Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Mozketei buruz ez ezer esatea egotzi die Basagoitiri eta Urkulluri Lopezek

PSE-EEren hautagaiak uste du independentzia gaiekin «bueltaka» ari direla EAJ eta PP, hala krisiaz ez hitz egiteko

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bere burua murrizketei aurre egingo dien hautagai bakar gisa aurkezten jarraitzen du Patxi Lopezek, PSE-EEren lehendakarigaiak. Eusko Jaurlaritzan egin duen ibilbidea frogatzat hartuta, «beste kudeaketa bat» agindu du. Mozketarik gabeko kudeaketa. EAJk eta PPk beste asmo batzuk dituztela ohartarazi die herritarrei: «Independentziarekin bueltaka ari dira etengabe, inork mozketei buruz hitz egin ez dezan».

Gasteizera, Abetxuku auzora, joan zen atzo Lopez. Tranbia eraman du hara PSE-EEk. Gisa berean aritu da azken egunetan Lopez: ostiralean, kasu, Donostian egin zuen mitina, Intxaurrondon, Donostialdeko Metroaren geltokian.

EAJren eta PPren kontrako hitzak izan zituen Lopezek Gasteizen. Hiria garatzearen aurka egotzi zien Iñigo Urkulluren eta Antonio Basagoitiren alderdiei. Tranbia bera jarri zuen horren adibide: «Proiektu horrek porrot egitea nahi izan dute EAJk eta PPk. Bagenekien obrei oztopoak jartzen saiatuko zirela, eta hori egin dute. Baina porrot eurek egin dute». Besteak beste, Arabako Diputazioarekin (PP) izan ditu gorabeherak Jaurlaritzak. Tranbiaren lanak ez dagozkiola eta, aldundiak uko egin dio zati bat ordaintzeari.

Tranbia martxan dagoela, herritarrek zerbitzua badaukatela nabarmendu zuen Lopezek, geltoki inguruan paseotxoa egin eta gero. «Sinbolo bat da hau. Abetxukurekin, Gasteizekin eta Arabarekin dugun konpromisoaren sinboloa». Udala eta diputazioa, biak daude PPren esku. Lopezek salatu du, ordea, PP bera ari dela proiektuak gerarazten Araban: Gasteizen trenbidea lurperatzeko plana etenda eta Forondako aireportua egunez itxita, adibidez.

Gizarte laguntzetan irizpideak gogortzearen alde behin eta berriro ari da Javier Maroto Gasteizko alkatea. Kritika egin dio Lopezek: «Populismo xenofoboaren bandera astintzen ari da etorkinen aurka». Jaurlaritzak «guztien solidaritatetik probetxu ateratzen saiatu direnak» geldiarazi dituela esan du PSE-EEren hautagaiak.

«Elkarri laguntzen ari dira»

Kontu horiei buruz, ordea, hitz egin nahi ezik daude EAJ eta PP, Lopezen iritziz. «Araban hori ari da gertatzen: EAJk eta PPk ez daukate proiekturik herrialde horrentzat. Ez zaie interesatzen Araba modernizatzea eta garatzea».

Krisiaren eraginari eta murrizketei buruz jakin nahi dute herritarrek, Lopezen iritziz. Horretan ari da oinarritzen PSE-EE: Jaurlaritzan orain arteko bidean jarraituko lukeela Lopezek, mozketei aurka eginez. «EAJ eta PP, berriz, pozik daude bata bestearekin. Elkarri laguntzen ari dira: abertzaleak, independentziaren gaiari bueltaka, eta PP, suari egurra botatzen, 'espainiartzeaz' mintzo».

Eztabaida horiek murrizketei buruz ez aritzeko aitzakia direla ohartarazi du Lopezek: «PP artaziak sartu eta sartu ari da, eta EAJk zazpi giltzarekin lotuta dauzka mozketak». Iragarri du kontra egingo diela PSE-EEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.