Muga kontuetan, zaharrak berri

Mugaren gaia mahai gainean jarri dute Elena Casiriain, Rosa Arburua, Benjamin Duinat eta Larraitz Fagundezek. Mugan bizi direnen bizipenetan jarri dute arreta.

Mahai inguruan Rosa Arburua, Elena Casiriain, Benjamin Duinar, Larraitz Fagundez, Aitzpea Leizaola. Gaur, San Telmo museoan, Donostian. JON URBE / FOKU
Mahai inguruan Rosa Arburua, Elena Casiriain, Benjamin Duinar, Larraitz Fagundez, Aitzpea Leizaola. Gaur, San Telmo museoan, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 15a
17:30
Entzun

Atzo Irunen hasi zen Korrika, eta 36. kilometroan iritsi zen Santiago zubira, Bidasoa ibaia gainetik zeharkatzen duen zubia, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko pasabidera. Han hartu zuten lekukoa Bidasoa Etorkinekin eta Irungo Harrera Sarea elkarteek. Muga funtzioa betetzen du zubi horrek, eta mugek zerikusi zuzena dute zeharkatzearekin: topaketa gune ere badira, baita bestetasunaren gune ere. Mugaren definizio klasikoak lurraldearen muga bati erreferentzia egiten dion arren, zenbaitetan naturala dena —itsasoak eta mendiak—, gehienetan eraikia izaten da —horma edo hesi bidez—.

Mugen inguruko egungo errealitateaz gogoetan, eta, muga, finean, zer den definitzen aritzen diren lau hizlariren artean, askotarikoak gertatzen dira edukiak, kontzeptuak eta ideiak. Hain zuzen, Mugako egungo errealitatea, zaharrak berri? izenburupean aritu dira solasean Elena Casiriain antropologian doktoregaia, Rosa Arburua pedagogiako EHUko irakaslea, Benjamin Duinar historiako Paueko unibertsitateko irakaslea eta Larraitz Fagundez antropologian graduatua. Ankulegi Euskal Herriko Antropologia Elkarteak eta EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak antolatuta, XXVI. Ankulegi Jardunaldiak egin dituzte San Telmo museoan, Donostian.

«Historian atzera eginda, muga beti izan da kontrol tresna bat. Estatua noraino iristen den markatzen du muga batek». Duinarrek oso garbi dauka muga beti kontrolarekin lotuta egon dela. Hala ere, azaldu du Euskal Herrian beste lekuetan baino beranduago nabaritu zutela herritarrek mugaren eragina: «XVIII. mendeko bigarren zatian hasi ziren mugaldeko jarduerak kontrolatzen».

Izan ere, Duinarren ustetan, mugaldeen jarduerak kontrolatzeko sortu zituzten mugak, hein handi batean. Maiz, muga «marra batekin» adierazten da; historian zehar, ordea, «zona batekin irudikatu ohi izan da muga».

Arburuak hartu dio lekukoa berehala: «Muga herritarrak kontrolatzeko modu bat izan da, baina aukera bat eman zien bertan bizi zirenei; hain zuzen, aukera eman zien kontrabandoa egiteko. Mugaldean bizi zirenek gau lanean eta isilpean pasatzen zituzten lehengaiak alde batetik bestera». Arburuak erantsi du, lehengaiak pasatzeaz gain, pertsonei ere laguntzen zietela muga zeharkatzen; batez ere, portugaldarrei.

«Mugaren inguruan hainbat bestetasun dinamika ikusten dira, eta, horren ondorioz, botere dinamika sortzen da».

ELENA CASIRIAINAntropologian doktoregaia

Izan ere, 1960ko eta 1970eko urteetan Nafarroatik eta Gipuzkoatik Lapurdira igarotako portugesen migrazioa ikertu zuen Arburuak. Hamar urtean, milioi bat pertsona inguru pasatu zirela erantsi du: «Portugalgo populazioaren %10 igaro zen Iparraldera». Frantziaren eta Espainiaren arteko mugaldean bizi ziren euskaldunak izan ziren «portugaldarren mugalari nagusiak». Euskaldunek laguntza handia eskaini zieten garai hartako migratzaileei. Txikitatik entzun ditu Arburuak kontrabandisten istorioak: «’Handitan kontrabandista izango naiz’ esaten nuen behin eta berriz txikia nintzela». Entzuleei barrea eragin die.

Estatuen erantzukizuna

Bizipen politez atondutako istorioez gain, miseria handia ere bizi izan zuten Euskal Herriko mugetako kontrabandistek. Arburuak azaldu du Portugalgo hainbat iheslari ere hil zirela bai Bidasoan eta bai Nafarroako mendialdean; «mugalariak ere tirokatu eta atxilotu zituzten».

Eta, horra iritsita, aktualitateko erreferentzia batek hartu du eztabaidaren ardatza: gaur egun, Hegoaldetik Iparraldera pasatu nahi duten migratzaileen auziak. Fagundezek Irungo Harrera Sareari buruz egin zuen bere gradu amaierako lana, eta hango egoera azaldu du: «Egunero dozena bat pertsona daude harrapatuta Irunen, eta ez daukate inongo baliabiderik. Alde batetik, muga horrek ez du betetzen Schengengo Ituna; bestetik, kontrolerako teknologia gero eta berriagoa da, eta horrek bete-betean eragiten dio migratzaileen kontrolari».

«Arazoa berdin-berdina da, eta, 1970ean eta orain, gobernuek erantzun bera ari dira ematen».

ROSA ARBURUA Pedagogiako EHUko irakaslea

Muga hori muga arrazista dela iritzi dio Fagundezek: «Schengen eremu barruan egonagatik ere, arrazan oinarritutako hierarkia globalekin egiten du topo gure mugak». «Eremu naturalak baliatzen dituzte» muga politika diseinatzen dituzten agintariek. Fagundezek ondorioztatu du miseria handienaren aurrean «heriotza naturalaren aitzakia» erabiltzen dutela estatuek.

«Mugaz gaindi»

Casiriainek ere heldu dio gaur egungo migrazioaren hariari: «Mugaren inguruan hainbat bestetasun dinamika ikusten dira, eta, horren ondorioz, botere dinamika sortzen da». Euskaldunek muga «zerbait ilunarekin» lotzen dutela, baina, aldi berean, mugaz gaindiko guztia nahi dutela, «modan dago mugaz gaindikoa egitea». Casiriaini hori paradoxikoa iruditzen zaio.

Egoera horri arrazoia bilatu nahian, Casiriainek gaineratu du mugaldean bizi direnek iraganari —kontrabandoari— eta etorkizunari —beste herrialdetako jendearekin harremanak izateari— erreparatzen dietela. Haren ustetan, gaur egungo migratzaileen gaia ez da aipatzen: «Mugaldean ez da migrazioaren gaia aipatzen, gure muga ez da migrazioaren muga. Gure muga kontrabandisten istorioen eta Euskal Herria zatitzen duen mugarena da».

Eta Fagundezek osatu du diagnostikoa: «Garai batean kontrabandoak eta euskarak batu zituen mugaren bi aldeak. Gaur egun mugaldean sortzen diren sare berrien jardunean jarri beharko litzateke fokua». Arburuak erantsi du gaur egungo gobernuak arduratu beharko liratekeela: «Arazoa berdin-berdina da, eta, 1970ean eta orain, gobernuek erantzun bera ari dira ematen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.