaso dituztela, baina salatu du estatuaren biktima gehienen egoera bestelakoa dela: «Urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia azaleratzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erregistratua eta aitortua izan dadin, eta erreparazioa jaso dezan».

Bide horretan, oztopo nagusietako bat bertsio ofizialak dira. Ireki beharreko «kutxa ilun bat», Egiari Zor-en ustez. Hala egiaztatu dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko balorazio batzordeen txostenetan ere. Oraingoz, 66 kasutan frogatu dute heriotzaren inguruko bertsio ofizialak faltsuak zirela, eta «benetako krimenak ezkutatzeko» osatu zirela bertsio horiek.

Zerrenda horretara batu nahi dute Montxo Martinez ere. Bertsio ofizialaren arabera, 1975eko irailaren 18an, bere buruaz beste egin zuen Madrilgo etxebizitza batean, Brigada Politiko Sozial frankista haren eta taldekideen bila sartu zenean.

Lola Calvok eta Iñaki Mozosek, baina, ukatu egin dute bertsio hori, eta azaldu dute Mikel Lejarza El Lobo-k ETAn infiltratzea lortu zuela, eta horren ondorioz gertatu zela Martinezen hilketa. «Salatari makur horrek esandakoak kontuan hartuta, lagun asko atxilotu zituzten Espainiako zerbitzu sekretuek, eta hilketa ugari ere gertatu ziren horren ondorioz. Horien artean, Montxorena», esan dute.

Hala, azaldu dute polizia operazio hartan Martinez hil eta beste hamalau lagun atxilotu zituztela, eta harekin lotu dute Poliziak Bartzelonan egindako beste operazio bat ere: irailaren 20an, ETAko militante Andoni Campillo hil zuten. «Bi erasoen modus operandi-a berdina izan zen: etxebizitzako atea kisketaz itxia zegoenez, Polizia ezin izan zen isilka sartu etxeko giltzak eduki arren. Ondorioz, sarrerako ateak metrailatu ondoren, granada su-eragileak bota, eta barruan zeuden militanteen aurka tiro egin zuten», azaldu dute. Han ere, bertsio ofizialaren arabera, Campillok bere buruaz beste egin zuen.

Egiari Zor-en esanetan, ez da erraza bertsio horiei kontra egitea, baina «gezurraren zama» soinean eramateak birbiktimizazioa eragiten du, eta, horregatik, «ahalegin guztiak» egin behar dira horri aurre egiteko.

Bide horretan, Calvoren eta Mozosen esanetan, bada non heldu. Azaldu dute Poliziaren eta epaitegien txostenetan, lekukoen deklarazioetan eta peritu txostenetan nahikoa elementu jaso zituztela bertsio hura «faltsutzat» jotzeko, eta azken hilabeteetan «lan handia eta isila» egin dela «bertsio ofizialean gezurrak» daudela frogatzeko. Horiei erreparatuko diete urriaren 9an egingo duten aurkezpenean, Donostiako Egia auzoko Gazteszenan. «Egia osoa jakiteko garaia gertuxeago dugu», adierazi dute ekitaldian.

Begirunea

Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideen eta Humberto Baena, Jose Luis Sanchez eta Ramon Garcia FRAPeko militanteen fusilamenduak baino egun gutxi batzuk lehenago jazo ziren Martinezen eta Campilloren hilketak. Udan Txikiren eta Otaegiren aitortzaren ingurukoek sortutako polemikaren harira, Egiari Zor-ek zenbait jarrera txarretsi ditu, bi militanteen «duintasunari» eraso egiten diotelakoan.

Zuzenean erreparatu die Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariaren hitzei, haiek «desegokiak» eta «arriskutsuak» direlakoan. Gogora-ko buruak esan zuen Txikik eta Otaegik «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zutela, eta, ondorioz, ez direla «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu behar. 

Adierazpen horiek, baina, «erregimenaren oinordekoen diskurtsoa» indartzen dute, Egiari Zor-en ustez, eta biktimek egia, justizia, erreparazioa eta memoriarako duten eskubidearen inguruko adostasunaren kontra ere egiten du. «Gure ustetan, hierarkia biktimologiko bat sortzea da batzuen helburu, biktimak biktima onen eta txarren artean kategorizatuz», salatu dute, eta gehitu horrek berarekin dakarrela estatuaren biktimak «gutxiagotzea» eta krimen horien erantzukizuna «lausotzea».

Hori dela eta, Egiari Zor elkarteak instituzioei eskatu die «begirunez eta neurriz» jokatzeko «kontakizun bakarra inposatzeko ahaleginean» ari direnen aurrean: «Ez ditzagun eraitsi azken urteotan desberdinen artean eraikitako zubiak». Izan ere, argudiatu dute iragan hurbilari eta indarkeriari erreparatzean badirela «arinkeriaz» jorratu behar ez diren gaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.