Urduri eta kontent. Halaxe zegoen Maialen Etxeberria (Iruñea, 1987), atzo, Lizarrako pilotalekuan. Nafarra da Ernai gazte antolakundeko bozeramaileetako bat. Atzo bertan aritu zen zeregin horretan, gazte erakundearen aurkezpenean.
Abiapuntutzat jo duzue gaurko eguna. Nolakoa izan da abiapuntu horretara ailegatzeko prozesua?
Prozesu luzea izan da, joan den irailean hasi, eta orain bukatu dena. 2.500 gazte inguruk parte hartu dugu. 180 herrik eta auzok hartu dute parte. Helburua izan da proiektu politiko bat aldarrikatzea, eta horretarako independentzia, sozialismoa eta feminismoa zehaztu ditugu ildo politiko nagusitzat. Gazte estrategia bat ere zehaztu dugu.
Nolako estrategia?
Gure proiektu politikoak bat egiten du ezker abertzalearen proiektu politikoarekin. Gure egiten dugu Zutik Euskal Herria proiektua, baina gure gazte estrategian zehazten dugu gazteok ere botere bat dugula, eta gazte botere hori egituratu behar dugula gure artean, Euskal Herri independente, sozialista eta feminista hori lortzeko.
Gazte botere horri zer-nolako forma eman nahi dio Ernaik?
Guk nahi dugu Ernai izatea plurala, aktiboa, errebeldea, alternatibak eraikitzen dituena. Ildo horretan, beraz, mugimendu eraikitzailea eta zabala izanen da gurea. Gure prozesu eratzailean abiapuntua izan da independentziarekin eta sozialismoarekin bat egiten duen jendea batzea, eta hausnarketa sakona egitea. Eta hortik abiatuta, aurrera egitea herriz herri eta auzoz auzo. Hamaika herritan gure egitura martxan da jada, eta zabalduz joatea da orain helburua.
Aurkezpenean erran duzu Ernaik kalean egon nahi duela. Nola?
Azken hilabeteotako prozesuan autokritikarako aukera ere izan dugu, eta konturatu gara ez garela kalean izan. Gazteok, ordea, kalean egon behar dugu, eta esparru hori berreskuratu nahi dugu.
Autokritikak jarri du bertze gairik mahai gainean?
Kontua da fase politiko berri batean gaudela. Ildo horretan, gazteok geunden aurrera egin ezinik. Oraingo prozesuak lagundu digu helburuak zehazten, eta helburu horiek aurrera eramateko bideak definitzen.
Zer bide jarraitu nahi duzue?
Egungo bizimodu eta bizi ereduen inguruko hausnarketa behar dugu, eta alternatibak eraiki haren inguruan. Egingarri diren alternatibak mahai gainean jarri nahi ditugu.
Gazteen aurkako azken urteotako errepresioa kontuan hartuta, zaila da orain bat egitea?
Egia da kolpe asko jasan ditugula, eta horregatik, hain zuzen, gogoa genuen ernatzeko. Gazte mugimenduari ilusioa eta grina piztu behar dizkiogu. Gogotsu jartzeko, eta mugimenduan ere parte hartze hori sustatzeko. Ez da dena galduta, gure esku dago ilusioa eta kemena gauzak egiteko baliatzea.
Maialen Etxeberria. Ernai gazte antolakundeko bozeramailea
«Mugimendu eraikitzailea eta zabala izanen da gurea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu