Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa gaitzesi du ELAk

Botere ekonomikoen pribilegioei eusten diela eta euskararen arloan atzerapausoa dakarrela adierazi du sindikatuak.

ELAren ikasturte hasierako agerraldia, atzo Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 8a
16:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernua osatzeko akordio programatikoak «botere ekonomikoen pribilegioei eusten» diela eta euskararen alorrean «atzerapausoa» dakarrela salatu du ELA sindikatuak. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatu zuten akordioa joan den uztailean eta, jada, osatu dute gobernua. ELAk uste du akordio berriak, orokorrean, «jarraipena» ematen diela orain arteko politikei; eta euskarari dagokionez egindako aldaketa «atzerapausoa» dela.

Akordioaren edukia «zehaztasunik gabea» dela adierazi dute. Bertan jasotzen diren konpromisoetako batzuk «azterlanak, planak edo analisiak egitera» mugatzen dira. Horregatik, ELAren arabera, ez dute «inolako hobekuntzarik» eragingo. Horregatik, sindikatuak dio parte hartu duten alderdi politikoen lehentasuna kontseilaritzen banaketa izan dela eta akordioaren beraren edukia «bigarren mailan» geratu dela.

Euskarari dagokionez, 2019ko akordioak hamaika puntu jasotzen zituela jakinarazi dute; aurtengoak, aldiz, zortzi. Gainera, «desagertu» den puntuetako bat Euskararen II.Plan Estrategikoa egiteko konpromisoa izan da. Eta hori «ulertezina» da ELAren ustez. Gainera, akordioak 1986ko Euskararen Legea babesten duela ere gaitzetsi du sindikatuak, horrek «zonifikazioarekin ez dela amaituko suposatzen» baitu.

Ingurumen arloko konpromisoak «zehaztasunik gabeak» direla aipatu dute eta gehitu dute «ez dela koherentea» klima aldaketaren aurkako ekintzez hitz egiten duten bitartean, «AHTa edo Erdizko meategia bezalako proiektuen aldeko apustua egitea». Genero ikuspegitik ere konpromiso zehatzik ez duela biltzen adierazi dute: «ez du zalantzan jartzen egungo zaintza sistema» eta «ez du jasotzen Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena».

Akordioak dio zenbait alorretan, besteak beste, etxebizitzan edo hezkuntzan aurrekontua handitu behar dela. ELAren arabera, konpromiso horiek «ez dira sinesgarriak». Aurreko akordioan ere antzeko konpromisoak ageri zirela azaldu dute, eta sindikatuaren hitzetan, «ez dira bete». Gizarte politiketara diru gehiago bideratu behar dela dio sindikatuak, baina uste dute adierazpen horiek «propagandatik gehiago dutela konpromiso erreal batetik baino». Bestalde, akordioak autogobernua gauzatzeari «uko» egiten diola aipatu dute.

«Interes ekonomikoak lehenetsita»

Autogobernuari erreferentzia egiten dion puntu «bakanetako» bat fiskalitatearen atala dela adierazi dute; «enpresen pribilegio fiskalak zabaltzeko helburuarekin». Izan ere, ELArentzat, akordioaren abiapuntua da «botere ekonomikoen eta patronalen interesak zalantzan ez jartzea». Horrez gain, inflazioak eta interes tasen garestitzeak gizarteari eragindako «pobretze orokorrari» aurre egiteko premiak «alde batera utzi» dituztela dio sindikatuak.

Gainera, kritikatu dute Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sustatzen jarraituko duela gobernuak: «Porrot egin duen eredu bat sustatzen jarraitzea da». Errealitatean, langileen lan baldintzak ez direla horrelako mahaietan konpontzen uste du ELAk. Gainera, gaitzetsi dute akordioan ez dela aipamenik egiten «Nafarroako Lan Auzitegiaren birfundazioari buruz, ezta zor publikoaren auditoretzaren edota banku publiko baten sorreraren inguruan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.