Erabakia Pedro Pegenaute Hizkuntz Politikarako zuzendariak berak hartua da, eta Julen Calvo Programazio, Ikerketa eta Hizkuntza Garapanerako zerbitzuburuak sinatuta dago. Jakinarazpena erdara hutsez bidali dute.Irratiak beti jaso ditu komunikabideetan euskara sustatzeko diru laguntza horiek, deialdia 1991. urtean sortu zutenetik. Salbuespen bakarra 2002. urtea izan zen. Pedro Pegenaute zuzendari nagusi izendatu berria zela, irratia deialditik kanpo utzi zuen Zuzendaritza Nagusiak, hain zuzen ere oraingo arrazoi berberengatik. Iruñeko Komunikabideak SA enpresak Euskalerria Irratiaren kudeatzailea beti argudiatu du, ordea, lizentzia tramitean dagoela oraindik, helegitea jarria diolako azken banaketari. Egunotan espero dute epaia.Banaketa hura zela-eta, Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzordea osatu zuen 1999an, eta batzordeak Jose Ignacio Palacios gaitzetsi egin zuen. UPNko gobernuak, nolanahi ere, ez zuen inolako neurririk hartu, eta kontseilariak bere tokian jarraitu zuen
Inoiz baino beranduago, gero eta murritzago
Esan behar da aurten inoiz baino beranduago erabaki dela deialdia. Eskatzaile gehienek atzo jaso zuten jakinarazpena, abenduaren 14ko datarekin, eta atzo bertan zuten azken eguna gastuen justifikazio agiriak aurkezteko. Hori, hainbat legelariren arabera, nahikoa litzateke deialdia bera bertan behera uzteko.
Deialdiak etengabeko murrizketa izan du azken urteotan. 1991n sortu zirenetik ia 2001. urtera arte, euskarazko komunikabideetan egiten zen lanarentzat euskarri izan ziren diru laguntzak. Prentsarako, irratietarako eta, sortu zirenean, telebistetarako.Baina Pedro Pegenauterekin batera, aldaketa esanguratsuak gertatu ziren. Gaztelaniazko komunikabideentzat diru laguntzak asko handitu ziren Diario de Navarrak, astean behin argitaratzen ohi duen Nafar hizkuntza orriarengatik, 17.780 euro jasoko ditu aurten, eta bazterketak hasi ziren. Lehena, Egunkaria-k argitaratzen zuen Nafarkaria gehigarria. Hurrengo urtean, Euskalerria Irratia.
- MIKEL BUJANDA EUSKALERRIA IRRATIKO ZUZENDARIA
«Mina eta kalte egin digute, benetako bidegabekeria delako»
«Mina, eta kalte». Hala laburbildu zuen Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak atzoko gogoa, Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiak erabakitakoaren aurrean: «Benetako bidegabekeria iruditzen zaigu, nabarmena gainera, guri ebatzitako lizentzia dela-eta kendu digutelako diru laguntza», azaldu zuen. «Laguntza horiek jasotzeko eskubidea ukatzen digu Zuzendaritza Nagusiak, eta horrek kalte egiten digu noski, eta oztopo eta trabak jartzen dizkigu hobekuntzak egin ahal izateko. Behaztopa da. Baina ez gara kikilduko». Bitartean, lanerako gogoa berretsi du Bujandak: «Ahalegin handiagoa eskatu beharko diegu gure bazkide eta lagunei, ukatu digutena estali ahal izateko». Zuzendariak irratiaren sostengua den elkarteko bazkide egiteko deia egin du.