Mugak zabalduz karabana. Nati Ovelleiro. Mugak Zabalduz taldeko kidea

«Euskaldunok ere mugak pasatu behar izan genituen garai batean»

Hainbat euskaldunek Italia eta Frantzia arteko muga pasatu behar izan zuten Espainiako gerraren garaian. Mugak Zabalduz-ek gaur egun hesi hori igaro behar dutenekin alderatu nahi ditu esperientzia horiek.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Frantzia eta Italia arteko mendietan, gero eta gehiago dira mugak pasatzeko ahaleginetan hildako migratzaileak. Hango egoera ezagutzeko karabana antolatu dute, urtero bezala, Mugak Zabalduz elkartekoek. Hartan aritzen da Nati Ovelleiro (Bilbo, 1965), eta BERRIAri azaldu dizkio ibilbidearen nondik norakoak.

Ikusi gehiago:Mugak zabaltzeko karabana

Zazpigarren karabana da aurtengoa. Nondik sortu zen karabana egiteko ideia?

2016an egin genituen lehenengo protestak mugen egoera salatzeko; Ongi Etorri Errefuxiatuak sortu genuen, eta gero sortu zen Mugak Zabalduz karabana ere. Hor hasi ginen karabanen kontuarekin bueltaka, 1980ko hamarkadan antolatzen ziren karabana internazionalistekin lotuta, eta Greziara joatea erabaki genuen, han zeuden errefuxiatuengana. Harrezkeroztik, beste hainbat egin ditugu: Melillara, Italiara, Kanaria uharteetara... Hasieratik izan genuen horretan zebiltzan taldeekin koordinatzeko nahia ere.

Hain zuzen, aurten zenbait elkarterekin batera egingo duzue bidea.

Bai. Espainiako Estatuko harremanak sendotu nahi izan ditugu, eta baita nazioartekoak ere. Esaterako, aurtengo karabana Italiako Carovane Migrantirekin, Frantziako Tous Migrants-ekin eta Erdialdeko Amerikako Puentes de Esperanza proiektuarekin batera antolatu dugu.

Zergatik aukeratu duzue Frantzia eta Italia arteko muga?

Batetik, barruko mugen artean inportanteenetako bat delako orain; jendeak igarotzeko arazo gehien dituen mugetako bat da. Bestetik, lotura bat egin nahi genuen historiarekin eta memoriarekin.

Zer-nolakoa da Pirinioetako eta Alpeetako mugen egungo egoera?

2009an hasi zen berriro muga hori erabiltzen. Irunekoaren oso antzekoa da, ordura arte ia desagertuta baitzegoen, gurean bezala. Pentsaezina zen jendea muga horretatik berriro ere oinez pasatzea. Badakigu udan zein neguan pasatzen direla; neguan, oso gogorra eta oso arriskutsua da, eta, gainera, ez dute bide errazetara jo behar, gelditu ez ditzaten. Askotan, pasatu bezain laster itzuli egiten dituzte Italiara zein Esloveniara, eta hainbat pertsona hil dira azken urteetan.

Adierazgarria da aukeratu duzuen abiapuntua ere: Irun.

Alde batetik, gugandik hurbilen dagoen muga da. Orain bertan gertatzen ari dena oso larria da. Aurten, bost pertsona hil dira mugan, beste hiru trenbidetik zihoazela eta beste batek bere buruaz beste egin du zenbait aldiz atzera bueltatu behar izan eta gero.

Oraingo kontua da?

Ez. Garai batean, muga horrek eskubide asko urratu zizkigun euskaldunoi ere. Nolabait, nahiko desagertuta edo ahaztuta genuen. Azken hogei urteetan muga inongo arazorik gabe pasatu dugu, eta euskaldunok gaur egun ere pasatu dezakegu, baina, era berean, jendea gelditzen dute, bai azalaren koloreagatik eta bai janzkeragatik. Irungo muga norbait hiltzen denean agertzen da, baina ez dituzte benetan arrazoiak aztertzen. Egoera hori salatu nahi genuen, eta uste genuen horrek izan behar zuela abiapuntua.

Memoria ariketa hori egiteko, zenbait geldialdi dauzkazue.

Bai. Gurseko kontzentrazio esparruan geratuko gara, besteak beste. Nabarmendu nahi dugu 1939an, estatu kolpearen ostean, hemen ere jende askok alde egin behar izan zuela, eta euskaldunok ere muga horietatik pasatu behar izan genuela garai hartan. Eta Europan hartu zituzten, baina, batzuetan, baita kartzelara edo halako esparruetara bidali ere. Lotura bat egin nahi izan dugu garai hartako egoeraren eta gaur egungoaren artean, eta baita omenaldi bat egin ere. Uste dugu memoria berreskuratzen dugun neurrian kontzienteagoak egiten garela gaur egun muga pasatu behar duen jendeak bizi duen egoeraz. Bestalde, aldarrikatu nahi dugu gure arbasoak nola borrokatu ziren muga horiek gainditzeko eta bizitza duinagoa lortzeko, eta zelan gaur egun, Afrika hegoaldetik zein Hego Amerikatik datozenek gauza berak aldarrikatu behar dituzten oraindik. Aldatzen den bakarra da urrunagotik datozela.

Migratzaileak ere topatuko dituzue bidean.

Bai. Guri kontzienteago izaten laguntzen digu egoera hurbiletik ikusteak. Eta pertsona horiei ere indarra ematen die alde politikoari dagokionez. Azken urteetan, ikusi dugu bazeudela migratzaile batzuk bultzada hori behar zutenak beren eskubideak aldarrikatzeko.

Zeintzuk dira karabanaren bidez egin nahi dituzuen aldarrikapenak?

Era seguru batean migratzeko eskubidea azpimarratuko nuke, baina, horrekin batera, migratzeko zergatiak aztertu eta horiek salatu nahi ditugu, hain zuzen ere jendeak migratu beharrik ez izateko. Inor ez da nahi duelako joaten. Gehienetan edo ia beti, badago arrazoi bat atzean. Arrazoien artean, beti aipatzen dira gudak. Gudek izugarrizko garrantzia dute, baina horiek bezain garrantzitsuak dira beste arrazoi batzuk ere. Zure lurra edo ura kentzea ere beste guda mota bat da. Zure lurraldean eskubideak urratzeak agian ez dakar lehergailu batekin hiltzea, baina, azkenean, alde egin behar duzu handik.

Aurtengo karabanaren ondoren, zein izango da hurrengo pausoa?

Aurten, udakoaz gain, beste karabana bat ere egingo dugu. Hain zuzen, irailaren amaieran Bruselara joango gara, normalean mugetan aldarrikatzen dugun guztia aldarrikatzeko, baina, oraingoan, Europako Parlamentuaren aurrean. Europako beste zenbait elkarterekin elkartuko gara aldarrikapen horiek egiteko. Karabanak bi adar izango ditu: bat zuzenean joango da Bruselara, eta besteak geldialdi batzuk egingo ditu aurretik, Europako mugetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.