Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak jakinarazi du 4,3 milioi euro jarriko dituela sare pribatuko ikastetxeetako irakasleei, eta administrazio eta zerbitzuetako langileei soldata igotzeko. Hain zuzen, 139 milioi euro baliatuko dituzte itunpeko ikastetxe pribatuen sarean, iaz baino sei milioi gehiago, zehazki. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eman du azken berria, Nafarroako Gobernuak baimena eman ostean. Horrek sailari bide emango dio, besteak beste, irakaskuntza pribatuko enpresetako patronalarekin—zeinak erabat edo partzialki funts publikoarekin eutsiak diren—, sindikatuen ordezkariekin eta Nafarroako ikastolekin lotutako akordioaren edukia finantzatzeko eta jarraipena egiteko. Jada indarrean dago akordioa, eta hala egongo da 2022ko abuztuaren 31ra arte.
Gimenok adierazi duenez, akordioa itunpeko irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeek eta USO eta CCOO sindikatuek sinatu dute, eta hala nola langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak jaso dituzte. Esate baterako, eskatu dute 57 urte betetzen dituzten irakasleei eskola lanaldia, astero, bi orduz murrizteko, erretiroa hartu arte. Are, amatasun baimena amaitu ostean, bularra emateko 21 egun gehiago izateko eskaria ere egin dute, eta egun horietako ordezkapenen ordainketa ikastetxeei Hezkuntza Sailak egiteko. Horrez gain, akordioan jasota dago irakasleen prestakuntza irakaskuntza publikoko irakasleen baldintza berberetan egitea.
Sindikatuen protesta
Nafarroako Gobernuak USO eta CCOO sindikatuekin adostu du akordioa, baina sindikatu guztiek ez dute bat egiten hor jasotako neurriekin. ELA, LAB, UGT eta SEPNA sindikatuek elkarretaratze isila egin dute gaur goizean, akordioa ez ezik, negoziazioetatik «kanporatu» dituztela ere salatzeko, Itunpeko murrizketen aurka lelopean. Jakinarazi dutenez, akordio bat lortu duten beste bi sindikatuek, hain zuzen, «3.500 langileri murrizketak eginda» lortu dute hura onartzea. Haien arabera, adostutako dokumentuak, soilik, itunpeko hezkuntza sektorearen %1en babesa du.