Nafarroako Gobernuak 132 irakasle postu betetzeko lan eskaintza publiko partzial bat onartu du. Horietatik 80 gaztelaniazko hezkuntzarako izango dira, eta beste 52 lanpostuak, euskarazko hezkuntzako irakasleentzako. Eskaintza horren bitartez, «berehalako beharrei» aurre egin nahi diotela jakinarazi du Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.
Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zuen 132 irakaslerentzako lan eskaintza publikoa ez da iazko azaroan sindikatuei agindu ziena. Orduan, 400 lanpostu izango zirela jakinarazi zien, eta hasiera bateko kopuru hori murrizteko proposamenak gogor kritikatu dituzte sindikatuek, «inoiz baino beharrezkoagoak» direla argudiatuta. Ordea, 268 lanpostuak «aurrerago» ateratzea erabaki du Gobernuak, datarik zehaztu gabe. Gainera, hasiera batean agindutako lanpostuen herena baino ez ditu egonkortuko.
2011ko aurrekontuak lan eskaintza publikoetan atera daitezkeen lanpostuak baldintzatzen dituela argudiatu du Alberto Catalanek, azarotik gertatu den lanpostu murrizketa arrazoitzeko. «Espainiako 2011ko Aurrekontu Legean lan eskaintza publikoetan atera daitezkeen postuen ehunekora mugatzen dira».
Egoera ekonomikoak eragindakoa ez ezik, lan eskaintza publikoko postuak murriztea «dei efektua» saihesteko neurria dela jakinarazi du Catalanek. Hau da, irakasleentzako lan eskaintza publikorik ez duten erkidegoetako irakasleak ez erakartzeko neurritzat jo du 268 lanpostu ez eskaintzea. «Berehalako beharra ez duten lanpostuak aurrerago aterako ditugu», iragarri du Catalanek.
Ingelesa indartu
Nafarroako Gobernuaren ustez, ingelesezko eskoletan dago hutsunerik garrantzitsuena, eta horretan espezializatutako irakasleentzako 100 lanpostu eskainiko ditu. Horietatik 80 gaztelania irakats hizkuntza duten ikastetxeetakoak izango dira, eta beste hogeiak, euskarazkoak.
Beste 32 postuek euskarazko hezkuntzan dauden hutsuneak beteko dituzte. Hogei lanpostu euskarazko eskolak emateko izango dira, sei Entzutean eta Lengoaian espezializatutako irakasleentzat izango dira, eta beste sei, Pedagogia Terapeutikoan espezializatutakoentzat. 132 lanpostuetatik hamabost %33ko elbarritasuna baino gehiago duten pertsonentzat izango dira.
Nafarroako Gobernuak onartu duen lan eskaintza publikoa hezkuntzako behin-behineko lanpostuak finkoak bihurtzeko politikaren barnean dagoela gogorarazi du Nafarroako Hezkuntza kontseilariak.
Gobernuak lan eskaintza publikoa onartu ostean, Hezkuntza Departamentuari dagokio aukeraketa prozesua arautzea eta izena emateko epea jakinaraztea.
Nafarroako Gobernuak 132 irakasle postu eskaini ditu
Sindikatuei agindutako beste 268 lanpostuak aurrerago aterako dituela iragarri du, «dei efekturik» ez izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu