Euskal Herriko haur eta nerabe askoren motxiletatik harri koskorrak kenduz joateko urratsa izan da. Barruak husteko eta bizitakoa kontatzeko pausoa. Sarek espetxe politikaren inguruan Gasteizen antolatutako jardunaldien bigarren egunak aukera eman du haur motxiladunen errealitatea gertutik ezagutzeko. Gurasoren bat edo biak kartzelan dituzten haurren egoeraren argazkia osatzeko.
Hiru lekukotzak eskaini dute aukera hori Goiuri jauregiko topaketan: Peru del Hoyok, espetxean hil zen Kepa del Hoyoren semeak; Maite Diaz de Herediak,espetxean ama izanzen preso ohiak; eta Kontxi Ibarretak, Sara Majarenas euskal presoaren ama eta Izarren amonak. Sakabanaketa eta urrunketa politikak modu gordinenean jasaten dituzten haurren egoera ezagutarazi dute lehenik, Motxiladun umeak dokumentala proiektatuta. Horren ostean, hitza hartu dute solaskideek.
Jakina da urruntze politikak gauza asko kentzen dizkiola presoaren sendiari, eta are gehiago ume bati. Hori ongi dakiela azaldu du Peru del Hoyok, aita ere kendu ziolako abuztuan. Hunkituta mintzatu da, bizitakoa oroituta. «Aita hil baino hiru hilabete lehenago ikusi nuen azken aldiz bisitan». Azaldu du bisita egokitzen zitzaion asteburuan bere musika taldearekin kontzertua jo behar zuela, eta aukeratu behar izan zuela: aita ikusi ala taldearekin jo. Hautatu behar izatea da, haren esanetan, «zigorrik handiena» gurasoren bat espetxean duten haurrentzat. «Nik ez nuen aita ikustea aukeratu, eta ezin izan nuen gehiago ikusi».
Del Hoyok salatu du «moralaren aurka» doala XXI. mendean horrelako «bidegabekeria» bat egotea, eta haurrek ez dutela merezi halako «zigor» bat pairatzea.
Konpromiso eske
Maite Diaz de Heredia gasteiztarra 2001ean atxilotu zuten, Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako sarekadan, eta 2004ko otsailean Harri semea izan zuen espetxe barruan. Azaldu duenez, urte askoan bere semeari motxilaren zama «arintzen» saiatu dira senide eta lagunen artean, baina, hala ere, zama horrek oraindik pisatzen diola uste du. Egun, aita kartzelan du Harrik, eta espetxea bere bizitzaren parte bat bada ere, «kontraesanak», «minak», «etsipenak» eta «barne borrokak» eragiten dizkiola dio Diaz de Herediak. Uste du badela garaia haurren motxiletatik «harri batzuk kentzeko», eta zama «arintzeko». Horretarako, konpromiso gehiago hartzea eskatu du.
Ibarretak ere haur motxiladunen egoera «bidegabeaz» ohartarazi du. Gogora ekarri du Sara eta Izar Madrilgo zentro batean daudela martxotik, eta egoera «amorragarria» dela. Aitortu du badakitela ez dituztela Euskal Herrira hurbilduko, eta bere alabak osorik bete beharko duela zigorra. Hala ere, Izarren sufrimendua ezin dela errepikatu esan du: «Beharrezkoa da hau behingoz amaitzea».
Motxila «arintzeko» saioa
Gurasoren bat edo biak preso dituzten haurren bizipenak kontatu dituzte Peru del Hoyok, Maite Diaz de Herediak eta Kontxi Ibarretak, Sare-ren jardunaldietan. «Harri batzuk kentzeko garaia da», ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu