Nafarroako institutuetan aritzen ziren 200 irakasle kanporatzeak ez du atzera bueltarik. Hori berretsi du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, Nafarroako Parlamentuan egindako lehen agerraldian. Areago, gehiago izan daitezkeela uste izateko bidea zabaldu du: «Hobe da lehenbailehen onartzea ez dagoela dirurik; frustrazioak saihestuko dira horrela». Egoera ekonomikoa «zaila» dela adierazi du, eta murrizketak ezinbestekotzat jo ditu: «Guztiok barneratu behar dugu baliabide gutxiagorekin kudeatu behar dugula hezkuntza. Lortutako kalitatea kaskartu gabe ere egin daiteke hori».
Sindikatuetako kideak atarian protestan zirela egin zuen atzo estreinako agerraldia Iribasek parlamentuan. Negoziatzeko eskua luzatu diote langileen ordezkariek kontseilariari: «Hizketan aritzeko bilera bat ez dugu behar, negoziaziorako mahai bat baizik». Expe Iriartek, LABeko ordezkariak, lehentasunezko auzi bat dagoela adierazi du: ordezkapenena. Ikasturtea hasita ere irakasleak falta direla ohartarazia dute.
Ordezkapenen gaia mahai gainean jartzea aitzakia besterik ez da, kontseilariaren iritzian. «Aurrena eskola orduak 18 ordura pasatzea izan zen, Bigarren Hezkuntzako irakasle gehienek neurria auzitan jarri ez bazuten ere; argudio hori agortu zaie orain, eta ordezkapenen gaia atera dute». Greba deialdia aurrez aurre dauka Nafarroako Gobernuak: urriaren 27rako egina dute deia. «Sindikatuak aitzakia bila ari dira etengabe, justifikaezina justifikatzeko. Grebak ez dauka nondik heldu».
Kalitatea ezbaian dagoela salatu dute sindikatuek eta hezkuntza komunitateko beste eragileek. Ukatu egin du Iribasek, eta aukera berdintasunak jarraituko duela nabarmendu du. Bekak handitzea jarri du horren adibide: «Aldatu dira irizpideak, eta handitu kopuruak eta lortzeko aukerak».
Ikasturte berrirako helburuen berri emateko agerraldia zuen, eta irakasleak hartu zituen hizpide. Institutuetan maisu-maistrei astean eskola ordu bat gehiago jarri eta haietako 200dik gora bota dituztelarik, irakasleek ohartarazi zuten ezbaian ikusten dutela euren irudia. Hori hobetzeko lan egingo duela hitzeman du kontseilariak: «Gizartearen aurrean prestigioa eman behar diogu irakasleen eta ikastetxeen lanari».
Zuzendariak, gogoetan
Lehentasuna atzerriko hizkuntzak eskoletan sartzean jarri du Iribasek. «Hezkuntza sisteman eleaniztasuna ahalik eta gehien garatzea dugu helburu». Atzerriko hizkuntzetan eskolak eman ditzaketen irakasleak lortzen saiatuko dela esan du. Euskararentzat, ordea, ez du ikusi berrikuntza beharrik: «Euskaren Legeak baliozkoa izaten segitzen du. Gaurkotasuna dute haren printzipioek». Eta unibertsitatean, diru laguntza baldintzatuak iragarri ditu NUPentzat: «Oinarrizko aurrekontua nahi dugu, jardunari eusteko modukoa, eta gero beste atal bat, xedeak betetzearen araberakoa». Jaurlaritzak ere antzera egin du unibertsitate planean.
Murrizketek eragindako gorabeherek gaur izan dezakete hurrengo jira. Bilera dute institutuetako zuzendariek, dimititzea aztertzeko. Uztailean aztertu zuten, eta gaurko utzi zuten erabakia.
Murrizketek atzera bueltarik ez dutela berretsi, eta egoera onartzeko eskatu du Iribasek
Nafarroako Hezkuntza kontseilariak uste du ez dagoela greba egiteko arrazoirik: «Sindikatuak aitzakia bila ari dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu