Mozketak ezarriko dituzte Nafarroan, nahiz eta txosten batek auzitan jarri

Parlamentuko zerbitzu juridikoek adierazi dute hezkuntzako mozketek urratu egiten dituztela Nafarroako eskumenak

Ikasle Abertzaleetako kideak, protestara dei egiten, atzo. IÑIGO URIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hezkuntzako murrizketak auzitan jarri ditu Nafarroako Parlamentuaren txosten batek: adierazi du Espainiako Gobernuaren dekretuak urratu egiten dituela Nafarroako Gobernuaren eskumenak. Maisu-maistren lanorduak antolatzeari eta ordezkapenak egiteko moduari buruzko eskumenak dagozkio Iruñeko gobernuari, eta Madrilek arautu nahi ditu —eskola ordu gehiago jarriz eta ordezkapenak atzeratuz—. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, ordea, argi erantzun du murrizketak egin egingo dituztela helegite bat jarrita ere.

Parlamentuko zerbitzu juridikoek egindako txostenaren berri izanda, murrizketen dekretuaren aurka helegitea jartzeko eskatu diote PSNk, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak gobernuari. Aurrerabiderik ez du eman, ordea, UPNk, eta harekin bat egin du PPk. Beste txosten bat eskatuko dute: oraingoa, Eskola Kontseiluari. Hala ere, Iribasek aurreratu du murrizketak ezarri egingo dituztela, eta konparaketa hau egin du: «Legeak bete egin behar dira, isunak pagatu bezala, helegitea jarrita ere».

Gaur, bigarren lanuztea

Atzera egiteko asmorik ez du, eta gaur beste lanuzte bati egin beharko dio aurre. Joan den asteartean egindakoak jarraipen handia izan zuela onartu zuen gobernuak, baina berean segitu du Iribasek. Sindikatuen aurka egin du: «Batzuk erabat lotuta daude talde abertzaleekin, eta ezinezkoa da hurbilketa txikienik ere egitea haiekin».

Gaurko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Ikasle Abertzaleek. Protestetan izaten ari den batasuna goraipatu dute: «Alor politikoan egindako erreformen aurka ez dugu adostasun jarrerarik ikusi, zoritxarrez. Baina ibilbide honetan bateratasun eta indar guztiekin elkarrekin borrokatzen ari gara murrizketen aurka». IAren ustez, murrizketak ez dira erabaki bakanak; ohartarazi du hezkuntza eredua azken urteetan oro har moldatzen ari direla enpresen mesedetan. Horren kontra protestan ari diren ikasleek jasandako «errepresio bortitza» salatu dute; joan den asteartean manifestarien aurka oldartu ziren poliziak.

Sindikatuen adostasunarekin, eta ikasleen eta gurasoen elkarteen babesarekin, egingo dute gaurko protesta ere. Gutxieneko zerbitzuak izango dira —eskoletan hiru langiletik bat joango da lanera; institutuetan, lautik bat—. Manifestazioa dute Iruñean, eguerdian, autobus geltokian hasita.

Gaurkoa ez da aste honetako greba bakarra: etzi, sektore publiko guztirako deia egina dute Nafarroan. Sindikatuen arabera, Iruñeko gobernuak 2.000 langile publiko baino gehiago bota nahi ditu kalera urtea amaitu aurretik; erdiak inguru, hezkuntzan. Gobernuak dio ez direla hainbeste, baina ez du zenbakirik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.