Mugitu taldeak AHTaren oposizioa «kriminalizatu» nahia salatu du

Ekintzaileen iritzian, barregarria da tarten ekintzaren ostean Yolanda Barcinak erabili duen «biktimismoa»

Auzipetuak, atzoko prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Mugitu taldeko hiru ekintzailek azaroaren 16an deklaratzera joan behar dute Espainiako Auzitegi Nazionalera. Julio Villanueva, Gorka Ovejero eta Ibon Garcia Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari Tolosan (Okzitania) tartak botatzeagatik inputatu dituzte. Hori dela eta, auzipetuek eta beste talde batzuek atzo prentsaurreko bat eman zuten Nafarroako Parlamentuaren aurrean —besteak beste, Sabino Cuadra Espainiako Kongresurako Amaiurren hautagaia bertaratu zen babesa ematera—. Mugitu taldeak salatu du AHTaren oposizioa «kriminalizatu» egin nahi dutela: «Mendebaldeko estatu gehienetan gisa horretako ekintzek ez dute ondorio legalik; Espainiako Estatuan, aldiz, tartak botatzen dituztenak, Auzitegi Nazionalaren atarian jarri dituzte».

AHTaren aurkako mugimenduaren ustez, «barregarria» da Barcinaren «biktimismoa» —Nafarroako Gobernuko lehendakariak Frantziako merenge gogorrak min egin ziola esan zion epaileari lehengo astean—. Mugitutaldeak nabarmendu du ekintza ez zela izan Barcinaren aurkakoa, tren lasterra Nafarroan eraikitzearen «erantzulea» den boterearen aurkakoa baizik.

Bihar, elkarretaratzeak

Mugitu taldearen arabera, AHTa «4.000 milioi euroko pastela da»;eta «betikoen» artean banatuko dute. Nafarroako Sustapen kontseilari Anai Astizi «gezurretan» ari dela leporatu diote: «Ez da egia guk ez dugula ordaintzen. Kupo bidez ordaintzen ari gara».

Mugituk esan du ingurumen ondorioak agerikoak direla, «horrelako erasoen erruz Amalurra makalduz doa». AHTa eta halakoazpiegiturek egungo egoera ekonomikoa «larriagotu» egingo dutela gehitu du: «Proiektuak murrizketa sozialak eta herritarren gehiengoak gerrikoa estutu beharra ekarri ditu. Bien bitartean, Nafarroako lehendakariak, %33 igo du bere soldata». Horretaz gain, zalantzan jarri du trenak herritarrei emango dien zerbitzua. Trena «azpiegituraren inposatzaileek» soilik erabiliko dutela uste du Mugitu taldeak.

AHTaren aurkako mugimenduak, auzipetuei elkartasuna adierazteko, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan elkarretaratzeak antolatu ditu biharko; eta azaroaren 16an, berriz, Auzitegi Nazionalaren aurrean bertan elkartuko dira.

UPNk, bestalde, gaitzetsi egin du Amaiurren hautagai Sabino Cuadra ekintzaileen prentsaurrekoan agertu izana: «Penagarria da koalizioak Barcinaren erasotzaileei babesa ematea. Zoritxarrez, Batasuna, Bildu eta Aralarren mundua ez da aldatu». Mugitu taldearen jarrera ere ez zaio gustatu UPNri: «Aurrez antolatutako ekintza bat egin zuten, eta orain, beraiek izan nahi dute biktimak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.