Errepideak

N-121 errepiderako neurri eske ari diren eragileak hartu ditu Unai Hualdek

Olagueko istripuan hildako gazteen etxekoekin eta errepide inguruko udaletako buruekin batzartu da Nafarroako Parlamentuko presidentea

arantxa iraola
2020ko urtarrilaren 20a
18:57
Entzun

N-121 errepidearen arriskugarritasuna agerian utzi zuen hilaren 11n Olague parean (Nafarroa) gertatu zen istripuak: bi gazte hil ziren, Mikel Manzano eta Xabier Taberna. Horiek horrela, gaur bilera egin du Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek hildakoen senitartekoekin eta errepide inguruko udaletako buruekin: Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Etxalar, Ezkabarte, Doneztebe, Baztan eta Anueko udal ordezkariak han izan dira. Istripuak saihesteko «berehalako neurriak» eskatu dituzte.
Izan ere, kopuruak kezka eragiteko erakoak dira, eta aspaldikoa da segurtasunaren aldeko aldarria. 2010etik 2019ra 31 pertsona zendu dira errepide horretan. Hamarkada hasi zenetik, gainera, ia urtero handitu da ezbeharren ondorioz hildakoen kopurua. Zaurituak ere izan dira: larri zauritutako 69 pertsona, eta arin zauritutako 222. Hualdek konpromisoa adierazi du legebiltzarreko taldeek lehenbailehen errepidearen gaineko neurriak aztertzeko lan saio bat egiteko.
Errepidea zabaltzeko egitasmo bat bada: 2+1 tankerako errepide bat egin nahi dute, alegia, norabide bakoitzeko errail bana, eta erdiko lerro gehigarri bat, ibilgailuen arteko aurreratzeak errazteko. Baina horrek zenbateko hobekuntza ekar dezakeen ez dute argi eskualdean, eta, gainera, horren zain egon gabe ere, esku hartzeko nahia agerikoa da.  Ozen mintzatu dira hildakoen senitartekoak egunotan, eta proposamen zehatzak egin dituzte; Mikel Manzanoren gurasoek, hain zuzen ere, errepideko zirkulazioa urritzeko eskatu dute; gogora ekarri dute Belateko tunelean obrak egin zirenean, mugatu egin zela errepidean trafiko astuna, eta nabarmen hobetu zuela  horrek egoera. Beraz, halako neurriren bat berriz hartzeko eskatu dute. «Gure semea ez da itzuliko, baina, gutxienez, hau ez dakiola beste inori gerta», adierazi zuen lehengo astean BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean Manzanoren amak, Arantxa Altunak. Eskari hori gogoan hartuta, Geroa Baik Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoei eskatu die aztertzeko zer bide jorra daitekeen.
Nafarroan izan dira egunotan ezbehar larri gehiago. Lizarran ostiralean autobus batek izandako istripuaren ondorioz, bi ume hil ziren. Txibite presidenteak laguntza osoa eskaini dio sendiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.