Mugimenduaren «kohesioa» ikus daiteke Bagira-k egin inkestan

1.500 erantzun eskuratu dituzte udaberrian egin zuten galdeketan. Tokiko bilkurak eta jardunaldiak iragarri dituzte bideorria osatzeko.

Bagira prozesuko gidaritza batzordeko kideak, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko azaroaren 3a
17:35
Entzun

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen argazki bat atera dute Bagira prozesuaren baitan egin duten inkestan. 2.254 pertsonak eman zuten izena galdetegia jasotzeko, eta horietatik 1.485 izan dira inkestari erantzun diotenak. Mugimendu abertzalearekiko duten «atxikimendua» erakusten du horrek prozesuaren eramaileen hitzetan.

Eta baita mugimenduaren «heldutasuna» ere: «Bapatekotasuna, haustura, politikatik eta antolaketa kolektibotik urruntzeak ezaugarritzen duten garai batean, mugimendu abertzaleak gibeltasun eta gogoeta tarte bat hartzea lortu du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizuna baturik proiektatzeko», adierazi dute aurkezpenean.

Hiru lurraldeetako belaunaldi guzietako kideek eman dituzte erantzunak, alta, inkestaren emaitzek gehiengo argiak erakusten dituzte gai anitzen inguruan. Horrez gain, erantzun duten kideek azken urteetan borroka ezberdinek izan dituzten bilakaerak eta hauek eramateko moldeak baikorki ebaluatu dituzte.

Euskal gatazkaren ondorioei dagokienez, Bagira-k zehaztu du Aieteko konferentziatik 12 urte iragan direla, euskal preso guziak askatzea eman dutela lehentasun gisa inkesta erantzun dutenek, eta gatazkaren arrazoi politikoak lantzeko beharra ere azaleratu dute gatazkaren «konponbide integrala» kausitzeko.

Herria eta hizkuntza

Mugimendu abertzalearen oinarri historikoei atxikimendua erakutsi diete erantzun duten kideek, hala nola, euskara, burujabetza politiko eta materiala, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeekiko atxikimendu sentimentala. Aldarrikapen historikoei dagokienez, autodeterminazioa (%87,5), autonomia (%80,7) eta independentzia (%68,3) defendatu dituzte.

«Mugimendu abertzalea definitzean, herriari eta hizkuntzari atxikimendua atxikitzen dira, baina betiko korpus ideologiko horri feminismoa, ezkerreko tematikak eta feminismoarekin osatzen dira», azaldu du Anita Lopepe Bagirako kideak. «Aldi berean, erantzun duten guzientzat abertzale izatea aktibo izatea da, militantzia askotarikoa izatea. Hori da ere datu bat inkesta honetan azaleratzen dena: mugimendu abertzaleak inbertitu du eremu instituzionala, eta erantzun dutenen iduriko horrela segitu behar da, begi bistatik galdu gabe borroka esparru bat dela besteekin osagarria dena».

Aitzina begirako urratsei buruz ere galdetu dute inkestan, eta Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzional baten beharra azaleratu da. Horrez gain, bost ardatz nagusi lehenetsi dituzte: euskara, etxebizitza, klima aldaketaren kontrako borroka eta burujabetza materiala, borroka sozialak eta laborantza arloko borrokak, hala nola, lurren defentsa.

Lehentasunezko bost erronketan agertu ez badira ere, erronka nagusi gisa agertu dira mugimenduaren feminizazioa eta genero arteko berdintasunaren aldeko borroka batetik, eta belaunaldien berritzea eta gazte dinamikak bestetik.

Oinarri hauen inguruan eztabaidatzeko tokiko bilkurak antolatuko dituzte ondoko asteetan, hala nola, azaroaren 7an Baionan eta 9an Larzabalen (Nafarroa Behera). Abertzaleei dei egin diete horietan parte hartzeko.

Aberri eguna Uztaritzen

Orain dela bi urte sortu zen Xuti Gazte dinamika Bagira prozesuan sartua da burubelarri, eta elkarlanean Gazte Eguna antolatu dute abenduaren 2rako Hazparnen. Horrez gain, mugimendu abertzalearen jardunaldiak ere iragarri dituzte urtarrilaren 27rako. Tailerrak eta plenarioak eginen dituzte mugimendu abertzalearen bideorria osatzeko. Martxoaren 31n Uztaritzen (Lapurdi) eginen duten Aberri Egunean emanen diote bukaera Bagira prozesuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.