Mozketak irizpide medikoen arabera egiteko eskatu dute

Espainiako Laguntzaren Kalitaterako Elkartearen 30. Kongresua egiten ari dira egunotan Euskalduna jauregian

Gasteizko farmazia batean, bezero bat botikak erosten. JUANAN RUIZ / ARP.
Bilbo
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Osasun sisteman egin beharreko murrizketa ekonomikoek irizpide medikoen araberakoak izan behar dute, atzo Emilio Ignacio SECA Espainiako Laguntzaren Kalitaterako Elkarteko presidenteak ohartarazi zuenez. Haren iritziz, Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako gobernuek osasun zerbitzuetan hartu dituzten neurriak «politikoak» dira. Horrek herritarrei kalte egiteaz gain osasun sistemari berari ere eragingo diola uste du. «Maila politikotik harago, ikuspuntu profesionaletik eta teknikotik, ados jarri beharko lirateke, eraginkortasunik eza nondik datorren ikusteko, eta sistemaren kalitatean eragin gabe murrizketak non egin daitezkeen adosteko». Adierazpenak atzo egin zituen, Bilboko Euskalduna jauregian.

Espainiako osasun sistemaren bideragarritasuna bermatzeko hainbat neurri hartu beharra dagoela nabarmendu zuen Ignaciok. Hala nola lanpostuen zerrendak eraginkortasunari begira berrantolatzea, adinari begira egin beharrean. Horrekin batera, langileen soldataren zati batek eraginkortasunaren araberakoa izan beharko lukeela zehaztu zuen. Gaixoen segurtasunean aurrerapausoak ematea ere beharrezkotzat jo zuen, kontrako eraginak eta horiei lotutako «gainkostuak» saihesteko.

Botikak «zentzuz» agintzea

Botikak hartzeko orain arteko medikuen aginduak ere kritikatu zituen Ignaciok. «Sendagaiak zentzuz agindu behar dira», azaldu zuen, «aginduak irizpidez egingo bagenitu, baliteke murrizketarik aplikatu behar ez izatea». Izan ere, azaldu zuen bezala, «Espainia munduko bigarren botika agintzailea da».

Alberto Colina Espainiako Laguntzaren Kalitaterako Elkarteko Kongresuko presidentearekin batera agertu zen Ignacio prentsaurrekoan, egunotan Euskalduna jauregian egiten ari diren 30. kongresuaren berri emateko. Laguntzaren kalitatea: osasun sistema iraunkorra izateko gakoa lelopean, atzotik eta bihar artean, osasun sistemaren «eraginkortasuna» bideratzeko neurrien inguruan arituko dira Euskal Herritik eta nazioartetik heldutako 600 aditu. Batez ere, hiru ardatz jorratuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta tailerretan: kronikotasuna, gaixoen segurtasuna eta osasun sistemaren bideragarritasuna.

Kronikotasunari tarte berezia emango diote, gainera; izan ere,2050. urtean Hego Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako herritarren %30 inguruk 65 urtetik gora izango dituzte, azaldu dutenez. Talde horretan daude gaixo kroniko gehienak, eta osasun sistemak, kalitateari eutsi eta ekonomikoki bideragarri izateko, bide berriak topatu behar ditu. Hori izango du etorkizuneko erronketako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.