NAFARROA BAI KOALIZIOA

Nafar abertzaleei «ahotsa emateko» bat egin dute Aralar, EA eta EAJk

Koalizioa zabalik dagoela esan dute hiru alderdiek, «hitzarmenarekin bat egiten dutenentzat»

IRUÑEA
2003ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Heldu den urteko martxoan eginen diren Espainiako hauteskundeetarako eramanen duten hautagaitza bateratua aurkeztu zuten atzo Iruñean Nafarroako EAJk, EAk eta Aralarrek. Nafarroa Bai izena hartu du koalizioak eta «Espainiako Gorteetan azken urteotan ahotsik izan ez duten milaka nafar ordezkatzeko» asmoarekin sortu dela nabarmendu zuten.Aurkezpenean Aralarreko Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez, Eusko Alkartasuneko Maiorga Ramirez eta Fermin Ziaurriz eta Euzko Alderdi Jeltzaleko Joxe Antonio Urbiola, Jabier Leoz eta Jose Angel Agirrebengoa izan ziren. Espainiako Kongresuan eta Senatuan ordezkaritzarik eta «ahotsik izan ez duten milaka nafar ordezkatzeko koalizioa» dela adierazi zuten. Modu honetan, sortzen ari den «etapa historiko berriari erantzuna eman nahi» diotela Nafarroatik azpimarratu zuten. Koalizioaren lan ildo nagusiak hiru izanen dira: bakea, autodeterminazio eskubidea eta «Nafarroa abertzale, aurrekoi eta euskaltzalearen» eskubide eta interesak defendatzea Madrilgo Gorteetan. Aralarrek, EAk eta EAJk osatu duten koalizioaren oinarrian giza-eskubideekin konpromisoa dagoela nabarmendu zuen hitzarmena irakurtzeaz arduratu zen Maiorga Ramirezek. «Koalizio honek aditzera ematen du sortzetik giza-eskubideekin, barne hartzearekin eta elkarrizketarekin duen konpromisoa. Bistan da edozein indarkeria, autoritarismoa edo ezarpen mota bateraezina dela printzipio hauekin, eta koalizio honek biziki errefusatuko ditu jarrera horiek», adierazi zuen. Autodeterminazio eskubideari dagokionez berriz, Nafarroako gaur egungo estatusa berrezartzeko gogoa eta nahia azpimarratu zuten, EAErekin eta Espainiarekin harremank berriak erabakitzeko eskubidearen bermea defendatuko dutela esan zuten. Ildo berean, Nafarroa «abertzale, aurrerakoi eta euskaltzalearen eskubideak, interesak eta ikuspuntuak Gorteetan defendatzea, politika sozial eta ekonomikoa, kanpoko politika, hezkuntza eta kultura politikari dagokionez».Koalizioa irekia dela esan zuten hiru alderdiek, «adostu duten hitzarmenarekin bat egiten dutenentzako». Ildo horretan, Batzarrerekin jadanik hartu-emanak izan dituztela jakinarazi zuten eta Batasunarekin hitz egiteko prest daudela esan zuten.

Zerrenda ilbeltzaren hasierarako izanen dute

Nafarroa Bai koalizioak oraindik ez du erabaki Kongresurako eta Senaturako hautagaitzako partaideak zeintzuk izanen diren. Hala ere, Nafarroak dituen bost diputatuetatik gutxienez bat berea izanen dela esan zuten koalizioko kideek. Halaber berretsi zuten Nafarroari Bai koaliziorako hautatuko duten zerrenda burua alderdi politikoetatik eta politikatik at dagoen hautagai independientea izanen dela.

Maiatzeko emaitzekin, diputatu bat





Abertzale guztiek bat eginez gero, PSNri aurrea hartzeko moduan legoke zerrenda

I. MURUA URIA - DONOSTIA

Nafarroa Bai zerrendak joan den maiatzeko foru hauteskundeetan Aralarrek eta EA-EAJk ateratako emaitzak biltzea lortuko balu, Nafarroako hirugarren indarra bihurtuko litzateke eta diputatu bat lortuko luke, PSNren kontura. Nafarroak bost ordezkari ditu Espainiako Kongresuan, eta gaur egun, hiru UPN-PPkoak dira, eta beste bi PSNkoak.D'Hont legearen arabera, eta maiatzeko emaitzak kontuan hartuta, diputatu bat lortzeko PSNren boto kopuruaren erdia baino gehiago lortu beharko lituzke Nafarroa Bai koalizioak. Maiatzeko emaitzekin, beraz, diputatu hori erraz lortuko luke Nafarroa Bai koalizioak: 32.000 bototik gora beharko lirateke eta, hiru alderdien emaitzak batuta, 46.000ra helduko litzateke koalizioa.Batzarrek zerrendarekin bat egingo balu ere, maiatzeko emaitzen arabera beti ere, hirugarren indarra izaten jarraituko luke koalizioak. Maiatzean AuBri emandako boto baliogabeak gehituz gero, ordea, PSNri aurrea hartuko lioke zerrenda abertzaleak, Batzarre ere barruan sartuta 75.000 botora helduko balirateke.Zerrenda abertzaleak bigarren diputatualortzea zaila litzateke, hala ere: D'Hont legearen arabera, koalizioak lortutako boto kopuruaren erdiak UPN-PPren botoen herena (42.000) gainditu beharko luke, UPN-PPri hirugarren diputatua kendu eta bigarrena lortzeko (84.000 bototik gora beharko lituzke, beraz, koalizioak).Bigarren indarra izatea lortuz gero, senadore bat ere lortuko lukete abertzaleek. Gaur UPN-PPk hiru senadore ditu eta PSNk du laugarrena. Nafarroa Bai koalizioa bigarren indarra izanez gero, PSN geldituko litzateke senadorerik gabe.

-

Hiru helburu





Akordioaren berri emateko adierazpenean azaldu dutenez, Aralarrek, EAk eta EAJk osatutako koalizioaren «eginkizuna helburu hauen alde aktiboki lan egitea izanen da».

Bakea: «Lehendabiziko helburua, bakea. (...) Koalizio honek aditzera ematen du sortzetik giza eskubideekin, barne hartzearekin eta elkarrizketarekin duen konpromisoa. Bistan da,edozein indarkeria, autoritarismoa edo ezarpen mota bateraezina da printzipio hauekin eta koalizio honek biziki errefusatuko du»

Autodeterminazio eskubidea:«Bigarren helburua, Nafarroako gaur egungo estatusa berraztertzea, Euskal Autonomia Erkidegoarekin harreman berriak erabakitzeko eskubidearen bermea eta estatuarekin harreman berriak erabakitzeko eskubidearen bermea, autodeterminazio eskubidea, azken batean».

Eskubideen defentsa:



«Hirugarren helburua, Nafarroa abertzale, aurrerakoi eta euskaltzalearen eskubideak, interesak eta ikuspuntuak Gorteetan defendatzea, politika sozial eta ekonomiko, kanpoko politika, hezkuntza eta kultura politikari dagokienez».
 

«Koherentziarik eza» egotzi die Miguel Sanzek





Nafarroako lehendakari Miguel Sanzek kritikatu egin zuen, atzo, EAJk, EAk eta Aralarrek Espainiako hauteskundeei begira Nafarroa Bai hautagaitza aurkeztea. Izan ere, UPNko buruak «ez du lojiko» ikusten «Espainiatik banandu» nahi duten indarrak orain Madrilgo Kongresurako bat eginda joatea. «Koherenteak balira ez lukete hauteskunde estrategia komun bat zehaztu behar, bitxia baita Espainiatik banantzeko ekimenak planteatzen ari diren bitartean, alde egin nahi duten Estatu horretako Gorteetan ahalik eta ordezkaritza zabalena lortzeko hauteskunde ekimena zehaztea», adierazi zuen Foru Erkidegoko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.