Memoria historikoa. Ijito herriaren historia. Rafael Jimenez. Gietije ijito elkarteko kidea

«Muga pasatu eta gero, ijito asko ijito izateagatik atxilo eramaten zituzten»

Euskal Herriko ijitoek 36ko gerran eta frankismoan jasan zuten egoerari buruzko dokumentala egin du Gietije elkarteak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gietije Gipuzkoako Etorkizunerako Ijito Elkarteko kidea da aspalditik Rafael Jimenez (Gasteiz, 1968). Ijito oroimena. Gerra zibila eta diktadura Euskal Herrian dokumentalaren koordinazio lanetan aritu da Jimenez.

1936ko gerran eta frankismoan ijitoek bizi izan zutena ez da kontatu orain arte. Nolakoa izan zen garai hura Euskal Herriko ijitoentzat?

Txarra izan zen jende guztiarentzat. Are txarragoa herri ijitoarentzat. Ijitoak beti egon dira gizartean baztertuak. Gerra garaiaz kontatu izan digutena gure belaunaldiko beste herritarrei kontatu dietenaren parekoa izan da, baina gogorragoa: gosea, hotza, gazteen heriotza tasa handia... Antzeko egoerak, baina are larriagoak.

Testuliburuetan eta bestelako edukietan ez da ageri 36ko gerran ijitoek bizi izan zutena. Egin duzuen dokumentalak aukera bat ematen du errealitate hori islatzeko. Garrantzitsua da zuentzat, ezta?

Bai. Eta gure ikuspuntutik kontatu dugu. 36ko gerraren gaian gure parte hartzea ez da inon ageri, baina historiako beste gaia guztietan ere ez. Hori da kontua. Testu liburuetan, esaterako, hainbat kulturaren aipamena dago, baina ez da ijito herriaz ezer ageri. Eta agertzen denean, ez du zerikusi handirik errealitatearekin.

Dokumentalean bada zuzeneko testigantza bat, Dolores Etxeberriarena. Zer zailtasun izan dituzue testigantzak lortzeko?

Adineko ijitoak bilatu ditugu. Zoritxarrez, oso gutxi dira 36ko gerra ezagutu zuten Euskal Herriko ijitoak. Kontuan izan behar da ijitoen bizi-itxaropena dezente txikiagoa dela ijitoak ez direnena baino. Denborak aurrera egin ahala, bizirik daudenen testigantza guztiak galduko ditugu. Dolores Etxeberria aurkitu genuen Hernanin, eta ijitoak garelako lortu genuen haren testigantza jaso ahal izatea. Maitasunez hartu gintuen. Konbentzitzea kosta zitzaigun arren, bere oroitzapenak kontatu zituen kamera aurrean, gaztelaniaz eta euskaraz.

Gainontzeko testigantzak 36ko gerra bizi izan zutenen seme-alabenak dira, ezta?

Bai, gerraostea bizi izan duten pertsonen hitzak bildu ditugu. Ijitoen kulturan gauzak ahoz aho kontatzeko tradizioa dago. Gerra bizi zutenek esperientziak kontatu zizkieten seme-alabei. 60 urte inguru dituzten pertsona horien kontakizunak nahiko zuzenekoak dira, gurasoek hitzez hitz kontatutakoa azaldu digutelako. Oso benetakoak dira testigantzak. Ijitoen artean ahoz ahoko tradizio hori galtzen ari da, eta gure elkartearen lanen artean dago hori gordetzen saiatzea.

Lanaren aurkezpenean, Naiara Sampedro Donostiako aniztasun zinegotziak esan du ijitoek bazterketa bikoitza jaso behar izan zutela.

Bai, hala da. Ijitoak beti izan gara gaizki tratatuak, ijito izateagatik. 36ko gerrako kontakizunean ijitoak alde batera utzi diren arren, ijitoak parte hartzera behartuta egon ziren. Beraz, gerran ijitoek bazterketa jasan zuten alde batean edo bestean egoteagatik, eta ijito izateagatik.

Dokumentala pauso bat al da 36ko gerra beste ikuspuntu batzuetatik begiratzen hasteko?

Gerra garaiaz eta gerraosteaz gauza asko daude oraindik plazaratzeko modukoak. Dokumentala egiterakoan, adibidez, jakin genuen ijito askok Bidasoko muga pasatzen zutela ihesa, eta gero Frantzian ijito izateagatik atxilotzen zituztela. II. Mundu Gerraren garaian, kontzentrazio esparruetan sartu zituzten ijito asko, Frantziako hegoaldean. Preso gehienak askatu zituzten gero, ijitoak izan ezik.

Ijito oroimena. Gerra zibila eta diktadura Euskal Herrian lana datorren astean estreinatuko dute Donostian. Izango al da beste modurik dokumentala ikusteko?

Bai, gure elkartearen webgunean doan hartu ahalko da: www.agifugi.org. Pentsatzen dugu kulturak librea izan behar duela. Liburutegietan eta filmategietan banatuko dugu. Europan zinema ijitoaren inguruan dauden jaialdietara bidaliko dugu. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian egotea ere nahiko genuke.

Miguel eta Nekane. Ijito herria historian komikia euskaraz eta gaztelaniaz ere herritarren eskura jarri duzue webgunean. Hezkuntzari begirako edukiak ere baditu, ezta?

Bai, irakasleek komikiaren unitate didaktikoak har ditzakete, ikasleekin lan egiteko. Komikirako dokumentazio lanean ari ginela ikusi genuen 36ko gerrari buruzko dokumentala egiteko aukera. Bi lanak lotuta daude, nahiz hartzaile mota ezberdinak izan. Ikuspegia ijitoena da, eta ez estereotipoak sortzen dituztenena.

Ijitoen estereotipoen aurka lan asko dago egiteko, baina komunikabideek ez dute horretan asko laguntzen.

Gure ahalmena txikia den arren, kontrapisua egin behar dugu, komunikabide guztiek min handia egiten digute. Gizarte arazo bat dagoenean, tartean ijitoren bat badago, ijitoen auzi bilakatzen dute hedabideek. Salgai errazak dira delinkuentzia eta morboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.