“Ez gaude Bilbon, baina Basauri Bilboren ondoan dago”. Hitz horiekin erakutsi nahi izan du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Idomek egin berri duena bilbotarkeria bat dela. Alegia, munduko eguzki teleskopio handienarentzako estruktura egin du Basauriko enpresa horrek, eta utzi du bere jabearen eskuetan: AEBetako eguzki behatoki nazionalaren esku, hain justu. Azpiegitura gaur eman dioten arren, datorren astean hasiko dira desmuntatzen. Eta Hawaiira eramango dute ondoren, Maui uhartean dagoen Haleakalako behatokian jarriko baitute. Teleskopio horri esker, eguzkia inoiz ez bezala ikusi ahal izango da, Lurraren eta eguzkiaren arteko harreman berri bati hasiera emanez, behatokiko arduradunen hitzetan.
Ez da nolanahiko estruktura izango: 27 metro zabal eta 22 metro garai da. Basauri Hilfa enpresan frogak egin ondoren, gaur berriz ere jarri dute martxan, eta hala esan du Gaizka Murga proiektuaren zuzendariak: “Goi mailako teknologia da, tamaina horietako azpiegituraren mugimenduek milimetroetako prezisioa eduki behar baitute”.