«Nafarroak ez du etorkizunik probintzia bakar gisa»

Ezker abertzaleak esan du UPN-PSN zikloa amaituta dagoela eta beste eredu bat behar dela Nafarroarentzat

Maitane Intxaurraga eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak, atzo Iruñean emandako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALTEA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
«UPNk badaki Nafarroa Garaia probintzia bakar gisa kinka larrian dagoela». Iruñean emandako prentsaurrekoan, ezker abertzaleak azpimarratu du ez dela bideragarria Nafarroa bakarrik egotea. Horregatik, hegoaldeko euskal probintziekin etorkizun ekonomiko, kultural eta sozial «oparoagoa» lukeela adierazi du. Menpekotasun ekonomikoaren adibide gisa, Banco Santanderrek ekainaren amaieran Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako 650 milioi euroko kreditua jarri du. Gobernua lurraldea «saltzen» ari dela salatu dute Pernando Barrena eta Maitane Intxaurraga ezker abertzaleko kideek.

UPN eta PPren neurriak kritikatu dituzte, baina nabarmendu dute nafarrak «pauso garrantzitsuak» ematen ari direla murrizketen aurka. Barrenaren hitzetan, UPN-PSN zikloa ixten ari da. Hori dela eta, UPNri eskatu dio «ostrukarena» ez egiteko eta haren ardurak onartzeko. Egoera aldatzerakoan gizartearen mobilizazioak duen garrantziaz ohartarazi du Intxaurragak: «Nafar jendarteari dei egiten diogu orain arte bezalaxe borrokan jarraitzeko eta sindikatu eta gizarte eragileen deialdietan parte hartzeko».

Gauzak horrela, Barrenaren iritziz, «ahalik eta azkarrena» deitu behar da legebiltzarrerako hauteskundeetara, herritarrek erabaki dezaten zein den Nafarroarentzat nahi duten etorkizuna. Horregatik, bestelako eredu bat osatzeko hautua aurkeztu du ezker abertzaleak: «Nafarroaren aukerak Zaragoza eta Madrilekin edo euskal probintziekin elkartzea badira, guk nahiago dugu Gipuzkoarekin, Bizkaiarekin eta Arabarekin batu».

Festetako autoritarismoa

Sanferminei buruz ere hitz egin du ezker abertzaleak. Jai herrikoien kontrako jarrera izatea aurpegiratu dio UPNri. Poliziak «gehiegikeriaz» jokatu zuela salatu du Barrenak, eta Nafarroako Gobernuaren autoritarismoaren adibidetzat hartu du.

Txupinazoan, Riau-riauean eta Billabesaren entzierroan izan ziren gehiegikeriarik «larrienak». Intxaurragaren iritziz, UPNk erabaki zuen Riau-riauarekin aurrera egitea, baina «iritzi ezberdinak kontuan hartu gabe». Haren aburuz, helburua zen Riau-riaua gaizki ateratzea, errua ezker abertzaleari leporatzeko. «Ez dituzte identifikatu giroa nahasi zutenak, eta ez dituzte identifikatuko, nahiz eta badituzten horretarako baliabideak. Gainera, istiluaren sortzaileek ezaugarri komunak dituzte», ohartarazi du ezker abertzaleko kideak. Era berean, «lazgarritzat» jo du uztailaren 15ean Billabesaren entzierroan izandako oldarraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.