NaBairen oinarri politikoak dira...

Azken egunetan NaBaiko koaliziokideek behin eta berriro errepikatu dute «Nafarroa Bairen oinarri politikoak» eranskina. Baina zer diote oinarri politiko horiek?

Koldo Aldabe.
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan, Nafarroan, elkarrekin joateko ezker abertzaleak EAri eta Aralarri egindako eskaintzaren ondotik etorri da ezker abertzaleari NaBain lekua egiteko aukeraren inguruko eztabaida. Aldeko, duda-mudazko eta kontrako jarrerak agertu dira, baina ia denen ahotan egon da Nafarroa Bai koalizioaren oinarri politikoen aipamena, eta zehazki edo bereziki indarkeria aipatzen den puntua.

Zer diote, ordea, NaBairen oinarri politikoek?

Oinarri politikoak aipatzen diren azken agiria 2006ko ekainaren 21ean hitzartutakoa da, 2007ko foru eta udal hauteskundeei begira eginikoa. Hark «aurreko agiriak» ere aipatzen ditu. Sarreran dioenez, agiri hori eta aurretik egindako agiriak dira koalizioaren «lanabes ideologikoak», eta «funtsezko tresna» dira beste talde politiko batzuekiko akordioak bilatzerakoan. Oinarriak bilatzeko, beraz, 2006ko agiriaz gain, sortze agirira eta webgunean ageri den dokumentura joan behar da, baita 2004, 2007 eta 2008ko hauteskunde programetara ere.

«Gaitzespena» ez da ageri

Hauek dira oinarrien puntu nagusiak: giza eskubideak salbuespenik gabe, baketzea eta normalizazio politikoa, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea, Nafarroako erabaki esparruaren onarpena, Foru Hobekuntza aldatzea, Euskal Herriko beste lurraldeekiko harreman esparrua sendotzea, proiektu politiko guztiak defendatu eta gauzatu ahal izateko bermea, eskubide zibil eta politikoak, euskararen ofizialtasuna lurralde osoan. Giza eskubideen atalean agertzen denez, «indarkeria, autoritarismo, bazterkeria edo ezarpenaren edozein adierazpen ez da bateragarria printzipio horiekin eta koalizio honek biziki errefusatuko ditu», eta, baketzeari eta normalizazio politikoari dagokienez, «faktore nahitaezkoak dira indarkeria politikoaren desagerpena, giza eskubide guztien errespetua eta proiektu politiko demokratiko guztien parte-hartze librea». Agirietan eta hauteskunde programetan ez dira «gaitzespen» hitza edo «gaitzetsi» aditza ageri, gaztelaniazko bertsioetan ere «condena» edo «condenar» agertzen ez diren bezala.

Barne estatutuekin eta akordio programatikoekin batera, oinarri politiko horiek onartu beharko lituzke ezker abertzaleak NaBai koalizioan sartzeko.



Oinarriak agirietan

WEBGUNEAN

Printzipioak. «Giza eskubideak, inklusioa, elkarrizketa. Indarkeria, autoritarismo, bazterkeria edo ezarpenaren edozein adierazpen ez da bateragarria printzipio hauekin eta koalizio honek biziki errefusatuko ditu».

Aniztasuna.«Nafarroa anitza, zabala, elebiduna, abertzalea, aurrerakoia, euskaltzalea, soziala eta solidarioa defendatzen du».

Proiektu politikoa: «NaBaik defendatuko ditu Nafarroaren berezko nortasuna eta izaera, bai eta herritarren eskubideak ere, besteak beste bere etorkizuna libro eta demokratikoki hautatzeko ahalmena».

Baketzea: «NaBaik defendatuko ditu giza eskubideen errespetua, salbuespenik gabe, indarkeriaren eta aurkakoaren kontrako erasoen amaiera, biktimen eta presoen eskubideak, mehatxu eta torturen amaiera, adierazpen eta hautu politikoaren askatasuna. NaBaik ezinbestekotzat hartzen du Nafarroaren, bere erakundeen eta talde politikoen parte-hartzea indarkeriaren bukaerarako eta bakea bilatzeko prozesuan [...] Nafarroa funtsezko osagaia da helburu hori lortzeko, nafarren borondatearen errespetua muga bakarra izanik».

SORTZE AGIRIA

Printzipioak. «Giza eskubideak errespetatzea eta elkarrizketaren apustua».

Helburuak. «Ordena honetan: bakea bilatzea, Nafarroako egungo estatusa berrikustea eta EAErekin eta Euskal Herriko gainerako lurraldeekin, baita estatuarekin ere, izateko harreman berriak erabakitzeko eskubidearen bermea. Azken finean, autodeterminazio eskubidea da jomuga [...]».

2006KO AGIRIA

Baketzea eta normalkuntza politikoa. «[...] Faktore nahitaezkoak dira indarkeria politikoaren desagerpena, giza eskubide guztien errespetua eta proiektu politiko demokratiko guztien parte-hartze librea [...]. Euskal Herriko autodeterminazio eskubidea defendatzen dugu, Nafarroako erabaki esparruaren onarpena, eta nafar herritarrei dagokien eskubidea gainerako euskal lurraldeekiko harreman instituzionalaren modua aukeratzeko».

Nafarroako autogobernua. «[...] Foru Hobekuntza aldatu beharra dago, Nafarroako aniztasuna eta sentsibilitateak aintzat hartzeko, eskumenen hobekuntza gertatzeko, gainerako euskal lurraldeekiko elkarlan esparruak sortzea xede duten bide guztiak irekitzeko, eta Nafarroak Europako Batasunean tokia izan dezan bermatzeko[...]».

Helburuak. «1. Nafarroan aldaketa politikoa bultzatzea eskuina boteretik kanporatzeko [...]. 2. Euskal Herriko baketzea eta normalkuntza politikoa. Indarkeria desagertzea, aukera politiko guztiak legeztatzea. Nafar gizartearen aniztasuna aintzat hartzea eta, horren ondorioz, sentsibilitate eta aukera politiko guztiak errespetatzea. 3.Nafarroako herritarren erabaki eskubidea aitortzea, eta proiektu politiko guztiak defendatu eta, hala bada, gauzatu ahal izatearen bermea, gehiengo demokratikoak halaxe erabakitzen badu. [...]. 4.[...]Euskararen ofizialtasuna herritar guztientzat eta Nafarroako lurralde osoan lortzea. 5. Demokrazian sakontzea eta herritar guztien eskubide zibil eta politikoak aitortzea [...]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.