Ikastolen jaiak

Nafarroa Oinez-en lurralde osoan euskara ofizial izan dadila aldarrikatu dute

Etxarri-Aranatzen ari dira ospatzen Nafarroako Ikastolen aldeko jaia. Hasiera ekitaldiko aldarri nagusia izan da ofizialtasunarena.

Nafarroa Oinezen irekiera ekitaldia, gaur, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko urriaren 8a
15:46
Entzun

«Nafarroan bizi diren pertsona guztien eskubide linguistikoak errespetatzea bermatu behar dugu, besteak beste, hezkuntza euskaraz jaso ahal izatearena. Euskal hiztunok euskara Europan ofizial izatea merezi dugu, eta, nola ez, Nafarroa osoan ere bai». Izaskun Errazkin Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastolako zuzendariordearen hitzak dira, gaur ospatzen ari diren Nafarroa Oinez jaiaren hasiera ekitaldian esandakoak.

Errazkinenekin batera, hitza hartu dute Maria Saez de Albeniz alkateak, Nafarroako Gobernuko Ana Ollok eta Elena Zabaletak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Haiez gain, Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkari politiko ugari izan dira ekitaldian.

Zabaletak, euskara Nafarroa osoan ofizial izan dadila aldarrikatzeaz gain, ikastolen konpromisoan egin du azpimarra: «Ikastolak Nafarroa osoan zabalduta gaude, eta, haizea alde ala kontra izan, hura mantenduko dugu. Lerro gorriak gaindituko ditugu: euskaraz hazi eta hezi nahi dutenei eskubide hori bermatuko diegu».

Ikusi gehiago:«Ikastolen eta ofizialtasunaren festa izan dadin nahi dugu»

Ollok, berriz, euskararen zonifikazioa gainditzeko erronka izan du hizpide. Adierazi du «aldarrikapen demokratikoa eta justua» dela, baina, gaur egun, Nafarroako Parlamentuan ez dagoela hori onartzeko behar den gehiengorik. Horregatik, esan du euskara sustatzeko abagune bakoitza baliatu behar dela, eta ikastolen lana goraipatu du: «Asko dugu egiteko, baina egindako lanari aitortza egin behar zaio».

Lekuko aldaketa irudikatzeko ekitaldia ere egin dute Etxarriko kultur etxean: datorren urtean Zangoza ikastolak antolatuko du festa. Gainera, parada baliatu dute Jexux Senarri eta Irene Lopez-Goñiri omenaldi bat egiteko, haien ibilbide profesionarengatik.

Ekitaldi ugari

Eguraldi onak lagunduta, jende ugari elkartu da Etxarri-Aranatzen. Antolatzaileen arabera, «sentsazioak oso onak izaten ari dira, eta egindako lanak merezi du».

Ibilbidea ia hiru kilometro luze da, eta hiru gunetan banatuta dago. Hirurak, herrian bertan: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Horietan, zuzeneko musika emanaldiak izaten ari dira: besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes taldeak ari dira oholtza gainean. Gainera, aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izango da.

Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, gazteek Erronkan parte hartu dute.

Urtero bezala, BERRIAk bat egin du Nafarroa Oinez festarekin, eta hainbat jarduera antolatu ditu, Andra Mari ikastolarekin elkarlanean. Atzo, esate baterako, Oinez-en bezperako jaialdia egin zuten herriko plazan. Gaur, berriz, Erronka jolasa prestatu du BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.