Genero indarkeriaren aurkako lege berria lanzeko, Nafarroako Gobernuak parte hartzerako lau maila banatuko ditu: aurrenekoan, Gizarte Politikarako Departamentuko idazkaritza teknikoak, jarraipen batzordeko kideek eta batzordean sortutako lan taldeek parte hartuko dute.
Bigarrenean, gizarte eragileak, emakume elkarteak, berdintasun langileak, unibertsitateak, gizarte langileak eta emakumearen arloan lan egiten duten profesionalak izango dira. Hirugarrenean, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoak; eta laugarrenean, herritarren parte hartzea egongo litzateke.
"Maila bakoitzak parte hartzea izango du testu berria lantzeko fase guztietan. Gure asmoa da lehenbailehen adostutako testu bat parlamentuan aurkeztea", esan du gaur goizean Iñigo Allik, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako kontseilariak.
Bigarren fasean, 2014ko otsailean eta matxoan, lan jardunaldi batzuk egingo dituzte, aipatutako lau mailetako eragile eta pertsonek parte har dezaten. Legea apirilean onartzea da UPNko gobernuaren nahia.
Alderdi gehienek ontzat jo dute Alliren proposamena, eta parte hartzea irekia izatea nabarmendu dute. Kritika gogorrenak Ezkerrako parlamentari Txema Mauleonek egin ditu: "Aurreko legetik ez da erdia ere bete. Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak laguntzeko zentroak egingo zirela jasotzen zuen legeak, eta erdiak baino gehiago falta dira. Formazioak behera egin du. Eta emakumeen elkarteei emandako diru laguntzek behera egin dute".
Lege berria egiteko aurrekoa eraginkorra den ikusi behar dela iruditzen zaio Ezkerrako ordezkariari. "Gobernuak baliabide gutxiago dituenez, lege apalago bat egingo du". Allik erantzun dio Nafarroan dauden azpiegiturak nahikoak direla eta sailean ez dela murrizketarik egin.