Nafarroan orain euskaldun gehiago egon arren Euskararen Legea duela 25 urtekoa dela salatu zuen Maria Luisa Mangado NaBaiko diputatuak atzo Nafarroako Parlamentuan. Euskararen lege berria nahi du NaBaik, eta atzo alderdi horrek aurkeztutako lege proposamena tramitera onartzea bozkatu zen. Proposamenak Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eta gaztelaniaren pare izatea arautzen zuen. Hamalau boz alde eta 36 kontrako jaso zituen, eta, ondorioz, ez dute legea tramitatuko.
«Belaunaldiz belaunaldi euskaraz hazi garenok eta ikasi dugunok euskaraz bizi eta lan egin nahi dugu normal-normal», azaldu zuen Maria Luisa Mangado NaBaiko legebiltzarkideak lege proposamenaren defentsan. Dagoeneko Nafarroa osoan euskaldunak daudela, eta lurralde osoan euskarak ofizial izan behar duela adierazi zuen. «Egoera soziala aldatu da, eta 1986ko Euskararen Legeak aurreikusten ez zituzten eskubideak gizarteak lortu ditu». Ondorioz, «egoera sozialaren» isla den legea behar dela nabarmendu zuen.
Euskara eta gaztelania «estatus» berean egotea proposatu du NaBaik. Legeak «nafar guztion» berdintasuna ekarriko lukeela azaldu zuen NaBaiko legebiltzarkideak. Administrazioak, bide horretan, euskararen hedapena, erabilera eta ezagutza sustatzeko lan egin beharko lukeela uste du. Nafarroako Ezker Batua NEBek lege proposamenaren alde bozkatu zuen. «Hala ere, legea tramitatzeko orduan %80ko zuzenketak egingo genituzke», zehaztu zuen Ion Errok. Haren ustez, 1986ko Euskararen Legea motz geratu da: «Ez ditu gizartearen zenbait behar bete».
Bestelako postura erakutsi zuten gainerako alderdiek. «Lege horrekin, Nafarrotik bota nahi dituzte gaztelaniaz hitz egiten dutenak. Euskaraz bakarrik bizi nahi dute, eta hemen euskaraz bakarrik hitz egin dadila». NaBairen proposamena kritikatu egin zuen Carlos Garcia UPNko legebiltzarkideak. Proposamenak Lorafnaren 9. artikulua aldatzea proposatzen duela, eta legea tramitatzea juridikoki ezinezkoa dela gaineratu zuen Garciak. Esan zuen NaBaik legea egin duela hauteskundeak laster izango direlako.
«1986ko Euskararen Legeak uste baino hobeto bete ditu beharrak», azaldu zuen Samuel Caro PSNko legebiltzarkideak ere. Ondorioz, lege «berririk»ez dela behar uste du. Euskararen inguruan hausnarketa egiten ari direla gaineratu zuen. «Arma politiko bezala erabili gabe». Andres Burgetek, CDNko legebiltzarkideak ere azaldu zuen 1986ko legeak «asko eman dezakeela».
Roberto Jimenez PSNko idazkariak asteazken iluntzean alderdiak antolatutako topaketetan«gutxiengo euskaldun tradizionalez» hitz egin izana kritikatu du Paula Kasares NaBaiko legebiltzarkideak. Euskaldunen artean eskubideen bereizketa egiteko erabili duela uste du, ideia «atzerakoia» dela azalduz.
Nafarroa osoan euskara ofiziala izateko legeak ez du aurrera egin
NaBaik Nafarroako Parlamentuan aurkeztu proposamenak soilik NEBren babesa jaso du; UPNk, PSNk eta CDNk kontra egin duteLege proposamena xede politikoekin egitea egotzi diote NaBairi aurka egin dutenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu