NaBain sartzeko ateak itxi dizkio Aralarrek ezker abertzaleari

Azarotik «sei-zortzi bilera inguru» egin dituzte ezker abertzalearekin, baina ez dute koalizioan sartzeko borondaterik ikusiNafarroan aldaketa ulertzeko moduak eta edukiak «oso diferenteak» direla iritzi dio

joxerra senar
Iruñea
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Eztabaida amaitutzat eman du Aralarrek. Azaroaren erdialdetik«sei edo zortzi bilera inguru» egin ondotik, Aralarrek ondorioztatu du ezker abertzaleak ez duela «NaBainsartzea eskatzeko» borondaterik. Astelehen arratsaldean Nafarroako Aralarreko zuzendaritzaren bileran hartu zuten erabakia, eta atzo Iruñean emandako prentsaurrekoan Txentxo Jimenezek, Aritz Romeok eta Asun Fernandez de Garaialdek eman zuten horren berri. Jimenezek argudiatu du Nafarroako aldaketa ulertzeko moduak eta edukiak «oso diferenteak» direla eta gaineratu du koalizioarekin bat egiteko gutxieneko baldintzak ez dituela betetzen ezker abertzaleak. Aralarren ustez, oraintxe ez dago «behar bezalako konfiantza eta sintoniarik», eta bilera horietan ezker abertzaleak «NaBai apurtu edo zatitu» nahi izan duela ondorioztatu dute.

Azaroaren 14an ezker abertzaleak Iruñean Nafarroa 21 proposamena aurkeztu zuen, eta bertan Aralarri, EAri eta ezkerreko beste indar subiranistei datozen udal eta foru eta hauteskundeetan elkartzeko akordioa lortzera dei egin zien.

Hasieratik Aralarrek argi utzi zuen proposamena beste koalizio politiko bat sortzea bazen ez zuela onartuko, hori «Nafarroa Bai haustea» izango zelako. Hala ere, ezker abertzalearekin hitz egiteko eta «NaBaira egin dezakeen hurbiltzea areagotzeko» prest azaldu zen. Ezker abertzaleak, berriz, agerraldi publikoetan behin eta berriz errepikatu du berarentzat subjektua ez dela garrantzitsua, Nafarroako aldaketa sozial eta politikoaren gaineko edukiak zehaztea baizik.

Aralarren arabera, azaroaren erdialdetik abenduaren 31 arte bi aldeko «bilera anitz» egin dituzte. Jimenezen arabera, bilera horietan Aralarrek aztertu egin nahi izan duezker abertzalearen benetako borondatea, eta elkarren artean dokumentuak trukatu badituzte ere, «ez dute koalizioan sartzeko borondaterik azaldu». Jimenezek azpimarratu du ezker abertzaleak asmorik balu Aralar prest legokeela koalizio barruan aukera horren alde egiteko.

Aralarreko kideak berretsi du ezker abertzalea «koalizioan sartzeko baldintzak betetzetik «urrun dagoenez» ezin litekeela oraintxe pentsa otsailerako edo martxorako akordioa lor daitekeenik. Gizartean akordioa lortzeko itxaropena piztu bada ere, Aralarrek gaineratu du ez dutela itxaropen hori elikatu nahi. Bilera horietan landutako edukien berri emango ote duten galdetuta, Txentxo Jimenezek azaldu du ez dutela halakorik egingo. Ezker abertzaleak eduki horiek argitaratzea erabakiz gero, orduan aztertuko dute zer egin.

Hala, Nafarroako zuzendaritzak hauteskundeei begira eztabaida hori ixtea erabaki du. Hala ere, Txentxo Jimenezek argi utzi nahi izan du bakegintza eta normalizazioan ezker abertzalearekin elkarlanean aritzeko Aralarren konpromisoak «bere horretan» dirauela eta «eskua luzatua» dutela.

Zerrendak osatzeko epeak

Erabaki horrez gain, Nafarroako Aralarreko zuzendaritzak hauteskundeetarako mekanismoak abian jartzea proposatu die koalizioko beste alderdiei. Urtarrila amaitu baino lehen «Nafarroa Bairen aurkezpen ofizial eta publikoa egitea» da Aralarren asmoa.

Era berean, Nafarroako Parlamenturako, Iruñeko Udalerako zein eragin handiko udaletarako zerrendak osatzeko egutegia jarri du. Astelehenean amaituko da zerrendetara aurkezteko epea, eta urtarrileko azken astean bozkalekuak jarriko dira militantziak botoa emateko. Urtarrilaren 29an batzarra egingo du Aralarrek, eta zerrendetarako hautagaiak ofizialki izendatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.