Nafarroako Gobernuak aintzat hartuko ditu Europak emaniko hizkuntza irizpideak

Ollok dio Estrasburgok laukoaren hizkuntz politika «bermatu» duela. Jaurlaritzak ere ontzat jo du txostena, eta neurririk hartu ez izana leporatu dio Espainiari

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, eta Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendaria, atzoko agerraldian. ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Estrasburgok ezarritako bidea urratzen segitu nahi dute. Europako Kontseiluak Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituen egoerari buruzko txostena argitaratu eta berehala, ebazpenari buruzko «balorazio positiboa» egin dute bai Nafarroako Gobernuak, bai Eusko Jaurlaritzak.

Baikor azaldu ziren, esaterako,Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Euskarabidea institutuko zuzendari Mikel Arregi, atzo eginiko agerraldian. Europak Uxue Barkosen gobernuaren hizkuntza politikari «bermea» eman diola azpimarratu zuten: «Nafarroako Gobernuak duela lau urte abiatutako neurriak babestu ditu Europako Kontseiluak». Hori dela eta, kontseilariak iragarri zuen «bide beretik» segitzeko asmoa duela gobernu berriak ere, «legealdi honetarako sinatu den akordio programatikoak jasotzen duenez».

Ollok azaldu zuen Nafarroak, lehen aldiz, «eredu negatibo» izateari utzi diola Europako erkidego elebidunen artean: «Urteetan, Nafarroak kontrako txostenak jaso izan ditu, eta, orain, estreinakoz, Europak bermatu egin du azken urteetan hartutako norabidea, gizartea zatikatu beste helbururik ez duten diskurtso interesatuen gainetik».

Hain zuzen, «kezkatuta» azaldu zen kontseilaria, «Nafarroako zenbait instituziok, oraindik orain, euskararen kontrako politika murriztailetan trabatuta segitzen dutelako». Zuzenean aipatu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak urrian kamustutako Euskararen Foru Dekretua: «Badirudi auzitegia Europatik datozen irizpideen kontra ari dela kasu honetan».

Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak ere adierazi zuen Europako aditu taldearen ebazpenak «babesa» eman diola bere lanari, «nahiz eta hobetzeko bidea ere markatu digun». Europako Kontseiluak bi jarraibide zehatz eman dizkio Nafarroari: bat, euskara susta dezala «ofiziala ez den eremuetan ere»; eta bi, hizkuntzaren erabilera indartu dezala gizartearen eta ekonomiaren esparruetan; besteak beste, ospitale guneetan eta gizarte zerbitzuetan.

Lan deialdi publikoen kontura, aditu taldearen txostenean jasota dago Nafarroako administrazio publikoan «oso postu gutxitan dagoela euskara eskakizuna ezarria», eta lan deialdi askotan «atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik» puntuatzen direla.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek esan dute aintzat hartuko dituztela gomendio horiek. «Balorazio positiboa egiteak ez du esan nahi autokonplazentzian jausi behar dugunik. Bide luzea dugu egiteko, txostenak berak nabarmentzen duen bezala, eta horretan ahaleginduko gara», esan zuen Ollok. Besteak beste, kontseilariak iragarri zuen Euskararen II. Plan Estrategikoa abian jarriko dutela 2020an.

Bestalde, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren azken epaiek edukiz hustutako dekretua konpontzeko lanean ari direla berretsi zuen Ollok: «Lantalde bat sortu dugu, eta aurki adostu nahi dugu zirriborro bat. Guk nahi baino mantsoago ari gara, prozesua konplexua delako, baina lanean ari gara, euskara meritu gisa aintzat hartuko dela bermatze aldera».

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek ere euskara administrazioan arautzeko neurri berriei buruz hitz egin zuen atzo parlamentuan, EH Bilduren galdera bati erantzunez. Haren esanetan, gobernuaren asmoa da foru dekretu berri bat onartzea, «ahalik eta kontsentsu handiena bilatuz». Urtarrilerako aurkeztu nahi dute proposamena.

Dobaranen kritika Madrili

Europako Kontseiluak esanaren gaineko iritzi «positiboa» eman du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Miren Dobaranek ere. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak «bere osotasunean» betetzen direla uste du, eta, are, «eremu ahulenetan aurrera» egin dutela azpimarratu du: «Iparraldeko erakundeekin eta Nafarroako Gobernuarekin dugun elkarlana txalotzen eta azpimarratzen du txostenak». Europako Kontseiluak eginiko bi gomendioei dagokienez —Ertzaintzari eta Osakidetzari buruzkoak—, garrantzia kendu die Dobaranek, bi alor horietan «urratsak» egin dituztela argudiatuta: «Ertzaintzan euskarari emandako bultzada aitortzen dute adituek, nahiz eta ahalegin handiagoa egitea gomendatzen duten, eta Osakidetzak euskararen erabileran hobera egin duela ere jasotzen du txostenak».

Kritika bakarra Espainiako Gobernuari egin dio: «Txostenak zalantzan jarri du estatuko administrazioak euskararekiko duen inplikazioa». Zehazki, Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzeko eta Espainiako administrazioan euskara sustatzeko beharra gogorarazi dio Madrili: «Behin eta berriz errepikatzen diren gomendioak dira, baina Espainiako Gobernuak ez du egoera aldatzeko neurririk hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.