Duela ehun urteko uztailaren 29an, Austria-Hungariako inperioak Serbiari eraso zion, denek bultzatu, baina inork espero ez zuen hondamendi bat abian jarriz. Zauriak mundu osora zabaldu ziren, belaunaldi oso bat irensteraino: 17 milioi hildako. Gerora, Versaillesen garaileek egindako irakurketaren erruz, Alemania izendatu zuen historiak errudun eta erantzule bakar, bera izan baitzen Austria-Hungariari azken bultzada eman ziona. Baina Errusiak aurreko gerretan galdutakoak berreskuratu eta mugak sendotu nahi zituen; eta Frantziak eta Britainiar inperioak Alemania geldiarazi nahi zuten, hark gerra irabaziz gero Europako indar oreka irauliko baitzen.
Borrokek zuzeneko eragina izan zuten Euskal Herrian. Frantziak 18-49 urte bitarteko gizon guztiak deitu zituen, tartean, noski, Ipar Euskal Herrikoak. Azken horietatik gehienak Baionako 49. infanteria erregimenduan eta Paueko 18.ean sartu zituzten. Abuztuaren 10ean 25.000 soldadu abiatu ziren Baionatik gerrara. Pirinio Beheretik 45.000 bat izan omen ziren. Joan ziren guztietatik 6.000 inguru ez ziren inoiz itzuli.
Bitartean, Hego Euskal Herrian, Espainia neutralaren menpe egonik, negozio bilakatu zen gerra izugarri hura. Itsasoko batailek gorakada handia ekarri zioten Bizkaiko ekonomiari. Ramon de la Sotak Eduardo Aznar lehengusuarekin batera Sota y Aznar ontzi enpresa sortu zuen, zeina Londresen ikatz eta burdina hornitzaile nagusi bilakatu zen. 1914tik 1918ra bitartean irabaziak %1.300 inguru hazi zitzaizkion enpresari. Eibar eta Gernikako armagintza enpresek ere loraldia bizi izan zuten gerra garaian. Bakea iristean, ordea, irtenbide berriak bilatu behar izan zituzten, bizikletak eginez batzuek eta josteko makinak besteek.