Ricardo Arregi kazetaritza saria. 30. urtemuga

Mundu bat hamar eredutan

'30 urte - 10 mugarri' lelopean banatu dira Rikardo Arregi kazetaritza sariak. Aurten, 30. urtemuga dela eta, euskarazko kazetaritzaren historia garaikidea zedarritu duten hamar eragile saritu dituzte. Bideoa albistearen amaieran.

Goiena. Elixabete Garmendia kazetariak eman zuen. Iban Arantzabal zuzendariak hartu zuen, eta «hizkuntza komunitatearen» esanetara aritzea giltzarri dela oroitarazi. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
arantxa iraola
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
30. urtemuga du Rikardo Arregi kazetaritza sariak, eta igarri zen atzo urtemuga biribilek ohi duten distira sariak banatzeko egin zen ekitaldian. Andoaingo Udalaren abaroan sortutako sari bat da, eta hark sustatuta bizirik jarraitu duena hiru hamarkadotan; horrexegatik, atzo ere Gipuzkoako herri horretan izan zen ekitaldia. Jende asko bildu zen. Lehen lerroan, aurten saritu dituzten hamar eragileetako ordezkariak zeuden. Propio aukeratu dituzte euskarazko kazetaritzaren historia garaikidea zedarritzeko garrantzitsuak izan direlako urteotan. Hauek, hain zuzen ere: Anaitasuna, Argia, Ttipi-Ttapa, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, EITB, Elhuyar aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria —eta haren jarraitzaile BERRIA—, Euskal Irratiak, Eibar.org eta Goiena. Hautaketa horri lotutako leloa izan zuten atzo sariek ere 30 urte-10 mugarri. Ekitaldi osoan, hitzean eta hortzean ibili zen, halaber, aldarri hau: «Izan zirelako gara». Gogora ekarri nahi izan zen, halaber, hamar eragile horiek kate luze baten mailak direla: mundu oso baten erakusgarri.

Euskal instituzioetako ordezkaritza zabala izan zen sari banaketan. Andoaingo Udalaren izenean, Ane Carrere alkateak hartu zuen hitza. «Bidegile eta bide erakusle izan diren hamar mugarri ezagutzera eman eta goraipatu nahi izan ditugu». Adierazi zuen, ordea, ez daudela atzera begira. «Aurrera begira gaude, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak izango du 31. edizioa, eta beste edizio asko. Eta, gainera, indarberrituta etorriko da. Hori da udalaren konpromisoa». Eusko Jaurlaritzatik ordezkaritza nagusia Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu zuen bere gain. «Hiru hamarkada hauetan euskarak azken mendeotako biziberritzerik azpimarragarriena bizi izan du», adierazi zuen. «Bide horretan, funtsezkoa izan da hedabide publiko zein pribatuek egin duten ahalegina euskarazko kalitatezko informazioa eta entretenimendua euskal herritarrengana helarazteko».

Nafarroako Gobernuaren izenean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izan zen sari banaketan, Ana Ollo. Nafarroako Gobernuko hizkuntza politikaren arduradun eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi ere izan zen. Arabako Foru Aldunditik Euskara, Kultura eta Kirolak Saileko Igone Martinez de Luna joan zen, eta euskara arloko zuzendariak Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioetatik, Garbiñe Mendizabal eta Ana de Castro, hurrenez hurren. Ekitaldia Rikardo Arregi zenaren hitz batzuekin hasi zuten; 1966. urtean jasotakoak, Usurbilen (Gipuzkoa), Udarregi bertsolariari egindako omenaldi batean. Suhartasuna agerikoa zen haren hitz egiteko eran. «Euskal idazle berrien» izenean ari zen, iragana goratuz, baina iturri berri izateko asmoa argiarekin: «Ez lehengoa bizi nahian». 1942an jaio zen Rikardo Arregi, Andoainen; euskaltzale sutsua izan zen, alfabetatzearen eta euskarazko kazetaritzaren hauspo ezinbestekoa. Gazterik hil zen, 1969ko uztailean, auto istripu batean. Presente egon zen atzo.

Saria ematen

Ekitaldi oso sentitua izan zen, eta ahalegina egin zuten, gainera, zentzua emateko sari bakoitzari. Hedabideen jardunean giltzarri izan diren pertsonak hautatu zituzten sariak emateko; era horretan, iragan hamarkadetako mosaikoa oraindik ere gehiago osatzen ahalegindu ziren antolatzaileak. Dani Alvarez eta Ilaski Serrano izan ziren ekitaldiaren aurkezleak. Lehenak esan zuen euskara hutsean egiten zuen lehen ekitaldia zela; pozik. Hunkigarria izan zen oso sari banaketa. Hainbat hedabidetako ordezkariek, esaterako, hildako kide maiteak ekarri zituzten gogora. Joxemi Zumalabe oroitzeko irudi batekin joan ziren saria jasotzera, adibidez, Argia-ko kideak; BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik bidean izandako hainbat lagun zendu oroitu zituen, une zailak. Aurrera begira ere jarri nahi izan zuen, eta gogora ekarri zuen zer garrantzi duten instituzioek bidean pauso irmoz jarraitzeko. «Jaurlaritzaren, aldundien eta gure sektorea biltzen duen Hekimenen artean lantzen ari diren akordioa». Hortxe ipini zuen gero hoberako esperantza.

Euskal kazetaritzaren historiaren berri emateko ondu duten Zubi lana dokumentalaren atal bat eman zuten. Arantxa Urretabizkaia idazlea da solaskideetako bat. Zati batean, diktadurako urteak ditu hizpide, egungoekin erkatuta. «Kobazulotik eguzkitara ateratzea bezalaxe izan zen». Hedabideak horretan giltzarri izan direla oroitzeko eguna izan zen. Eta etorkizuna harilkatzekoa.

[youtube]https://youtu.be/FgrCBBM_7uw[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.