MUNDUA BETE. BIDEGABEKERIA

2015eko otsailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amnesty Internationalek (AI) gaur aurkeztuko du giza eskubideen egoerari buruzko iazko txostena, giza eskubideen urraketen bilduma. Hona hemen laburpena:

AFRIKA

Inpunitatea. AIk giza eskubideen kontrako krimenen egileek daukaten inpunitatea nabarmendu du, bai gatazka armatuak dauden herrialdeetan, baita gainerakoetan ere. Alde batetik, Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorraren kontrako «erreakzio politikoa» izan dutela; bestetik, Afrikako Batasunak handitu egin duela gizateriaren kontrako krimenengatik epaitu ezin diren agintarien eta goi karguen multzoa. «Estatuburuek eta gobernuburuek beren buruak babestu zituzten», dio txostenak. «Bakea, segurtasuna eta justizia lortzeko aurrebaldintzetako bat da Afrikako estatuek bertan behera uztea nazioarteko justiziaren kontrako eraso bateratua, eta inpunitateari aurre egiteko jarrera izatea».

AMERIKA

Giza eskubideen urraketek ez dute etenik —«disidentzia kriminalizatu egiten da»—, baina urraketa horiei kalean emandako erantzun jendetsuak goraipatu ditu AIk. Hala ere, poliziek eta militarrek protesta horien kontra «gehiegizko indarra» baliatu dutela salatu du AEBetan, Brasilen, Kanadan...

AEB. «Eskualdean AEBek bakarrik aplikatu dute heriotza zigorra». 34 lagun hil zituzten iaz, 1994tik kopuru apalena. 1976tik 1.394 izan dira.

AIk kargu hartu dio AEBetako Gobernuari, torturaren erabilera onartu bai, baina ez duelako ezer esan kontuak emateaz eta egindako kaltea erreparatzeaz. «Horrek erakusten du AEBek etengabe uko egiten diotela beren nazioarteko betebeharrak betetzeari».

2013ko urria eta 2014ko uztaila artean bakarrik zeuden 52.193 migratzaile adingabe atxilotu zituzten, aurreko hamabi hilabeteetan halako bi.

ASIA ETA OZEANIA

Giza eskubideen kontrako jarrera eta ekintzak ugaritu direla dio AIk, «askotan emakumeen gidaritzapean». Ekintzaile horiek, baina, gobernuen jazarpena jasan behar izan dute. Iraganeko eta gaur egungo giza eskubideen urraketa asko zigorrik gabe geratu dira. AIk Indiako, Kanbodiako eta Sri Lankako kasuak nabarmendu ditu.

Heriotza zigorrak indarrean daude Txinan, Japonian, Vietnamen, Indian, Malaysian, Pakistanen, Afganistanen...

EKIALDE HURBILA ETAAFRIKA IPARRALDEA

Israel eta lurralde okupatuak. AIk Israelek gerra krimenak salatu ditu, Gazaren kontrako uztaileko erasoa batez ere: 2.000 herritar inguru hil zituen, horietatik 1.500 baino gehiago zibilak eta 539 haur. 110.000 palestinarrek alde egin behar izan zuten.

Irak. «Estatu Islamikoak gerra krimen orokortuak egin ditu, gutxiengo etnikoen eta erlijiosoen garbiketa etnikoa barne». Era berean, gobernuari kontrolik gabeko bonbardaketak, bahiketak eta hilketak egitea leporatu dio. Emaitza: 10.000 zibil baino gehiago hilda, eta bi milioi herritarrek alde egin zuten herrialdetik. Milaka lagun daude preso, epaiketarik gabe.

Siria. Giza eskubideen urraketak «nabarmenak» izan dira, bai gobernuaren aldetik, bai gainerako talde armatuen eskutik. NBEren arabera, 200.000 herritar baino gehiago hil dira gatazkan, 7,6 milioi herritar mugitu dira herrialdean zehar eta lau milioi errefuxiatu inguru daude Siriatik kanpo.

EUROPA

Errefuxiatuen mugimendua azpimarratzen du. Bigarren mundu gerratik izan den mugimendurik handiena: 50 milioi pertsonek utzi dute bizilekua hainbat gatazkengatik, eta nazioarteko komunitateak haiek babesteko oztopoak jarri ditu. Siriako kasua aipatzen du. Milioi eta erdik utzi duteSiria, eta Europak 150.000 baino ez ditu hartu, Turkiara astebetean iritsi zen kopuru bera. Bestalde, 3.400 hil dira Mediterraneoan, itota, Europara sartzeko ahaleginean.

Espainia. Ehunka lagun atxilotu dituzte, eta isunak jarri, manifestazio baketsuetan parte hartzeagatik. Isilarazteko Legearen eta zigor erreformaren bidez adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea gehiago murriztu dira, txostenaren arabera.Bestalde, «terrorismoaren susmopean» atxilotuei inkomunikazioa ezarri diete, «nazioarteko aholkuei muzin eginda». Halaber, frankismoa ikertzeko oztopoak salatu ditu.

Frantzia. Romanien salaketak jasotzen ditu txostenak. Ezohiko bizilekuetatik erauzi zituztela salatzen du. Bestalde, sexu bereko bikoteak ezkontzeko eskubidea lortu dute, lege aldaketari esker.

Ukraina. Gobernuak Europara ez batzeko hartutako erabakiaren ostean, protestak indartu ziren, errusiazale eta europazaleen artean. AIren arabera, 2014an 4.000 pertsona hil ziren gatazka armatuaren ondorioz, gehienak zibilak. Milioi bat pertsonak utzi du bere bizilekua gatazkaren ondorioz, gehienak Ukrainako beste zonalde batetara edo Errusiara joan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.