Hezkuntzaren esparruan azkenaldian iragarritako eta gauzatutako mobilizazioei bat gehiago gehitu zaie: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeatzen duen Haurreskolak partzuergoko langileena. Arrazoia ere, bera: murrizketak aurrekontuan, soldatetan, lan balditzetan eta, horren guztiaren ondorioz, zerbitzuaren kalitatean. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deituta, egun osoko greba egingo dute urriaren 6an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroetako hezitzaileek zein kudeaketa alorreko beharginek.
Milioi bat euro gutxiago eman dio Jaurlaritzak partzuergoari 2011n. «Ikasturtea amaitu bezala hasi dugu, murrizketekin; beraz, kalera atera beste aukerarik ez zaigu geratzen», azaldu du ELAko ordezkari Begoña Anakabek. Izan ere, aldaketa nabarmenak izan dira beharginen lan baldintzetan, EILASeko Egoitz Isasik azaldu duenez: «Hainbat hezitzaile erreferentziazko haur eskoletatik mugitu dituzte, ordezkapenik ez da egiten, eta haur eskola txikietan hezitzaile kopurua murriztu egin da, bakarrera heldu arte».
Giza baliabide faltak, era berean, zerbitzuaren funtzionamenduan eta antolakuntzan eragiten du. Sindikatuek gogora ekarri dute haur eskoletan «lan pedagogikoa» egiten dutela eta horretarako denbora behar dela; murrizketen ondorioz, baina, nekez ari dira: «Oso zaila da koordinazio eta prestakuntzarako denbora hartzea».
Lan hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu ezinik dabiltzala gaineratu dute. 2009ko abendutik iraungita dute ituna, baina ordura arte indarrean zegoena ere ez dela betetzen salatu du LABeko Leire Garrok: «Gainera, 2009ra arte geneukan hitzarmenak ez die erantzuten egoera berriei, adibidez, langile finkoen baldintzei». Uztailean negoziazio mahaia osatzeko eskatu zuten, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.
Hala, sindikatuek berretsi dutekrisi ekonomikoa sortu ez dutenak ari direla ondorioak ordaintzen: «Zerbitzu publikoak murrizten eta langileen lan eta gizarte eskubideen zapalketan oinarritutako politika egiten jarraitzen du administrazioak». Beraz, Haurreskolak partzuergoaren aldeko apustua egitea eta murrizketak alboratzea galdegingo diote Jaurlaritzari urriaren 6ko greban. Donostian egingo duten manifestazioaren ostean, «aurrerantzean jarraitu beharreko pausoen berri» emango dute.
Izan ere, ez da murrizketen harira protesta egiten duten lehen aldia. 2010eko udan, Espainiako Gobernuak aginduta, behargin publiko guztiei aplikatutako soldata murrizketa gauzatu zien Jaurlaritzak partzuergoko langileei. 2010-2011ko ikasturtean lau lanuzte egin zituzten, eta erabaki hari jarritako helegitea onartuta, Jaurlaritzak soldata osorik ordaintzea lortu zuten.
Ikasturte honetan, baina, ez dirudi gauzek hobera egingo dutenik. Abagune horretan, Egoitz Isasik azaleratu du aurrekontu murrizketa ez datorrela bat Jaurlaritzak sustatutako Haur-etxeak proiektua martxan jartzearekin. Umeak zaintzaileen etxeetan hartzeko zerbitzua «eskasagoa eta pribatua» dela argudiatu du: «Haurreskolak partzuergoaren helburuarekin talka zuzena egiten du, ez duelako garatzen haurren hezkuntza integrala».
Hedapena, geldirik
Beharginen lan baldintzei ez ezik, Haurreskolak partzuergoaren hedapenari ere eragin diote murrizketek. Izan ere, Jaurlaritzak ez du aurreikusten zentro berririk irekitzea, ezta martxan daudenetan gela berriak zabaltzea ere. Hortaz, partzuergoa sortu zenetik hamar urtera ezarritako helburua ez da beteko, 0-3 urte bitarteko umeen %40 hartzeko azpiegiturarik ez dagoelako. Hezkuntza eskubidea urratzen ari dela dio Garrok: «0 urtetik unibertsitatera arte hezkuntza zerbitzu publikoa izan dadin inbertitu behar da. Bakoitzak doako toki bat edukitzeko aukera izatea da xedea».
Murrizketak salatzeko, urriaren 6rako grebara deitu du Haurreskolak sareak
LAB, ELA eta EILASen arabera, giza baliabide gutxiago izanik, langileek ezin dute lan pedagogikoa bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu