IKURRAK

Nafarroako armarriak ordezkatu du ereinozduna Nafarroako Jauregian

Irailean kendu zuten Nafarroako Jauregiaren gainaldetik gurutze ereinozduna, Oroimen Historikoaren eta Ikurren legeak betetzeko. Francok 1937an eman zion San Fernandoko gurutze ereinozduna Nafarroari, eta 1951z geroztik zegoen ikurra Nafarroako Jauregian.

Nafarroako armarriak ordezkatu du ereinozduna. NAFARROAKO GOBERNUA
2017ko otsailaren 23a
10:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Kristalezko ikurrak 1,5 metroko diametroa du, eta Alberto Chueca Lenzanok egin du. 1841etik 1951ra bitartean izan zuen itxura berrezartzeko, ereinozduna kentzen hasi ziren iazko irailaren 26an. Sei zatitan banatu eta eraikinetik kenduta, Bianako Printzea instituzioaren biltegira eraman zuten ikurra. Gaur amaitu dute prozesua, Nafarroako armarria jarriz.

Gurutze ereinozduna Espainiako armadaren saririk preziatuena da, eta Francisco Franco diktadoreak bere alde borrokatu ziren zenbaiti banatu zien. 1937an eman zion San Fernandoko gurutze ereinozduna Nafarroari, 36ko gerrara joandako boluntario nafarrek kolpe militarrari emandako babesagatik eta gerran egindakoengatik. 1951n, Nafarroako Jauregiaren frontoian eskultura egin zuen Fructuoso Ordunak. Bertan, janzkera klasikoa duten bi gizonen artean Nafarroako armarria dago gurutze ereinozdun horrekin. Hau da, eskultura bateratua da: ez zitzaion ereinozduna hasierako eskulturari gehitu, baizik eta hasieratik hala diseinatu zen.

Nafarroako Memoria Historikoaren Legeak behartu egiten du ereinozduna eraikin publikoetatik kentzera, baina UPNren gobernuak sistematikoki uko egin zien kentzeko eskaerei. Lege hori betetzeko urratsak egin izan ditu lauko gobernuak; besteak beste, Memoria Historikoari buruzko Koordinazio batzorde teknikoak 224 ikur frankista identifikatu zituen Nafarroan. Batzorde horrek emandako gomendioen artean zegoen ereinozduna kentzea.

Gobernuak iazko azaroan sinatu duen akordioaren arabera, "Nafarroaren memoria demokratikoa" berreskuratzea da asmoa, eta "bakea, elkarbizitza, askatasuna eta demokraziaren balioen kontra" doazen ikurrak espazio publikotik kentzea.

Oroimenari lotuta emandako beste pauso bat izan zen Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan hobiratutakoen arrastoak bertatik ateratzea. Jose Sanjurjo eta Emilio Mola buruzagi frankisten aztarnak zeuden bertan, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.