Hondarribiko alardea

Mugarria jarri du Jaizkibelek, inoiz baino babes handiagoarekin desfilatuta

Ehunka lagun batu dira Hondarribiko Kale Nagusian konpainia parekidea babesten, eta ordezkaritza politikoa ere inoiz baino handiagoa izan da: Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea joan da udaletxeko arkupera.

Arantxa Iraola - Garikoitz Goikoetxea
2019ko irailaren 8a
18:02
Entzun

Mugarria jarri du Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak: inoiz baino babes handiagoarekin egin du irailaren 8ko martxa, Kale Nagusian bereziki. Plastiko beltzez jantzitako emakume batzuk izan dira, baina nabarmen gailendu dira Jaizkibelen aldekoak.

Erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkari ugari bildu dira udaletxeko arkupean, Jaizkibel babesten. EAJk egin du aldaketa aurten: Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria joan da arkupeetara. Lehen aldia da Gipuzkoako EAJk halako keinu bat egiten duena; iaz, Eider Mendoza Batzar Nagusietako orduko lehendakaria etorri zen, baina kalean jarri zen, alde zaharretik kanpo. Udaletxeko arkupean izan dira, ohi dutenez, Emakundeko eta Arartekoko ordezkariak, eta EH Bildukoak eta Ahal Dugu-koak. Baita PSE-EE ere: Denis Itxaso Kultura diputatua eta Rafaela Romero Mugikortasun diputatua. Aldaketa bat egin dute sozialistek, gainera: aurreko urteetan Jaizkibel ez ezik alarde ez-parekidea ere ikusi du Itxasok, baina aurten, ez. "Alarde integratzaileena ikustera etorri naiz", azaldu dio BERRIAri.

08:00etan hasi du desfilea Jaizkibelek. Kale Nagusian jendetza zen ordurako; emakume asko, orduak han eginda, "betiko alardea" aldarri zuten itsasgarri batzuekin. Emakume horietako batzuek plastiko beltza atera dute, baina kartel gisa jarri gabe: burutik behera sartu dute, jantzi gisa. Gutxiengoa izan dira Kale Nagusian: Jaizkibel babesteko deia egina zuen mugimendu feministak, eta ehunka lagunek bat egin dute. Txalo artean egin du bidea Jaizkibelek.

[youtube] https://youtu.be/SNzvHPUJ93Q [/youtube]

 

 

Kartel batzuk, bai, jarri dituzte Kale Nagusian; besteak beste, Jaizkibel "erasotzailea" dela dioen kartel handi bat. Kaleko hormetan jarri dute iaz “erasoak” jasan zituztela Jaizkibeli aurka egin ziotenek. 

 

 

Kale Nagusia igo eta jaitsi Ertzaintzaren zaintzapean egin du alarde parekidearen aldeko konpainiak; aurretik jarri dira polizia batzuk, bideoz martxa osoa grabatzen, eta atzetik beste batzuk, martxaren atzetik, jendea sar ez zedin.

Mugarria izan dela uste dute Jaizkibelekoek. "Izugarria izan da. Espero dugu inflexio puntua izango dela". Pozik mintzatu da Oihana Etxebarrieta kapitaina. Ez du iazkoaren trazarik izan desfileak, eta giro ederrean egin dute bidea, nahiz eta euriak ez duen atsedenik eman.

Gatazka konpontzeko deiak berretsi dituzte erakundeetako ordezkariek. "Asko dago egiteko, baina ellarrizketarako bidea zabaldu da", adierazi du, adibidez, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak. Gogoan izatekoa da bitartekaritza bide bat zabaltzen saiatu direla aurreko hilabeteetan, baina ezerezean dago oraingoz; Jenny Pearce bitartekariaren arabera, elkarrizketarako "baldintzarik" ez dago oraingoz.

Goizeko ibilbidea pozik egin du Jaizkibelek. Arratsaldean 17:00etan egin du bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.