N-121-Ako lanen eragozpenek 2009ko udara arte iraunen dute

Irun eta Igantziko benten arteko 17 kilometroetako lanetan 140 milioi euro inguru inbertituko dituzte

Asier Azpilikueta.
2008ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Astean bi egunetan, gutxienez, leherketa txiki kontrolatuak egiten dituzte Iruñetik Irunera doan N-121-A errepideko lanetan. Errepidea bi orduz itxiko dutela abisatzen dute. Baina etenaldiak ordu gehiagokoak ere izan dira, leherketek behar baino harri gehiago barreiatu dituztenean. Leherketarik ez dagoenean, ibilgailuak pasatzen ahal dira, baina mantso, eta batzuetan semaforoa paratu izan dute, alde batekoak eta bertzekoak txandakatzeko.

N-121-A errepideko erabiltzaileek halakoak jasan beharko dituzte, Igantziko bentak eta Irun arteko zatian, 2009ko udara arte, gutxienez. Orduan bukatuko baitituzte errepidea zabaltzeko eta hobetzeko lanak. Diotenez, 10.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen da errepide horretatik egunero-horien laurdenak kamioiak dira-. Gipuzkoan lan egiten duten bortziriarrek, eta Bortzirietan lan egiten duten gipuzkoarrek egunero pasatu behar izaten dute hortik.

Lanak direla eta, apenas jaitsi den hortik pasatzen den kamioien kopurua. Iruñea eta Andoain arteko A-15 autobidetik joatea gomendatzen die kamioiei Nafarroako Gobernuak. Ezin dituela behartu dio Gobernuak. Eta ez dirudi kamioiek kasu handirik egiten diotenik. Kamioilariek diote, lanak gorabehera, 20 minutu lasterrago joaten direla N-121-A errepidetik, autobideko 6 euroak ez dituztela ordaindu behar, eta jatetxe eta gasolina gune gehiago dituztela.



AUTOBIA EZ DEN ERREPIDE HANDIA.N-121-A errepideak 80 kilometro egiten ditu Iruñetik Irunera. Errepide arriskutsua izan da beti. Estua da, eta bihurgunez beterik dago. Gainera, kamioi askok erabiltzen dute errepide hori, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga iragateko. Baina, zirkulazio handia izanagatik ere, ez da autobidea. Erran nahi baita, bi noranzkoko bideak elkarren ondoan ditu. Eta horrek istripu anitz eragin ditu. Eta hildako anitz. 2005. urtean, erraterako, hamabortz pertsona hil ziren errepide horretan.

Errepide hobea egite aldera, eta, batez ere, segurtasuna handitze aldera, hobekuntza lanak egiten ari dira N-121-An, 1986. urtetik. Mendiei zatiak kenduz, zenbait tokitan hiru bide jarri dituzte, edo tunelak ireki dituzte, edo saihesbideak egin dituzte, eta horrela kendu diote malda bideari, eta bihurguneak leundu dituzte. Eta horretan ibili dira azken urteetan, Iruñetik Bortzirietarako zatian.

Bortzirietatik Irunerako zatia moldatzen hasteko, behar baino denbora gehiago behar izan dute. Izan ere, Nafarroatik itsasora joateko, 6,3 kilometroko errepide zatia egin zuen Nafarroako Diputazioak 1852an, Endarlatsatik Irunera, hau da, Gipuzkoan. Errepide zati hori, beraz, Nafarroako Diputazioarena zen, nahiz eta Gipuzkoan zegoen. Eta halako bitxikeria batek desadostasunak sortu ditu alde batekoen eta bertze aldekoen artean.

XXI. mende hasierako urteetan, Nafarroako Gobernuak EAEko erakundeekin zituen hainbat lotura askatu zituen -hala nola, euskarari buruzkoak-. Baina Gipuzkoako Aldundiarekin kolaboratzen segitu behar izan zuen errepide kontuetan. Gutxieneko kontuetan. Izan ere, errepidea hobetzeko akordioa lortzen kostatu zitzaien. 2004ko maiatzean ailegatu zen akordio hori. Horren arabera, Nafarroako Gobernuak Gipuzkoako Aldundiari eman zion errepidea erabiltzeko eskubidea, Aldundiak konpromisoa hartu zuen zati horretako lanak berak ordaintzeko, eta Gobernuak konpromisoa hartu zuen «epe ertainean» errepidearen jabetza Aldundiari emateko.

Akordioa sinatu bai, baina ez ziren berehalakoan lanean hasi. Ez, behintzat, inguruko herrietako alkateen eta herritarren irudikoz. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren hasierako asmoen arabera, 2012rako bukatuko zituzten lanak.

Lanak lasterrago egitea nahi zuten herritarrek Auzolan N-121-A taldea sortu zuten -errepide baten alde eta ez kontra sortu diren herri talde bakanetakoa-. Hainbat aldiz itxi zuten errepidea. Alkateak ere ez ziren geldirik egon, eta Iruñeko zein Donostiako bulegoetan makina bat bilera egin behar izan zuten. Eta beraiek lortu zuten, hein batean, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko desadostasunak konpontzea.

2005. urtean, hamabortz pertsona hil ziren N-121-A errepidean gertaturiko istripuetan. Eta, ziurrenik, eta, tamalez, horrek indar handiagoa eman zien herritarren eta alkateen eskaerari. Hala, 2007ko apirilean paratu zuten Igantziko bentak (Berrizaun) eta Irun arteko errepide zatia zabaltzeko eta hobetzeko lanen lehen harria. Lanak, benetan, udazkenean hasi ziren. Eta 2009ko udan bukatuko omen dituzte.



NORK BERE ZATIA ORDAINDUTA. Hamazazpi kilometro inguru moldatu behar dituzte, zati horren %70ean hiru bideko errepidea egon dadin. Bi tunel ere eginen dituzte. Horretarako, 140 milioi euroko aurrekontua baliatuko dute. Mariezkurrena enpresa egiten ari da Irun eta Bera arteko zatia. Ecay Andueza, Obrascon Huarte Lain eta Idecansa etxeak, berriz, Bera eta Igantzi artekoa egiten ari dira. Gipuzkoako lanak Gipuzkoako Aldundiak ordainduko ditu, eta Nafarroakoak, Nafarroako Gobernuak.

Endarlatsako zubitik ez dira bi kamioi batera pasatzen ahal. Hori dela eta, zubi berria eginen dute. Javier Manterola arkitektoak diseinatu du, eta Aldundiaren eta Gobernuaren artean ordainduko dute. Pentsatzekoa da zubi berrian bi kamioi sartuko direla. Eta batzuek pentsatzen dute, errepidea zabaldu eta hobetuko dutenez, lehen baino kamioi gehiago pasatuko direla hortik. Are gehiago, batzuek uste dute urte batzuen buruan errepidea txiki geldituko dela berriz. Hori guztia ikusteko dago. Hori baino lehen, oraingo lanak bukatu behar dituzte. 2009ko udan, aurreikuspenen arabera.

Lanek kritikarik jaso dute. Adibidez, EAk salatu izan du leherketek ordu anitzez itxi dutela errepidea zenbaitetan. «Planifikaziorik eza» leporatu dio EAk Nafarroako Gobernuari lan hauek direla eta. EAren ustez, «Nafarroako Gobernuak konponbiderik errazena eta merkeena aukeratu zuen, hau da, lanak oraingo errepidetik egitea, eta horrek eragozpen handiak sortzen dizkie erabiltzaileei».



«Pazientzia,

onerako baita»
N-121-A errepidearen eguneroko erabiltzaileek beharrezkotzat jotzen dituzte egiten ari diren lanak, eta bukatu arte jasanen dituzten eragozpenak pazientziaz hartzen dituzte.
asier azpilikuetA

Iruñea

Pazientzia behar dela dio Berako alkateak, Josu Iratzokik. Bera izanen da, ziurrenik, N-121-A errepideko lanetako eragozpenak gehien nozitzen ari den herria. Eta Berako alkateak dio «pazientzia» behar dela, lanak «beharrezkoak» zirela, eta «segurtasunaren aldetik behinik behin onura» ekarriko dutela. Beratar askoren iritzia hori dela dirudi, askok aipatu baitituzte pazientzia, segurtasuna eta onura.

Iker Igoa egunero joaten da Beratik Donostiara, lanera. Lanek ez diote enbarazu handirik egiten, antza. Lanean hasi baino lehen pasatzen baita Endarlatsatik, goizeko zortziak aldera, eta lanaldia bukatuta itzultzen da. Noiz edo noiz tokatu izan zaio txandakako semaforoan itxarotea, baina ez denbora luzez. Lanak «beharrezkotzat» jo ditu berak ere. «Lehen, sekulako zirkulazio pila zegoen, eta istripuak noiznahi. Istripua zenean, kamioia iraultzen zelako izaten zen normalean, eta kendu bitartean ordu pilo izaten zuten errepidea itxita. Errepide berria behar dela argi dago. Iruñerako norabidean zabaldu dituzten zatiak ikustea bertzerik ez dago. Alde ederra dago hemengo zatiekin».

Kontrako bidea egiten du Raul Iglesiaz Berako kultur teknikariak. Donostiatik Berara joaten da egunero. Beran ia egun osoa ematen duenez, gutxitan tokatu zaio eguerdietako itxaronaldi luzeetan egotea. Liburuzainari gehiagotan tokatu zaiola dio, arratsaldean hasten baita hura lanean. «Errepidea itxita zegoela eta, Ibardindik joatea bururatu zitzaion liburuzainari, egun batean. Kamioi pila aurkitu zituen bidean. Errepide hori nahiko estua da, eta pasatzeko arazo pila izan zituen. Errepide hori hartzen zuen azken aldia zela erran zuen. Ez baitu merezi. Hortik kamioiak pasatzen uzten badute, arriskutsua da».

Endarlatsako zatia saihesteko, Ibardingo errepidea hartzerik dago, Beratik (Nafarroa) Urruñara (Lapurdi) joaten dena. Beratar askok horren aldeko hautua egin dute anitzetan. Baita kamioilari askok ere. Eta horrek arazoak sortzen ditu Beran, errepide hori herri erdian bukatzen baita.

Josu Iratzoki alkateak erran du hori dela herritarren kexu handiena, kamioiek N-121-A errepidea erabiltzen segitzen dutela, nahiz eta lanak izan, eta gainera Ibardingo errepidea ere erabiltzen dutela. «Nafarroako Gobernutik erran digute hori ez dela haien ardura, beraiek ezin dutela galarazi. Leherketak daudenean, kamioi anitz izaten da errepidean, eta inguruko zirkulazio guztia trabatzen dute. Eta Bera erditik pasatzen direlarik, arazo kozkorrak sortzen dituzte».



KAMIOIEN ATZETIK. Jon Diezek kamioien atzetik ibili behar izaten du. Berako Labiaga ikastolako irakaslea da, eta Hondarribitik (Gipuzkoa) Berara joaten da egunero, motoan. «Lanak direla eta, ezin ditut kamioiak aurreratu, eta haien atzetik joan behar izaten dut, denbora guztian, 40 kilometro ordukoko abiaduran. Lokatz pilo dago bidean, eta lokatzez goraino jartzen naiz. Arropa eta motoa zikin-zikin gelditzen zaizkit. Horregatik saiatzen naiz kamioietatik oso hurbil ez jartzen».

Hori da errepide zati horretako kexu nagusietako bat, oso zikin dagoela, lohiaz beteta. Kexu erran dugu, baina barre artean erraten dute gehienek, egia erran. Raul Iglesiasek, adibidez, dio rally gidari baten autoa dirudiela bereak. Iker Igoak, berriz, aitortu du lehen ez zuela anitzetan autoa garbitzen, baina orain autoa bi egunetan «zerri eginda» gelditzen zaiola, eta kristalak eta ispiluak «gutxienez» garbitu behar izaten dituela.

«Uste dut lanak bukatu arte autoak zikin izanen ditugula», erran du Joseba Irazoki musikari beratarrak. Egunero joaten da Beratik Irunera. Lehen, lanera sartu baino ordu erdi lehenago ateratzen zen Beratik. orain, hiru ordu laurden lehenago.

Errepideko lanek sortzen dituzten arazoak «normaltzat» jo ditu Irazokik, «izugarrizko errepide puska egiten ari baitira». Bere ustez, «ongi ari dira», eta itxaroteko uneak sobera luzeak ez direla izaten dio. «Behin bakarrik tokatu zait denbora luzez itxarotea, leherketak direla eta. Bertzetan, ikusi dudanean ilara luzea zegoela, zuzenean Ibardingo bidea hartu dut. Hortik, ordu laurdena galdu beharrean, hogei minutu galtzen ditut. Ez da asko ere. Eta kamioiak sartzen dira hortik, baina ez kamioi handiak, ez baitira sartzen. Gehienez ere autobusak sartzen dira».



SAIHESBIDEAK. Kristina Boanek lehenago jaiki behar izaten du goizetan. Ikastolen Elkartean lan egiten du, Donostian. Eta, lehen, berrogei minutuan egiten zuen bidea, orain ordubetean egiten du. Ilara luzerik ez harrapatzeko denbora kalkulatzen ibiltzen dela dio. Ez du errepidean geldirik egotea gustuko. Estresa sortzen duela dio. Horregatik, Ibardindik joan izan da inoiz, geldirik egotea baino, gidatzen egotea nahiago baitu. Eta, bertze inoiz, tren txikiko bidetik joan izan da. Ibaiaren bertze aldetik joaten da bide hori, garai batean trenak egiten zuena. Boan ez da bide hori erabili izan duen bakarra. Jon Diezek ere erran du bide horretatik joan izan dela, motoan. Bide horretatik ez baitira kamioiak ibiltzen ahal.

«Lanak beharrezkoak dira», adierazi du Maite Bengoetxea erizainak. Beratik Donostiara joaten da, lanera. «Bagenekien horrelakoak pasatu beharko genituela. Beraz, pazientzia». Iritzi berekoa da Jon Diez motozalea. «Errepide honek duen zirkulazio maila ikusita, lanak beharrezkoak ziren. Kamioi pila dabil, baita orain ere, eta bihurgune asko ditu errepideak. Batzuk oso estuak. Nik ikusi izan ditut kamioiak ispiluekin jotzen. Eta, inoiz, bihurgunetik aterata, susto ederra hartu dut aurrean kamioia nuelako. Istripu asko izan da. Hildako asko».



«Lanak direla eta,ezin ditut kamioiak aurreratu, eta haien atzetikjoan behar izaten dut»

jon diez
berako labiaga ikastolako irakaslea
«Lanak beharrezkoak dira. Bagenekien horrelakoak pasatu beharko genituela. Beraz, pazientzia»

maite bengoetxea
erizaina
«Errepide berria behar dela argi dago. Iruñerako bidean zabaldu dituzten zatiak ikusi besterik ez dago»

iker igoa
langilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.