GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Gasteizko txosnetatik kanpo utzi dituztela. Ohar bidez egin dituzte adierazpenak, erranez Gasteizko Txosna Batzordeak adierazi zuela urritik aitzinera irtenbide bat lortzeko lanean hasiko zirela, baina egoerak berdin jarraitzen duela. «Aurtengo urteak bazterketa politikoa alde batera utzi eta konponbidea lortzeko urtea zirudien arren, ez zaio egoerari irtenbide bat eskaini, eta beste urte batez luzatuko dela dirudi», gehitu dute. Halere, ez dira bestetatik kanpo geldituko: «Guk argi diogu jaietara begira egoera hau salatzen jarraituko dugula eta jaietan gure aldarri eta egitarauek lekua izango dutela».
Mugimendu Sozialistako bi eragileek erran dutenez, aurten eragile gehiago batu dira egoerari irtenbidea emateko saiakerara, «batzordean aukera eta proposamen ezberdinak mahaigaineratuz kurtsoan zehar eta azken asteetan». Hala, eskerrak eman dizkiete eragile horiei, eta prestasun osoa adierazi dute heldu den ikasturtean «gatazka gainditzen jarraitzeko».
Gehitu dute, halaber, «Sortuk eta haren ingurua ordezkatzen duten eragileek» GKS eta Etxebizitza sindikatua txosnetan sartzearen kontrako jarrera izan dutela, eta «blokeoa mantentzen pisu nabarmena» izan dutela. «Hasieratik gertatu den bezala, Mugimendu Sozialistako eragileok kanpoan uzteko asmoarekin jarraitzen dute arrazoi politikoengatik, gasteiztar andanak betoaren kontra dagoela adierazi duen arren». Jardun koordinakundearen jarrera ere kritikatu dute: diotenez, ez dute ulertzen Mugimendu Sozialistako bi eragileak kanpoan uzteko jarrera, nabarmenduta Euskal Herriko bertze espazio batzuetan elkarlanean aritzen direla.
«Beto politikoa»
Ez da lehenbiziko aldia Mugimendu Sozialistak «beto politikoa» salatzen duena. Izan ere, joan den maiatzaren 20an Bilboko Luberri konpartsak eta Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuko ordezkariek agerraldia egin zuten Bilbon. Salatu zuten jaietako guneetan parte hartzea galarazten dietela, eta eskatu dute «urteak irauten ari den beto politikoa» eteteko. Agerraldian adierazi zutenez, azken hilabeteetan ahaleginak egin dituzte Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin hitz egiteko, baina ezin izan dute irtenbiderik adostu.
Gogora ekarri zuten iaz herri mugimenduko ehun eragile inguruk eta 150 kulturgilek baino gehiagok adierazpen bat sinatu zutela Luberrik Bilboko konpartsetan eta Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko txosnetan parte hartzearen alde.