Juan Mari Mujika Dorronsoro ataundarra Espainiaratzeko euroagindua onartu du Paueko Auzitegiak. Frantziako iturri juridikoek Efe Espainiako berri agentziari jakinarazi diotenez, erabakia ostiralean hartu zuen Paueko instrukzio ganberak—gaurko zegoen iragarrita—, eta agindu du Espainiaratze prozesua gauzatu bitartean espetxean edukitzeko. Espainiaratze prozesua aste batzuk edo hilabete batzuk luza daiteke, defentsak helegitea aurkeztuko balu.
Mujika hilaren 4an atxilotu zuten, Frantziako Poliziak Guardia Zibilarekin batera eginiko polizia operazio batean, Barkoxen (Zuberoa). Biarnoko Oloroe-Donamariako polizia etxera eraman zuten atxilotua, eta, handik, Seysseseko espetxera (Tolosa, Okzitania). Ordutik dago preso, fiskalak hala eskatuta. 2001ean Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia hiltzeko atentatu saio batean parte hartzea leporatzen diote Mujikari; misil batzuk jaso eta entregatzeko ardura izatea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Uztailaren 10ean eginiko auzisaioan, Espainiaratzearen alde azaldu zen Jean-Bernard Rouch fiskala, argudiatuta Auzitegi Nazionalaren eskaerak bete egiten dituela estradizio prozeduraren baldintzak.
Mujikaren abokatu Jean-François Blancok, berriz, euroagindu eskaeraren aurka egin zuen. Mujikari leporatzen dizkioten ekintzetako batzuk Frantzian gertatu zirenez, abokatuak adierazi zuen ez dela nahitaezkoa Espainiako Estatuaren esku uztea. Era berean, argudio nagusia akusazioaren iturrian oinarritu zuen Mujikaren defentsak. Izan ere, epaitegiari gogorarazi zion haren kontrako «froga bakarra» torturak salatu zituen atxilotu baten aitorpena dela. Salaketa hori oraindik auzitegian aztertu ez denez, abokatuak eskatu zuen euroagindua ez onartzeko erabakia jakin arte.
Juan Mari Mujika gipuzkoarra da, Ataungoa, baina 2008tik bizi da Domintxainen (Zuberoa), bizimodu arrunta eginez. Hain zuzen, urte hartako abenduan, salatu zuen Donapaleu inguruan (Zuberoa) bahitua izan zutela ordu batzuez, eta atxiki zuten eta mehatxu egin zioten pertsonak Espainiako poliziak zirela. Mujikak alaba preso zeukan orduan, Espainian, Segiko kide izateagatik. Geroztik ikaratuta bizi zela azaldu zuen jendaurrean.
Gertaera hori dela eta, salaketa bat aurkeztu zuen Baionako epaitegian, baina kasua artxibatu egin zuten. Baionako Fiskalaren ikerketak egiaztatu zuen Mujikak deskribatutako inguru hartan Espainiako konpainietako lau telefono mugikor erabili zirela salatutako bahiketa egin zen orduetan. Fiskalak Espainiako Barne Ministerioari eskatu zion identifikatzeko nortzuk ziren telefono horien jabeak, baina telefonoek aurreordainketa txartelak zituztela argudiatu zuten Madrilen, eta, beraz, ezinezkoa zela jakitea jabeak nortzuk ziren.
Aspalditik Eskozian
Beñat Atorrasagastik —ostiral gauean atxilotu zuten, Edinburgon— bere aurka Espainiako Justiziak helarazitako euroagindua ez onartzeko eskatu zuen atzo, Edinburgoko Auzitegian —abuztuaren 2an deklaratuko du berriro; behin-behinean preso jarraituko du—. ETArekin lotura duelakoan atxilotu zuten Atorrasagasti. Akusazio hori ukatu egin du haren defentsak, eta adierazi du Atorrasagasti aspalditik bizi zela Eskozian, familiarekin eta bizimodu arrunta eginez.
Mujikaren aurkako euroagindua onartu du Pauek
Espainiaratze prozesua aste batzuk edo hilabete batzuk luza daiteke, defentsak helegitea aurkeztea erabakitzen baduAtorrasagastik eskatu du bere aurkako estradizio eskaera ez onartzeko, Eskozian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu