Bizkaiko Golkoan Lasti Ondarroako (Bizkaia) ontzian zihoan Mutrikuko (Gipuzkoa) arrantzale bat desagertu egin zen igande goizean eta haren bila dihardute. Manuel Goenaga da hura eta 56 urte ditu. Makinista ziharduen, urritik; aurretik, beste hainbat itsasontzitan lan egindakoa da.
Gironda (Frantzia) aldean zihoazen, eta atzo goizetik Frantziako itsas armada ibili da bilatze lanetan. Gaur ere ez dute aurkitu Bordele gaineko uretan, eta Espainiaren esku utzi du zeregina.
Gaur goizeko bederatzietan porturatu da Ondarroan Lasti ontzia, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren webak dioenez, eta bilaketa lanak "oso gaitzak" izan daitezkeela uste dute tripulaziokideek. Izan ere, inork ere ez daki zehatz ez zer ordutan ez zein lekutan galdu zen Goenaga zapatutik domekarako goizaldean. Goizeko seietan eman zuten desagerpenaren berri itsasontziko kideek. Bost eta ordu lehenago ikusi zuten hura azkeneko aldiz. "Helikoptero bat eta hegazkin bat ibili ziren atzo egun osoan bila, 25 kilometro gorantz eta beherantz, arrastorik ere eduki barik non gertatu zen", azaldu du Alejandro Uranga patroiak.
Ontziko koipeztatzailea eta biak Ertzaintzaren argipen unitate bategaz batzartu dira gaur, azalpenak ematen. Bihar bertan itsasoratu behar dira ostera ere.
Hamabi lagunek osatzen dute tripulazioa, eta haietatik sei euskal herritarrak dira.
Gizartea
Mutrikuko arrantzale baten bila dihardute Bizkaiko Golkoan
Asteburuan desagertu zen. Frantzian zihoan, 'Lasti' Ondarroako itsasontzian. Hau gaur iritsi da Ondarroara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu