Murrizketak kritikatu dituzte NaBaik, Bilduk eta UGTk

Hezkuntza publikoaren aldeko apustua egin dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari UGT, Bildu eta NaBaik

Iruñea
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Nafarroa Baik, Bilduk eta UGTklegegintzaldia hasi zenetik Nafarroako Gobernuak hezkuntzan egindako murrizketak salatu dituzte. Hiru taldeek adierazi dutehezkuntza publikoa mantentzeko, garatzeko eta hornitzeko «oinarrizkoa» dela baliabideak bermatzea, eta murrizketak gelditzeko eskatu dute. Nafarroako Gobernuaren jarrera ezbaian jarri dute UGTk eta Bilduk, diru gutxitzeak «sindikatuei eta hezkuntzako erakundeei jakinarazi gabe» egin dituztela azpimarratuz. Bilduk jakinarazi duenez, murrizketa horiek zuzenean eraginen die eskolen antolaketa lanei ikasturte hasieran.

Aitziber Sarasola Bilduko parlamentariak prentsaurreko batean atzo nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak «modu eskasa» duela lan egiteko. Izan ere, aurreko astean gobernuak DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako 250 lanpostu inguru gutxiago eskaini zituen. «Nafarroako Gobernua ezkutuko lan erregulazio espedientea egiten ari da», adierazi du Sarasolak.

Hezkuntzako aurrekontua ez dela nahikoa igo gaineratu du Bilduko ordezkariak. «Talde kopurua %9 igo da, eta aurrekontua, %1,86 bertzerik ez». Horregatik, Bilduk mozio bat aurkeztu du parlamentuan. Hartan, Nafarroako Gobernuari eskatu dio hezkuntza publikoaren alde egiteko, eta haren jarraipena bermatzeko.

«Pribatuaren alde»

Nafarroa Baik, bertzalde, ohar baten bidez salatu du UPNk eta PSNk «hezkuntza pribatuaren aldeko apustua» egin dutela. Nekane Perez NaBaiko parlamentariak Nafarroako hezkuntza kontseilariari, Jose Iribasi, hurrengo bilkuran erantzuteko galdera bat egin dio. Horren bidez, NaBaik jakin nahi du gobernuak zenbat aurreztu duen hezkuntzako lanpostuak murriztuta.

UGTko FETE Irakaskuntza Langileen Federazioko idazkari nagusi Yolanda Salinasek ere murrizketa gehiagorik ez egiteko eskatu du. «Aurreko hezkuntza itunekin lortutako lorpenak berreskuratu beharra dago», adierazi du. Egoera konpontzeko politikarien konpromisoa eskatu du sindikatuak.

Nafarroako Gobernuak liburuen doakotasuna berriro aztertuko duela esanez eginiko iragarpenari buruz ere aritu dira Bildu eta NaBai. Itxura egitea egotzi dio NaBaik gobernuari: «Neurri oso sozialtzat saldu du gaia, gehien dutenei gehiago ordainaraziz». Hala ere, zergak igotzerakoan ez duela neurri bera jarraitzen kritikatu du.

Bilduk erran du berraztertzea onuragarria izan daitekeela. Hala ere, ohartarazi du «hezkuntzan murrizketa gehiago egiteko aitzakia» izan daitekeela.

Bakartxo Ruiz Bilduren Nafarroako Parlamentuko eledunak salatu du gobernuak osasun arloan egin dituen murrizketak. Marta Vera Osasun kontseilariaren izendapena «kasualitatea» ez dela adierazi du. «Kudeaketa ekonomikorako egokiagoa litzateke». Gainera, nabarmendu du kontseilaria oraindik ez dela agertu parlamentuan.

Osasun publikoaren alde egiteko eskatu dio Bilduk gobernuari: «Ez du irmo adierazi osasun sistema publiko eta unibertsalaren aldeko konpromisoa». Osasunbidean dauden arazoak konpontzeko, sindikatuekin lan saio bat egiteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.