Juan Mari Mujika Dorronsoro espetxera bidaltzea erabaki du Paueko Auzitegiak. Goizean Paueko Auzitegira eraman dute Mujika eta Jean-Bernard Rouch fiskalak behin-behinean espetxeratzea erabaki du, Espainiaratzeko prozedura gauzatu edo ez erabaki bitartean.
Datorren asteartean aztertuko dute Espainiaren euroagindua; Pauera oraindik ez baita eskaera iritsi. Jean-François Blanco Mujikaren abokatuak txostena iritsi bitartean atxilotua aske uzteko eskatu du.
Jean-Bernard Rouch fiskalak adierazi du ez dagoela bermatuta auzipetua agertuko denik eta, gainera, egotzitako delituek 20 urteko kartzela zigorra dutela nabarmendu du. Horregatik, Mujika espetxeratzea erabaki du, behin-behinean. Espainiaratze prozesua asteetan edo hilabeteetan luzatu daiteke, defentsak helegitea aurkezten badu.
Frantziako Poliziak atzo goizean atxilotu zuen iheslari ataundarra, Barkoxen (Zuberoa). 2001ean Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia hiltzeko atentatu saioan misilak jaso eta entregatzeko ardura izatea egotzi diote Mujikari. Biarnoko Oloroe-Donamariako polizia etxera eraman zuten atxilotua.
Espainiako Barne ministroak operazioa aurreratu zuen
Mujikaren defentsa kritikatu du atzo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak operazioa publikoki aurreratu izana. "ETArekin loturiko berri on bat" iritsiko zela adierazi zuen Fernandez Diazek atzo goizean, atxiloketa gertatu aurretik.
Fernandez Diazek ABC Punto Radio hedabideen egin zituen adierazpen horiek. Gaineratu zuen urtea hasi zenetik "ETArekin loturiko 17 lagun" atxilotu dituztela; "iragan astekoa errekorra izan zen, sei lagun atzemanda"
Adierazpen horiek haserrea piztu dute baita ere Poliziaren baitan. "Onartezina da operazio bat aurreratzea", adierazi dute. Espainiako Poliziaren sindikatuak esan du Fernandez Diazek beretzar gorde beharrekoa publikoki kontuta duela eta, "inoiz ezagututako Barne ministro txarrena" dela. Izan ere, ez da lehendabiziko aldia ustezko etakideekin lotuta egitear diren polizia operazioen berri ematen duela, ekainean aurrreratu zuen atzerrian hainbat atxiloketa egingo zirela.
Sindikatuaren oharra irakurri daiteke, hemen (Gazteleraz).
Mehatxuak eta proposamena
2008ko abenduaren 11n Mujika Donapaleura joan zen erosketak egitera, eta hiru gizonek, poliziak zirela erranez, haien autora joateko erran zioten. Gero ohartu zen gizon haiek ez zirela frantses poliziak. Itxura guztien arabera, espainiar poliziak ziren.
Handik mendialdera eraman zuten, eta laku baten ondoko etxola batean galderak eta mehatxuak egin zizkioten. Poliziarekin kolaboratzea proposatu zioten, baina Mujikak ez zien berehala erantzun. Lanera joan behar zuela-eta, berriz eraman zuten hartu zuten tokira. Egun hartan bertan, beste hitzordu bat ezarri zioten, baina Mujika ez zen hitzordu hartara agertu.
Geroztik beldurrez bizi zela salatu zuen Mujikak, eta ez zen ausartzen bakarrik inora joatera. Salaketa aurkeztu eta prentsaurrekoa eman zuenetik ez zuela beste mehatxurik ukan argitu zuen Maritxu Paulus-Basurko abokatuak. Baionako instrukzio epaitegia salaketa ikertzen hasi zen. Bi orduz deklaratu zuen epailearen aurrean. "Horrek ez du erran nahi, egileak aurkituko dituztela eta epaiketa eginen dela", esan zuen orduan abokatuak.