Monzon-Ganuza saria sortu dute, eta lehena Libe Goñik jasoko du

Saria emateko ekitaldia martxoaren 9an izango da, Monzonen heriotzaren 40. urteurrenean

Ezkerrean, Libe Goñi, aldamenean Paxkal Indo eta Argitxu Noblia dituela, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIKELESTORENA.
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak Monzon-Ganuza saria sortzea erabaki dute, «Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana» eskaini dioten herritarrak omentzeko, eta Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak ordezkatu zituzten balioak sustatzeko, hala nola «herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroak euskal historian izan duen garrantzia eta batasunaren balioa». Sariaren berri emateaz batera, antolatzaileek iragarri dute nork jasoko duen 2021eko saria: Libe Goñi Garate Seaskako andereño historikoak.

Libe Goñi Garatek (Oteitza, Nafarroa, 1947) 1960ko hamarkadan ekin zion euskara irakasteari, Elbira Zipitriarekin eta Karmele Esnalekin batera, eta Andoaingo ikastolako zuzendari ere izan zen gero, baina 1969an Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen.

Argitxu Nobliarekin batera, Ipar Euskal Herriko ikastolen mugimenduko aitzindaria izan zen, eta irakasle lanetan aritu zen erretiroa hartu zuen arte, ikastolen mugimenduaren aldeko beharrean eta euskal kulturaren sustapenean jarduteaz batera.

Sariaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Goñik 1969an etxetik ihes egin behar izan zuen, baina hori ez zen izan euskal gatazka politikoaren ingurumarian pairatu behar izan zuen «orbain» bakarra, 1985ean Guardia Zibilakatxilotu eta Bidasoan hilik agerturiko Mikel Zabaltza gaztea Libe Goñiren senitartekoa baitzen; «zauria itxi gabe dago», erantsi dute.

Olaso Dorrea fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola Arribillagak azaldu du aurten 40 urte beteko direla Telesforo Monzon hil zenetik, eta horregatik erabaki dute «Monzonek eta Ganuzak bezala bizitzaren ardatz nagusi Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan dituztenak omentzeko sari bat» abian jartzea. Saria emateko ekitaldia martxoaren 9an izango da, Monzonen heriotzaren urteurrenean, Bergaran.

Aurrerantzean, saria urtero ematea erabaki dute Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak. Bi erakundeek batzorde bat izendatuko dute, urtero saria nori eman erabakitzeko, eta lau urterik behin berritu egingo dute.

Saria artelan bat izango da, «Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat», eta euskal artista berriei bultzada emateko asmoz, urtero euskal artista gazte bati eskainiko diote artelana diseinatzeko aukera.

Telesforo Monzon eta Josefa Ganuza senar-emazteen bizileku izandako Olaso dorrea eta han dagoen ondarea kudeatzeko sorturiko elkartea da Olaso Dorrea fundazioa, Monzonek berak bere garaian adierazitako nahiari jarraikiz eratua. 1936ko gerraren ostean, frankistak dorreaz jabetu ziren, eta, erakunde falangisten egoitza bilakatzeaz gain, hango altzari batzuk hartu eta eraman egin zituzten Donostiako Aieteko jauregira, hura baitzen Francisco Franco diktadoreak udak emateko aukeraturiko lekua.

Monzonek idatzita utzi zuen dorrea «Euskal Herriari eta Bergarari» utzi nahi ziela, eta, etxearekin batera, han dagoen biblioteka eta artxibo joria ere bai. Dorrea 1982an gelditu zen Olaso Dorrea fundazioaren esku.

Bisita gidatuak

Monzon-Ganuza saria Olaso Dorrea fundazioaren eta Bergarako Udalaren arteko elkarlanaren emaitza izan da, baina, Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik azaldu duenez, ez da fruitu bakarra izango. Bi erakundeek izenpetutako hitzarmenaren ondorioz, aurrerantzean Olaso dorrea eta han dagoen ondarea bisitatzeko aukera egongo da. Hilean hiru bisita eskainiko dira.

Olaso dorrea 1494an eraiki zuten, eta han, Monzon eta Ganuzaren liburutegi eta artxibategiaz gain, Georges Lacombe euskalari eta euskaltzainaren artxiboa, Anai Artea elkartearena, Piarres Lartzabal idazlearena eta beste zenbait ere badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.