Iñaki Redin. Paperak eta Eskubideak Denontzat elkarteko kidea

«Nafarra izan balitz polizia etxean hil zena, erreakzioa bestelakoa izanen zen»

Elhadji Ndiayeren heriotza argitzeko exijituko dute bihar Iruñean senegaldarren komunitateak eta hainbat gizarte eragilek, 'Bizitza da handiena' lelopean. Gazteluko plazatik abiatuko da martxa, 18:00etan.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Elhadji Ndiaye senegaldarra Espainiako Poliziaren Iruñeko polizia etxean hil zenetik hilabete bat beteko da gaur, eta, oraindik ere, erantzunak baino askoz ugariagoak dira auziaren inguruko galderak. Horiei guztiei erantzuteko eskatuko dute biharko manifestazioan. Protestaren antolatzaileetako bat da Iñaki Redin (Erro, Nafarroa, 1952).

Biharkoa ez da Ndiayeren heriotzaz geroztik eginiko protesta bakarra. Zertan da auzia?

Hasieratik, oso eskasa izan da informazio ofiziala: Espainiako Poliziak prentsa ohar bat igorri zuen, baina galdera gehienei ez die erantzunik eman. Urriaren 29an ere kalera atera ginen, Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albaren agerraldia eskatzeko, baina azalpenak emateari uko egin dio. Are gehiago: prentsa oharrik ere ez du atera. Oro har, etsigarria izaten ari da ordezkariaren jarrera.

Erreakzioa bestelakoa izatea espero zenuten?

Bai. Komisarian hildakoa hemengoa izan balitz, erreakzioa oso bestelakoa izanen zen, erakundeen eta gizartearen aldetik: jende gehiago aterako litzateke kalera, erakunde publikoek eta politikariek estutu eginen lituzkete arduradun polizialak, eta honezkero ikerketa prozesua bukatua egonen litzateke. Hildakoa etorkina eta beltza denez, ordea, auzia geldirik dago, ez aurrera ez atzera, eta are okerragoa dena: isilpean daramate ikerketa, informaziorik batere eman gabe.

Zer dela eta?

Nire susmoa da heriotza justifikatu edo zurituko duen zerbaiten bila dabiltzala, eta horregatik ari direla autopsia luzatzen. Izan ere, oso iluna da auzi osoa, eta irregulartasun asko egon dira hasieratik. Bost edo sei polizia ikus daitezke atxiloketaren uneko irudietan, Elhadjiren gainean. Konorterik gabe utzi zutela konfirmatzen bada, zergatik ez zuten osasun etxe batera eraman? Zergatik ez zuen mediku batek ikusi? Horren ordez, komisariara eraman zuten, eta, han, polizien zaintzapean zegoela, hil egin zen. Erantzukizun osoa Poliziarena dela uste dugu.

Harritu zaituzte Ndiayeren heriotzak hedabideetan izandako oihartzun eskasak, besteak beste, Altsasuko istiluekin alderatuta?

Bai, oso nabarmena izan da albiste horien arteko desoreka. Etorkinen heriotzak isildu egiten dituzte askok; ez ikusiarena egiten dute, gertatu izan ez balira bezala. Eta hori, guretzat, mespretxu bat da. Iraina familiari eta komunitate osoari. Horregatik aukeratu genuen Bizitza da handiena biharko manifestazioaren lelo gisa, horrek izan beharko lukeelako gure iparrorratza. Hemen lan egin, gizarteratu, familia bat sortu... hemen bizi. Hori da etorkinek nahi duten bakarra.

Prozesu judiziala zabalik da Iruñeko 5. zenbakiko Instrukzio epaitegian. Berritasunik bai?

Herri akusazio gisa aurkezteko aukera aztertzen ari gara zenbait gizarte mugimendu, baina ez dugu arinegi ibili nahi. Hildakoaren familiak emanen dituen urratsen zain gaude oraingoz, haiei baitagokie erabakia hartzea.

Senideekin hitz egiterik izan duzue? Nolakoa da harremana?

Nafarroako senegaldarren komunitateak du Ndiayeren familiarekin harremana. Badakigu, dena den, hilotza Senegalera eramateko eskaera egina diotela senideek Espainiako Poliziari, eta baimena ukatu egin dietela. Autopsiaren aitzakiarekin, gainera, ez diete gorpua erakutsi ere egin nahi. Familiak, oraintxe bertan, ez daki Ndiayeren hilotza non dagoen ere. Oso larria da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.