Mugimendu feministak sortutako mahaian parte hartzeko eskatu diete Urkulluri eta Txibiteri

Euskal Herriko Mugimendu Feminista hainbat sindikaturekin eta alderdirekin bildu da, «zainketen kolapsoa eragozteko» martxan jarritako mahaiaren lehen jardunaldian.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an antolatutako manifestazioa, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 27a
15:21
Entzun

Euskal Herriko Mugimendu Feministak eskaera argia egin du: Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak parte hartu behar dute sortu duten mahai tekniko, politiko eta feministan. Euskal Herriko Mugimendu Feministako taldeek eta kideek mahaia abiatu dute «zaintzaren kolapsoa kudeatzeko». «Erabaki genuen gobernuekin edo haiek gabe osatuko genuela mahaia. Zaintzen inguruan dugun ardurak lanean jartzera behartzen gaitu», nabarmendu du Naia Torrealdai mugimendu feministako kideak. Hala ere, lehen bilera egin ondoren, «gobernuen falta deigarria» nabaritu dute. Josebe Iturrioz mugimendu feministako kideak azaldu du mugimendu feministak ez ezik beste hogei eragilek ere egin dietela parte hartzeko deia bi lehendakariei. «Ezin dira entzungor geratu».

Urkulluren eta Txibiteren falta nabaritu arren, beste hainbat parte hartzaile izan zituzten lehen saioan. Sindikatuei dagokienez, bertan egon ziren ELA, LAB, CCOO, Steilas eta CNT. Mugimendu feministak azaldu duenez, «oso ontzat» jo zuten sortutako eremua, eta kezkatuta agertu ziren COVID-19aren krisialdiko lan eskubideen «etengabeko urraketez», batez ere sektore feminizatuen artean, «horiek baitira nagusiki krisi honetan lanean ari direnak». Mahaian eseri ziren EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Equo-Berdeak eta Ezker Anitza ere, eta konpromisoa hartu zuten agintean dauden herrietan «neurri feministak sartzeko» eta gobernua estu hartzeko «zaintzen zentralitatea ahaztu ez dezaten». Gainera, mahaia osatu duten arren, zehaztu dute ez dagoela itxita. «Eskaera asko jaso ditugu bertan parte hartzeko, eta horiek bideratzen ari gara», ziurtatu du Torrealdaik.

Euskal Herriko Mugimendu feministak iragarri du mahaiak biltzen jarraitzeko asmoa duela, eta azpimahaiak sortuko direla gai jakin batzuk lantzeko: eremu feminizatuak: etxeko langileak, zaintzak, osasuna eta hezkuntza; indarkeria matxista eta arrazista, eta LGTBIfobia; prekaritatea, bizitzaren degradazioa eta eskubideen urraketa; eta burujabetzaren galera.

Mahai tekniko, politiko eta feministaz gain, koordinakunde bat ere sortu dute COVID-19aren krisialdian sortutako egoeran «ekintza feminista guztiak koordinatuko dituena eta horien lidergoa izango duena». Konfinamendua hasi zenetik gertatzen ari diren eskubide urraketak eta bizitzaren aurkako eraso egoerak jasotzen ari da. «Errealitate latz batez hitz egiten digun informazio baliotsua ematen ari zaigu», esan du Iturriozek. Torrealdaik erantsi du neurriak hartzera behartuta daudela. «Ez gaude krisi puntual batean, egiturazko krisi batean baizik. Kolapsoan dagoena sistema neoliberala da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.