Mugak zabaltzeko karabana

Euskal Herritik abiatu da aurten migrazio bideen errealitatea ikusarazi eta salatzeko helburua duen Mugak Zabalduz karabana. Migranteen kontrako jazarpena bukatzeko eskatu dute ekitaldian

Jende andana elkartu zen karabanaren hasiera ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Irun
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Hau da mugitu behar duen kontinentea. Iratzar dezagun gizatasuna; ez zaigu denborarik gelditzen». Atzo arratsaldean egin zituzten hitzok, Irungo (Gipuzkoa) Mosku plazan, Mugaz Zabalduz karabanari hasiera emateko ekitaldian. 2016an sortu zuten ekinaldi hau, muga eremuetan migranteek jasaten duten egoera «jasanezina» ikusarazi eta salatzeko. Aurten, Pirinioetan eta Alpeetan ibiliko dira, eta Euskal Herritik abiatu dute ibilaldia.

Ikusi gehiago:«Euskaldunok ere mugak pasatu behar izan genituen garai batean»

Honela dio karabanaren parte hartzaileek aurten idatzi duten manifestuak: «Azken urteotan Europako Batasunak Hegoalde globaletik datozen migratzaileentzako ezarri dituen migrazio-politikak kontuan hartuta, ikusten dugu politika horiek heriotza politikak eta gaitzespen politikak izan direla, eta izaten jarraitzen dutela. Gose direnak, arreta faltagatik, edo itsasoan edo mendian sorospen faltagatik, hiltzen uztea nekropolitikoa da».

Arantza Gutierrez karabanako kideak hartu zuen hitza atzo arratsaldean, parte hartzaileei harrera egiteko. «Uste genuen mugak urruti genituela, baina Euskal Herrian ere baditugu», esplikatu zuen, «eta hiltzen duten mugak dira». Mugaren bi aldeetan elkartasun lanean aritzen diren kolektiboen lana eskertu zuen.

Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kideak esplikatu zuen 2018an hasi zela egoera okertzen, Frantziako Estatuak mugak gogortzea erabaki, eta Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga migrazio ibilbideko pasabide gisa indartu zenean. Gertatzen ari zena salatu eta ikusarazteko helburuarekin elkartu ziren, eta baita laguntza humanitarioa emateko ere. «Kalean gaude, kalean dira gure bulegoak», kontatu zuen. Plazan eta geltokian egiten diete harrera migranteei, eta aterpetxera laguntzen dituzte. «Eguneroko lana da, Baionara ahalik eta modu seguruenean irits daitezen». Aintzane Lasarte Etorkinekin elkarteko kideak mugaren beste aldekoa kontatu zuen. Bide ezberdinetatik pasatzea lortzen dutenak Baionako Pausa zentroraino laguntzeko antolatuak dira.

Beste lekukotasun andana ere izan ziren ekitaldian. Edouard Thiamek, Aita Mari barkuko marinelak, itsasoan egiten dituzten erreskateen gogortasuna esplikatu zuen. Amets Arzallusek, berriz, asilo eskaeraren «odisea burokratikoa» aipatu zuen, Miñan liburua idaztera eraman zuen Ibrahima Balderen historia gogora ekarrita. «Ibrahimaren historia bat da; Irunera, Baionara heldu direnek egunero duten historia. Izan heldu, haur, neska, mutil, egunero gure herria zeharkatzen duen historia bat».

Karabanan, migrazioa bizi izan duten lekukoak joaten dira, migrazioaren errealitatea ikusarazteko. Atzo, aurtengo karabanan parte hartuko duen Hondurasko militante bat mintzatu zen. Proiektu estraktibista baten kontra mobilizatua zen Hondurasen, baina jaso zituen heriotza mehatxuen ondorioz, ihes egin behar izan zuen. «Gu hemen gauden bitartean, Hondurasen maleta egiten ari da pertsona bat; beste bat patera batean igotzen ari da; beste bat azken arnasa ematen ari da...». Pertsonen jatorriaren arabera egiten den desberdintasuna ere salatu zuen: «Handik hona datorrena migrantea da; hemendik hara doana turista». Bere paperak erakustean duen «beldurra» eta bertako paperak lortzeko zailtasunaz ere aritu zen. «Erregularizatzea ez da opari bat: eskubide bat da»

Baionara eta Irunera

Euskal Herriko mugan geldituko dira gaur karabanako parte hartzaileak. Goizean prentsaurrekoa eginen dute Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko Santiago zubian, eta omenaldia eginen diete Bidasoko muga zeharkatu nahian hildako pertsonei. Arratsaldean Baionara joko dute, eta giza kate ibiltaria eginen dute migranteei harrera egiten dien Pausa atseden zentroa eta Baionako suprefeturaren artean. Arratsean, Irun eta Hendaia arteko mugara itzuliko dira, eta ekintza bat eginen dute. Bihar, Pirinioetako bidea hartuko dute Biarnora buruz. Gurseko (Biarno) kontzentrazio esparru zena bisitatuko dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.