IKASTOLAK

Nafarroa Oinez-en kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte Viana eta Lodosako ikastolek

Abestia Juarran Garcia, Urko Peral eta Andoni Bonafau musikariek ondu dute, Julio Sotoren hitzekin; bideoklipa Mikel Urmenetak zuzendu du. Bideoa: Nafarroa Oinez 2016ren bideoklipa. [youtube]https://youtu.be/FRBpPPkpQuE[/youtube]

Ion Orzaiz.
2016ko uztailaren 1a
13:28
Entzun

Eskualdeko hainbat musikarik ondu dute Nafarroa Oinez 2016 iragarriko duen "Hartu, tenka, tira!" abestia. Juarran Garcia lodosarrak, Bolbora taldeko Urko Peral lizarratarrak eta Kometa taldeko Andoni Bonafau bianarrak egin dute musika. Hitzak, berriz, Julio Soto bertsolariarenak dira.

Arellanoko Lur estudioan grabatu zen kanta, eta Garcia, Peral, Bonafau eta Sotoz gainera, Ibaialde eta Erentzun ikastolako ikasle eta irakasleek ere parte hartu zuten.

Bideoklipari dagokionez, Mikel Urmeneta marrazkilariak zuzendu du, Opanibia films-ekin elkarlanean. 360º graduko teknologia erabili dute bideo "berritzaile, alai eta erakargarria" ontzeko. Telebista, webgune nahiz sare sozialetan zabalduko duten ohiko bideoklipaz gainera, bertsio interaktiboa ere eskuragai jarriko dute, tableta nahiz telefono adimendunetan ikusteaz gainera, kamera nahieran erabili ahal izateko. Errealitate birtualerako betaurrekoekin ikusteko ere prestatu dute bideoklipa.

Honakoak dira kantuaren hitzak:

Hartu, Tenka, Tira!

Hartu eskuetan,

irribarrea ezpainetan

Tenka hari guztiak

lotu elkarri hizkiak!

Tira mingainari

josi zure hitzak sokari!

Hitz egin, kantatu, hasi beldurrik gabe!

Hari bat falta da, zu ez bazaude!

Nafarroa Oinez, nire indarraz, zure aupadaz!

Viana eta Lodosan ere euskaraz!

Hartu Tenka Tira, denon eskuak behar dira!

Har dezagun soka Tenka eta Tira!

Gari soro, ortu, mahasti

Inguruko paisaien argazki

Mahats more, piper gorri...

Denak goxo izugarri!

Lurra beti eder dago

egon liteke ederrago!

Animo, etorri gurekin batera,

kolore berri bat ereitera!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.