Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok, ETBri egindako adierazpen batzuetan, esan du saila aztertzen ari zela Zaldibarko hondakindegiaren jabe den Verter Recycling 2002 enpresari txostena egin eta hura zigortzea, 2019ko uztailean egindako azterketa batean zenbait «irregulartasun» atzeman zizkietelako.
Zehazki, azpiegitura aztertu zuten teknikariek ikusi zuten zabortegiko tximinietako batek ez zituela metano isuriak egoki neurtzen, baimendu gabeko materialak bota zituztela hondakindegira «kopuru txikietan» izan bazen ere, eta baimendu gabeko betetze lanak ere egin zituztela.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak agiri bat plazaratu du Zaldibarko luiziaz, eta amiantoaren auzian zehaztu du Verter Recycling 2002 SL enpresak, zabortegiaren kudeatzaileak, Europako araudia betetzen duela produktu arriskutsu hori biltzeko. Ingurumen baimen bateratua (IBB) eman zion Jaurlaritzak 2007an zabortegia irekitzeko, eta baimen horren barruan dago amiantoa biltzekoa, betiere Europaren araudien barruan, Jaurlaritzak adierazi duenez. Bilketa datuak ere ematen ditu, eta iaz, esaterako, 4.235 tona amianto sartu zituzten zabortegian. Zehaztu ez duena da amiantoa hondakin arriskutsuak ez direnekin nahasian zegoen edo ez. Izan ere, BERRIAk jakin duenez, nahastuta zeuden amiantoa eta beste hondakin batzuk. Hara amiantozko materialak eraman dituzten garraiolari batzuen bidez jakin du kazeta honek material hori ez zutela uzten aparteko ziega batean.
Ingurumen Sailak dio ikuskaritza lanak egin izan dituela zabortegian urtebete eta hiru urtetik behin, eta berriz ere Europako araudia betetzen ari dela dio arlo horretan ere. Onartu du iazko urriaren 19an egin zuela azkenekoa, eta ikusi zela bazela zabortegian zer aldatu eta hobetu, baita "konpondu" ere. Enpresari eskatu zion irailaren 16an txosten osagarriak aurkezteko, eta Verter Recycling enpresak urriaren 11n egin zuen hori. Jaurlaritzak dio "zabortegia etorkizunean zigilatzeaz ari den informazioaz gain", beste txosten bat ere aurkeztu zuela enpresak, espezializatutako enpresa batek egina [ez du izena zehazten].
Ingeniarien txosten horretan esaten da zabortegia "egonkorra" dela, eta Eusko Jaurlarizak ezarritako egonkortasun irizpideen barruan dela "zabortegia betetzeko dinamika berarekin segituz gero". Gomendio batzuk ere ematen dizkio enpresari ingeniari taldeak; besteak beste, aldapan dauden lurzatiei egonkortasuna emateko, hondakinak hobeto babestu beharko lituzketela ura ez filtratzeko.