Nafarroako Auzitegi Nagusiak Skolae baliogabetu du, bigarrenez

Epaileek argudiatu dute forma akatsak egon zirela tramitazioan. Skolaeren aurkako bigarren epaia da.

Skolae programaren aldeko elkarretaratze bat, 2019an, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Skolae programaren aldeko elkarretaratze bat, 2019an, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
jon olano
2024ko otsailaren 27a
11:10
Entzun

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bigarrenez utzi du baliorik gabe Nafarroako Gobernuak 2021-2023ko aldirako martxan jarri zuen hezkuntza plana, Skolae programa jasotzen zuena, argudiatuta akatsak egon zirela haren tramitazioan. Auzitegiak argudiatu du planaren tramitazioan forma akatsak egon zirela eta horregatik baliogabetzen duela, Skolaeren edukietan sartu gabe. Kasazio helegitea soilik jar liteke erabakiaren kontra, auzitegi berean.

Ebazpenean, epaileek Hezkuntza Departamentuari egotzi diote ez duela txostenik aurkeztu «arauaren beharrezkotasuna frogatzeko», ezta azaltzeko ere zein arau geratuko liratekeen bertan behera plan berria indarrean sartzean. Gainera, planak «egitura organikoan» duen eragina ere azaldu behar zuen gobernuak, genero eraginarekin batera, baina dokumentazio hori ez zuen prestatu gobernuak, epaileek ebatzi dutenez. Planak sor ditzakeen «kostu gehigarrien» berri ere ez zuen eman Hezkuntza Departamentuak, auzitegiaren arabera.

Skolae 2017. urtean abian jarri zenetik, Nafarroako 284 ikastetxe publiko eta itunduetan ezarri dute, guztien %87etan, alegia. Aitortzak ere jaso ditu, Unescorena kasurako. Baina oposizioak gogor jo zuen haren kontra, eta Iruñeko ikastetxe erlijioso bateko zenbait familiak auzitara jo zuten. 2020an, hezkidetza programa bertan behera utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, tramitazioan akats bat zegoela argudiatuta, eta, 2021eko maiatzean, epai hura berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako helegitea atzera botata. Skolaeren aurkako bigarren epaia da, beraz.

Maria Txibite lehendakariaren taldea hezkidetzari buruzko dekretu bat prestatzen hasia zen lehen epaia jaso zutenerako, forma akatsak zuzentze aldera, eta iazko urriaren 31n aurkeztu zuen gobernuak 2024-2028ko aldirako hezkidetza plana. Horretan azaldu duenez, urrats gehiago egin nahi dituzte «indarkeria sexista ororen aurka prebenituko duen eta genero arrakalak erauziko dituen eskola eredu bat» bermatzeko bidean.

Plan horren bidez ikastetxeetan lan egiten duten irakasle eta langile guztiei «hezkidetza konpetentzia profesionala» eskuratzea bermatzea da ideia. Halaber, helburuen artean dago «ikasleek berdintasunean bizitzeko gaitasuna eskuratzea». Gainera, zentro guztiek hezkidetza plan propioa ondu beharko dute: ikastetxeetan hezkidetza sustatzeko taldeak sortuko dira, eta sare bat ere eratuko dute, eskola guztiak koordinatuta egon daitezen. Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko eta itunpekoetan ezarriko da dekretua, funts publikoak jasotzen badituzte.

Finantzaziorik gabe

Sententziak sententzia, argi dago Nafarroan hezkidetza planerantz egin nahi dutela bidea, ikasleak berdintasunean hezterantz. Horren erakusle da ikasleak sexuen arabera banatzen dituzten ikastetxeen inguruko jarrera. 2021. urtean, Irabia-Izaga eta Redin-Miravalles ikastetxe pribatuen Lehen Hezkuntzako ituna eteteko prozesua abiatu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, bi zentro horietan neskek eta mutilek ikasgela bereizietan ikasten zutela frogatu ostean. 2022an, Batxilergoko ituna eten zuten, motibo bertsuengatik. Orain, Hezkuntza Departamentuak bi ikastetxe horiei jakinarazi die DBHko ituna ere bertan behera utziko duela irailaren 15etik aurrera.

Skolae programa orain dela zazpi urte abiatu bazuten ere, badira oraindik aplikatzen ez duten ikastetxeak, bai itunpekoak eta bai publikoak. Horrek ondorioak izan ditzake haien jardueran, finantzaketa galdu ahal baitute. Skolae aplikatzen ez duten ikastetxe horiek diote ez dela «nahitaezkoa», klaustroko kideak helduegi direla edo ez dagoela behar bertze langile finkorik programa egoki moldatzeko. Plantillari lotutako bi azalpen horiek leku gutxi dute itunpekoetan, gehienek plantilla finkoa dutelako.

Hala, programak oinarri sendorik izan ezean, genero aniztasuna lantzeko ikasgaien aplikazioa ez da ziurtatuko. Ordea, ongi finkatuko balitz, diskriminazio praktikak alde batera utzi beharko dituzte ikastetxeek. Hala ere, itunpekoek pribatu bihurtzeko aukera izanen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.