Murrizketa bat bestearen atzetik heltzen ikusi dute azken urteotan Barkoxeko eskola publikoan (Zuberoa), eta protesta egitea erabaki dute ikasleen gurasoek. Hamar aita-ama inguruk itxialdia egin zuten atzo ikastetxean, euskarazko irakasle postu erdi bat desagertzeko zorian dela salatzeko.
Egun 25 ikasle ditu Barkoxeko eskolak, baina datorren ikasturtean 23ra egingo du behera kopuruak. Egun, bi irakaslek egiten dute lan bertan, biak lanaldi osoan, baina batek euskaraz eta besteak erdaraz. Gurasoek salatu dutenez, ikasleak gutxitzearen harira, euskarazko postu erdi bat kendu nahi diote eskolari.
Gurasoek uste dute murrizketa gertatuko balitz kalte egingo litzaiokeela irakaskuntza elebidunari eta, horrez gain, hezkuntzaren kalitatea ere jaitsiko litzatekeela, lanaldi osoko irakasleak irakastordu eta ikasle gehiago izango lituzkeelako. Halaber, azken lau urteetako hirugarren murrizketa izaki, ikastetxearen geroa ere arriskuan ikusten dute.
Atzoko ekimena, hortaz, ez da bakarra izango. Ostiralerako mobilizazio gehiago iragarri dituzte Barkoxeko gurasoek.
Murrizketen aurka, Barkoxeko eskola publikoan itxialdia egin dute gurasoek
Ikasle kopuruak behera egin duela eta, euskarazko irakasle postu erdi bat kendu nahi dute ikastetxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu