Afapna da zerrenda bakarraren kontra sutsuen agertu den sindikatua. Iaz, 11.000 sinadura aurkeztu zituen, kontratazio eredu hori aplikatu ez zedin. Auzitara ere jo zuen Hezkuntzako LEParen kontra, euskarazko postu gehiegi zeudelakoan. Sindikatuko Hezkuntza idazkaria da Yolanda Erro.
Zergatik zaudete kontratazio zerrenda bakarra ezartzearen kontra?
Hezkuntzaren alorrean profesional onenak kontratatzearen alde gaude.
Eta ez al da hori zerrenda bakarraren helburua ere?
Ez, ez... Bai, tira, hori esaten du Hezkuntza Departamentuak. Baina arauari men egin behar zaio. Eta Nafarroan, ordenamendu juridiko propioa dugu, Lorafna legea, Espainiako Konstituzioa...
Espainiako Konstituzioa indarrean da Katalunian, EAEn eta Galizian ere, eta hor zerrenda bakarra ezarria dago aspalditik.
Bai, baina Nafarroako egoera berezia da. Legeak ezarritako zonifikazioari esker, ez dugu lurralde osoan koofiziala den hizkuntzarik. Gaztelania da Nafarroa osoan ofiziala den hizkuntza bakarra. Eta gure ustez, euskaraz dakien gutxiengoa leheneste aldera, urratu egiten dira euskara ez dakitenen eskubideak.
Irakasle euskaldunek ere gaztelaniaz eman ditzakete eskolak. Horrekin ados al zaude?
Bai, bai, noski.
Hortaz, egungo sistemak ez al ditu diskriminatzen?
Ikuspuntu horretatik begiratuta, hori pentsa liteke... baina ez. Legeak ezartzen du kontratazio zerrendak talde, espezialitate eta hizkuntzaren arabera egin behar direla. Espezialitate bikoitza dutenek, adibidez, ezin dute bietara aurkeztu. Pedagogia Terapeutikoa eta Matematika irakasteko gai direnek, esaterako, azterketa bakarra egiten dute, ez bi.
Yolanda Erro. Afapna
«Nafarroa osoan ofiziala den hizkuntza bakarra gaztelania da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu