Murrizketek hezkuntza publikoari bakarrik eragin izana salatu dute gurasoek

Kalitatezko ereduaren alde, sindikatuei babesa adierazi diete etorkizunean egin ditzaketen protestetan

Carmen Nieto eta Santiago Alvarez, Herrikoako heziketa koordinatzailea eta zuzendaria, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak hezkuntzan egin dituen murrizketak gogor salatu ditu Herrikoa guraso elkarteen federazioak. Gainera, murrizketek eredu publikoari bakarrik eragin diotela nabarmendu du. Sindikatuek egindako lana txalotu, eta haien aldarrikapenei babesa agertu die Santiago Alvarez zuzendariak: «Irakasleak babesten ditugu, eta haien samina ulertzen dugu». Eredu publikoa «babesteko» har ditzaketen protesta neurriekin begirunez jokatzeko ere eskatu du Alvarezek.

Eredu publikoa jomuga dutela uste du Alvarezek. Esan duenez, hitzartutako ikastetxe pribatuek ez dute murrizketarik jasan. «Erabakiak hartzen dituztenek» seme-alabak eredu pribatura eramaten dituztela gogorarazi nahi izan du, eta horregatik adierazi du Jose Iribasen departamentuak ez duela babesten eredu publikoa. «Ardien babesa otsoaren esku uztea bezala da».

Nafarroako ikasleen %65ek hezkuntza eredu publikoan ikasten dute, eta beharrizan bereziak dituztenen %80k. Horregatik, murrizketak egiterako orduan, Hezkuntza Departamentuak beste neurri batzuk hartzeko aukera aipatu dute; adibidez, sexuen araberako banaketa egiten duten eskolei emandako diru laguntzak, erlijio irakasgaiaren finantzaketa edo derrigorrezkoa ez den hezkuntza ematen duten zentroak berrikustea. Izan ere, derrigorrezkoa ez den hezkuntza pribatuari 35 milioi euroko diru laguntza ematen zaiola azaldu dute.

Eskola publikoa defendatzeko, sindikatuek etorkizunean eginen dituzten protestak begi onez ikusi ditu Herrikoa federazioak. Hala ere, ez dute nahi ikasleei zuzenean eragingo dien neurririk: «Ulertzen ditugu mobilizazioak, manifestazioak, eta greba ere bai; baina ez genuke ulertuko, adibidez, ekimen osagarrietan edota aste zurian ez parte hartzeko erabakia». Bidenabar, sindikatuek hartuko dituzten erabakiak babesteko deia helarazi diete gurasoei.

Ordezkapenekin izandako arazoak ere hizpide izan ditu Alvarezek. Ikasturte hasierako afera da hori. Ikastetxeetako zuzendaritzei jakinarazi zieten ordezkapenak geroago eginen zirela arrazoi ekonomikoengatik: Lehen eta Haur Hezkuntzan irailaren 16ra arte ez zituztela beteko, eta Bigarren Hezkuntzan, berriz, 26ra bitarte. Herrikoaren aburuz, neurri hori «zuzendu» egin zuen Iribasek, sindikatuen, zuzendaritzen eta familien aldarrikapenei esker

Dena den, Haur eta Lehen Hezkuntzan arazoak izan dira ikasturte hasieran, Alvarezek jakinarazi duenez. «Ikastetxe batzuetan irakasleak falta izan dira, eta, oraindik falta dira; beraz, langile taldeak ez daude osaturik, eta ez dute behar bezala funtzionatzen». Adibidez, Remontival ikastetxe publikoan irakasle bat falta da, eta Hegoalde ikastolan ere hutsuneak daude. Erronkarin Matematika irakaslea falta dutela ohartarazi dute eskolako kideek. 25 ikasle baino gehiagoko taldeak egin dituztela salatu du gurasoen elkarteen federazioak, eta gela berriak irekitzeko eskaerei uko egin dietela, D ereduan batez ere.

Iribasek zuzentzen duen departamentuak egin dituen murrizketek 150 irakasle lanik gabe utziko dituela salatu du Herrikoak. Gainera, hezkuntza publikoaren kalitatean eragina izanen duela ere esan du.

Doako liburuak

Ikasleek doako eskola liburuak jasotzeko legea berrikusiko duela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Liburuen doakotasuna gurasoen errentaren arabera neurtu nahi du Yolanda Barcinaren gobernuak. Herrikoak salatu du UPNk legea «deuseztatu» egin nahi duela. «Argitaletxeen eta berriro ere ikastetxe pribatuen ildoa gailentzen ari da UPN alderdian». Eskola liburuei buruzko legea «halabeharrez» onartu zutela uste du Alvarezek, eta, beraz, ez dutela asmorik izan sor zitezkeen arazoak konpontzeko. Eskola liburuen doakotasunaren «babesle sutsuak» direla nabarmendu du, eta doakotasuna beste material batzuetara zabaldu beharko litzatekeela defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.