Ea ETAren indarkeria irmoki gaitzesten zuen galdetu zion iaz Angela Murillo epaileak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari, akusatuen aulkian zuela. 2005ean, Jose Mari Sagardui Gatza-k preso 25 urte egin zituela-eta ekitaldi batetan parte hartzeagatik epaitu zuenean egin zion galdera Murillok. Ez ziola erantzungo esan zion Otegik, eta «banekien», erantzun zuen epaileak. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten akusatuari, «terrorismoa goratzea» egotzita. Baina Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen zigorra. Epaimahaiburuaren hitzetan «aurreiritzia» ikusita, epaiketa errepikatzeko agindu zuen. Hala ere, Bateragune auzian epaile berek epaituko dituzte bai Otegi bai gainerako akusatuak, Auzitegi Nazioalak hartutako erabakiaren arabera.
Iazko aurrekaria ikusita, epaimahaia aldatzeko eskatu zuen Otegiren defentsak, Murillo buru duena ez dela inpartziala argudiatuta. Atzo aztertu zuen eskaera Auzitegi Nazionalak, eta ezezkoa eman zuen. Orain epaitu behar duten auzia beste bat dela argudiatu du. Beraz, ez dela epaile inpartzialerako eskubidea urratzen, «auzi honi buruzko iritzirik ez duenez aurreratu, ezin baita esan aurreiritziz ari dela».
Erabakia ez dute aho batez hartu. Bederatzi epaileren oniritzia izan du, eta biren aurkakotasuna. Bi horietako batek, Javier Martinez Lazarok, boto partikularra plazaratuko du erabakiaren berri emateko autoa kaleratzen denean. Izan ere, Auzitegi Nazionalak ohar bidez eman zuen berria atzo, eta aurrerago plazaratuko du argudioak biltzen dituen autoa.
Beste aldaketarik ezean, beraz, Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Juan Francisco Martelek epaituko dute Bateragune auzia.
Murillok Otegi berriz ez epaitzeko eskaera atzera bota du auzitegiak
Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martelek epaituko dute 'Bateragune auzia'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu